7/2011 FORU AGINDUA, uztailaren 15ekoa, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako ehiza barrutien titularrentzako diru-laguntzen oinarriak eta deialdia onesten dituena, 2011-2013 aldirako, nekazaritzari egiten zaizkion kalteei aurrea hartzeko eta ehiza espezieen habitata hobetzeko.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen esparruan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, laguntza publikoen politikaren bitartez, ehizaren sustapenean laguntza ematen du. Horretarako, Nafarroako ehiza barrutietako arduradunek nekazaritzari egiten zaizkion kalteei aurrea hartzeko eta ehiza espezieen habitata hobetzeko sustatzen dituzten jardueretarako diru-laguntzak ematen ditu.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak, jarduera horrek tradizioz Nafarroan duen izaera sozial nabaria kontuan hartuta, 52. artikuluan ("Ehiza sustatzeko neurriak") beste hainbat kontzepturen artean laguntza ekonomikoak ezartzea aurreikusten du, ehiza-espezieek eragiten dituzten kalteen kontrolerako neurriak hartzeko.

Nafarroako Gobernuaren 2011ko maiatzaren 23ko Erabakiaren bitartez diru-laguntza hauek banakako ebaluazioaren araubidearen pean ematea baimendu da, 2011-2013 aldian nekazaritzari egiten zaizkion kalteei aurrea hartzeko eta ehiza espezieen habitata hobetzeko beharrezko inbertsioak egiteko, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen esparruan.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 124/2007 Foru Dekretuaren 2.2 artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

  1. Nafarroako ehiza barrutietako titularrei diru-laguntzak emateko deialdia onestea, 2011-2013 aldian ehiza espezieek nekazaritzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko.

  2. Deialdiaren oinarri arauemaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

  3. Foru agindu honen ondoriozko gastuen konpromisoak betetzeko 375.000 euroko gastua baimentzea, honela banatuta:

    -125.000 euro, 2011ko Gastuen Aurrekontuko "PFEZaren %0,7ko fondoa. Elkarte eta partikularrentzako laguntzak, biodibertsitatea zaintzeko" izeneko 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren kargura.

    -125.000 euro, Nafarroako 2012. urteko Aurrekontu Orokorretako 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren baliokidea denaren kargura.

    -125.000 euro, Nafarroako 2013. urteko Aurrekontu Orokorretako 740002 74200 7800 456300 kontu-sailaren baliokidea denaren kargura.

  4. 2012ko eta 2013ko ekitaldiei dagokienez, laguntzak emanen dira baldin eta urte horietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan behar adinako kreditu egokia badago.

  5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

  6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

    Iruñean, 2011ko uztailaren 15ean.-Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

    Eranskina

    Nafarroako ehiza barrutietako titularrei diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arauemaileak, 2011-2013 aldian ehiza espezieek nekazaritzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko

    Lehena.-Xedea eta helburua.

  7. -Oinarri hauen xedea da Nafarroako ehiza barrutien arduradunentzako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, 2011-2013 aldian ehiza espezieek nekazaritzari egiten dizkioten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko Nafarroako ehiza barrutiek egiten dituzten jarduketen ondoriozko gastuen zati bat ordaintzeko, urteroko kanpainatan banatuta.

  8. -Laguntza horiekin ehiza espezieek laborantzan eragiten dituzten kalteei aurrea hartzeko eta haien habitata hobetzeko neurriak prestatzen dira, ehizarako faunak laboreetan izan ohi dituzten eragin kaltegarriak murrizteko eta, bidenabar, haien babesa eta kontserbazioa bermatzeko.

    Bigarrena.-Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.

    Diruz lagunduko dira honako jarduketa hauen ondorioz sortzen diren gastuak:

    A modalitatea: kalteen prebentzioa.

    Ehiza espezieek laborantzan eragiten duten kaltea galarazi edo gutxitzeko inbertsioak dira. Diruz lagunduko dira honako hauek, zehazki:

    A.1.-Laboreak babesteko hesi fisikoak.

    A.1.1.-Hesi elektrikoak: basurdeen eta ehiza larriko beste espezie batzuen kaltetik libratzeko, ahal dela, labore sailetan ezarriko dira aldi baterako, hazitarako patata alorretan, belarsoro ezarri berrietan eta artasoroetan, batez ere, edo betiko, oihaneko ohiko irtenbideetan. Hesi elektrikoak erabil daitezke, halaber, untxiek edo erbiek kalterik egin ez dezaten balio ekonomiko handiko aldi bateko laboreetan, adibidez brokoli edo beste barazkien alorretan.

    A.1.2.-Sare-hesiak: untxietatik babesteko, metro bat altu izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste frutarbola batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

    A.1.3.-Babes-hodiak eta antzeko beste sistema batzuk.

    A.2.-Usainez eta zaporez uxatzea.

    A.2.1.-Usain edo zapore bidezko produktu uxagarriak, zenbait ehiza espezietarako eraginkor direnak.

    A.3.-Soinuz uxatzea.

    A.3.1.-Basurdeak uxatzeko karburozko edo propanozko kanoiak.

    A.3.2.-Beste ehiza espezie batzuk soinuz uxatzeko sistemak.

    B modalitatea: habitata hobetzea.

    Ehiza espezieen habitata hobetzeko jarduerak eta, hortaz, populazioa ugaltzekoak. Diruz lagunduko dira honako hauek, zehazki:

    B.1.-Ehizarako ereintza.

    Jarduera hauen gastuak izanen dira diru-laguntzaren xede:

    B.1.1.-Lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua.

    B.1.2.-Lurzatiak alokatu edo errentatzeagatiko kostuak.

    B.2.-Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan.

    B.2.1.-Bildu gabeko zereal zerrendak lurzatien ertzean.

    Diruz lagunduko da galduko den produkzioaren kostua, kontserbatutako zerrendak okupatzen duen azalerari dagokiona, deialdiaren bosgarren oinarriko gehieneko diru-laguntzen taula kontuan hartuta.

    B.2.2.-Landu gabeko lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan.

    Diruz lagunduko da galduko den produkzioaren kostua, landu gabeko zerrendak okupatzen duen azalerari dagokiona, haziengatiko eta babes fitosanitarioagatiko gastuak -hala badagokio- kendu ondoren, deialdiaren bosgarren oinarriko gehieneko diru-laguntzen taula kontuan hartuta.

    B.3.-Atzerapena lastoa biltzean.

    Diru-laguntzaren xede izanen da diruz lagundutako lurzatietan uzta biltzean sortzen den lastoa nekazariari erostea, deialdiaren bosgarren oinarriko gehieneko diru-laguntzen taula kontuan hartuta.

    B.4.-Sastrakak garbitzea.

    Diruz lagunduko dira landan gehienez bi hektareako azaleran sastrakak garbitzeko egindako lanak, deialdiaren bosgarren oinarriko gehieneko diru-laguntzen taula kontuan hartuta. Sastrakak eskuz edo makinaz garbitzen ahalko dira.

    B.5.-Idoiak.

    Diruz lagunduko dira idoi txikiak egiteagatik, lehendik dauden idoi txikiak eta iturriak garbitzeagatik eta idoi txikietako landare-estaldura handitzeagatik sortzen diren gastuak.

    B.6.-Askak. Diruz lagunduko dira aska artifizialak eta norberak fabrikatuak eskuratzeagatiko gastuak.

    Hirugarrena.-Diruz lagundu ezin diren jarduketa eta gastuak.

    Ez dira diruz lagunduko honako gastu eta jarduketa hauek:

    1) "Laboreak babesteko hesi fisikoak" izeneko neurrietan instalazioaren eta mantentze-lanen ondoriozkoak.

    2) Lurzati eta esparru jakin baterako sare-hesiak eskuratzeko gastuak, kontzeptu horregatik beragatik azken hiru urteotan diru-laguntza jaso denean, behar bezala egiaztatu behar den arrazoi justifikaturen bat egon ezean.

    3) Substantzia uxagarrien ekarpen eta mantentzerako eskulanarenak.

    4) Lurzatiak ixteagatiko gastuak, ongarri edo herbizidetarakoak, ehizarako ereintzen eskaeren kasuan.

    5) Sastrakak garbitzekoak, aurreko lau urteetan ere laguntza jaso duen azalera baterako, behar bezala egiaztatu behar den arrazoi justifikaturen bat egon ezean.

    6) Idoiak egokiak ez diren lekuetan, sakanak eteten dituzten lekuetan eta basa fauna erraz iristeko moduko malda nahikoa ez duten ezpondetan egiteagatik sortzen diren gastuak.

    7) Askak kokatu eta instalatzearen ondoriozkoak, eta askak betetzeko kostuak.

    8) "Lur-zerrendak nekazaritzako lurzatietan" (B.2 atala) eta "Atzerapena lastoa biltzean" (B.3 atala) izeneko kontzeptuengatiko jarduketa eta gastuak, azalera osoa Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean, iparralde eta hegoaldeko eremuen arteko muga egiten duen marraren iparraldeko eremuan (marra hori Nafarroako Ehizari...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR