16/2008 FORU LEGEA, urriaren 24koa, 2009-2012 Eperako Toki Inbertsioen Planari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, 2009-2012 EPERAKO TOKI INBERTSIOEN PLANARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion foru lege baten esparruan, inbertsio planak ezarriko ditu, toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresna gisa, Nafarroako lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea helburu.

Azken urteotako toki azpiegituren planak aztertuta, ikusi da toki azpiegituren arloan hasieran zeuden gabeziak estaltzen joan direla; horrela, orain, aipatutako xedapenaren helburua handitu egin beharko litzateke, azpiegiturak hobetu eta kalitatea handitze aldera jotzeaz gainera, urteen poderioz lurraldeen artean gertatu diren desberdintasunak poliki-poliki berdintzera jotzeko; izan ere, Nafarroan badira herri batzuk Nafarroako Foru Komunitateko toki administrazioan kalkulatu den egitura-gabezien batez bestekotik gorako gabeziak dituztenak.

Beste alde batetik, gero eta jende gehiago eskatzen ari da Toki Azpiegituren Planaren kargura finantza daitezkeen jarduketa-lerroen artean beste batzuk ere sartzea, Nafarroako toki entitateei aukera emateko tokian tokiko herritarrek eskatzen dituzten bestelako beharretarako, hots, udal eskumenekoak izan arren, udal zerbitzuen legezko sailkapenetik kanpo dauden inbertsioetarako.

Horregatik, 2009-2012 eperako Inbertsio Planaren helburua da nahitaezko udal zerbitzuen estaldura modu orekatuan bermatzea eta haiek hobetu eta kalitatea handitzea, eta horrekin guztiarekin batera, udal eskumenekoak izan arren nahitaezkoak ez diren beste inbertsio batzuk gauzatu ahal izateko toki entitateek egin dituzten eskakizunei kasu egitea, inbertsio horiek tokian tokiko herritarren aurrerapen eta ongizatearentzat lehentasunezkotzat jotzen badira.

Dena dela, bateratze hori lortzeko har litezkeen neurrien ondorioak kontuan harturik, bidezkoa da gero batean lege mailako jarduketa batek zehaztuko duen araubide berezi bat ezartzea, planaren ohiko aurreikuspenek konpontzen ez dituzten oinarrizko zerbitzuen arloko egoera hitzartu jakin batzuei konponbidea emateko.

Gainera, hurrengo planak hurrengo Azpiegitura Planen "Ebaluazio azterketak" egitea aurreikusi beharko du, azpiegituren benetako gabeziak zehazteko adierazleak eguneratzeko, horrela, egoeraren diagnostiko berria eginik, toki azpiegituren arloan Nafarroako toki administrazioarekin lankidetzan aritzeko sistema bat diseinatu eta ezarri ahalko baita, herritarren benetako beharren arabera.

Era berean, kontuan harturik hemendik gutxira Administrazio Elektronikoari buruzko Legeak indarra hartuko duela, eskaerak eta planean aurreikusitako gainerako prozedura-tramiteak horretarako ezarriko diren bide telematiko seguruen bidez egitea onartuko da.

Horrenbestez, 2009-2012 eperako Toki Azpiegituren Planak, aurrekoak bezala, prozedura arloan hobekuntzak egitea, lurraldeen arteko oreka sustatzea eta plana justifikatzen duten legezko helburuak lortzea du helburu, baina trantsizio plan gisa eratzen da, hurrengo plana honako honen emaitzak, planak iraun bitartean eginen diren ebaluazio planen ondorioak eta tokiko maparen balizko berrantolaketa kontuan harturik diseinatuko baita. Hala ere, plan honetan Nafarroako toki administrazioaren azpiegituren eta zerbitzuen arloan Nafarroako Gobernuaren lankidetza ekonomikorako sistema berria osatuko duten adierazleak antzeman beharko dira.

1. artikulua. 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Plana.

1. 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planaren barrenean jarduketa sail bat sartzen da, epe horretan Nafarroako udal eta kontzejuen eskumeneko zerbitzuei lotutako azpiegitura batzuk instalatu, hobetu eta berritzeko asmoz egin gogo direnak, betiere foru lege honetan zehazten diren baldintzak, programazioa, araubide ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa arauak betez.

2. Toki Inbertsioen Plana, lege honetan agertzen diren zehaztapenen arabera, bi zatitan egituratuko da: ohiko plan bat eta ohiz kanpoko plan bat.

3. Toki Inbertsioen Ohiko Planean ondokoetan aurreikusten diren inbertsioak sartuko dira: a) plan zuzendarietakoak, b) toki programaziokoak, c) zeharbideen urbanizaziokoak, d) libreki erabakitakoak.

4. Aurreko inbertsio planen aplikazioen ondorioz sortu diren lurralde desorekak berdindu nahian, ondoko obrak finantzatzeko araubide berezi bat ezarri da: plan zuzendarietan sartuta dauden "Uraren goi-hornidurako obrak", eta toki programazioko "Hornidura eta saneamenduko tokiko sareak", "Kaleko argiak", "Zolatzeak" eta "Udal eraikinak".

Uraren goi-hornidurako obrak finantzatzeko araubide bereziari esker, planean sartuta dauden toki entitate batzuei orokorrean ezartzen den diru-ekarpena baino 100eko 10 gehiago emanen zaie, hots, planean sartuta egonik, foru lege honen I. eranskineko zerrendaren arabera, "azpiegitura horren egoeraren koefiziente adierazlea" Nafarroako batez bestekoa baino handiagoa dutenei. Araubide berezi horretan, zerrendan ez dauden beste toki entitate batzuk ere sar daitezke, onartutako inbertsioa elkarrekin kudeatzeko asmoz eranskinean agertzen den entitate batekin elkartzen baldin badira.

Toki programazioan aipatzen diren inbertsioetako araubide bereziaren bidez ekarpenaren 100eko 80 onartuko zaie, foru lege honen I. eranskineko zerrendaren arabera, "azpiegitura mota bakoitzaren egoeraren koefiziente adierazlea" Nafarroako batez bestekoa baino handiagoa duten toki entitateei, HLKren leheneste-hurrenkeraren arabera eta zuzkidurak agortu arte.

"Azpiegitura mota bakoitzaren egoeraren koefiziente adierazlea" Nafarroako batez bestekoa baino handiagoa duten herriak sartuko dira zerrenda horretan.

Hauek dira azpiegitura mota bakoitzaren gabeziaren adierazleak:

GHA, uraren goi-horniduraren sarea osatzen duten elementuen egoerari eta kokapenari buruzkoa; hau da, harguneak, hodiak, ponpak, biltontziak eta ura tratatzeko instalazioak.

HSA, ura banatzeko eta saneamenduko tokiko sareen egoerari eta hedadurari buruzkoa.

IZOL, herrigune finkatuaren barrenean zoladuraren egoerari eta hedadurari buruzkoa.

HAA, herrigune finkatuaren barrenean herriko argien egoera eta hedadurari buruzkoa.

UDEI, udal eta kontzeju etxeen kontserbazio egoerari eta hedadurari (zuzkidura) buruzkoa.

2. artikulua. Plan zuzendariak.

1. Nafarroako toki entitateen jardunean behar den koordinazioa segurtatzeko, komunitatearen intereseko eta, beraz, tokiz gaindiko intereseko deklaratzen dira entitate horien eginkizun eta jarduera hauek:

  1. Uraren goi-hornidurak, plan zuzendarian sarturik daudenak.

  2. Ibaien saneamendua eta arazketa.

  3. Hiri hondakinak eta hondakin berariazkoak bildu eta tratatzea.

    2. Nafarroako Gobernuak koordinatzen du toki entitateen jarduna gai horietan, dagozkien plan zuzendarien bidez. Plan horiek aginduzkoak izanen dira eta foru lege honetan aipatzen diren baldintzen eta mugen barrenean garatuko dira.

    3. Uraren goi-hornidurarako plan zuzendariak herriguneak hornitzeko ur eskaerei kasu egitea du helburu, industriako eta abeltzaintzako kontsumo bakanduak kontuan hartu gabe. Hortaz, aintzat hartzen ditu erabili beharreko baliabideak eta haien banaketa, ura hartzeko eta erregulatzeko lanak, ur hodiak, ura tratatzeko edo edateko modukoa bihurtzeko instalazioak eta ur biltegiak. Plana garatzeko planek finkatuko dute, hala behar duenean, zein jarduketa eremutan bilduko diren udalak eta zein konponbide tekniko hartu behar den kasu bakoitzean.

    4. Ibaien arazketa eta saneamendurako plan zuzendariak bere baitan hartzen ditu gaur egun ur-ibilguetara isurtzen diren hiri hondakin-uren hustubideak, haiek bildu eta araztegietara eramanen dituztenak, araztegiak berak eta, azkenik, ondoren ur-ibilguetara isurtzeko hodiak. Planak, orobat, egin beharreko obrak zehaztu eta programatzen ditu.

    5. Unean-unean indarra duten Hiri hondakinen Plan zuzendarian eta Hondakinak kudeatzeko Plan Integratuan sartzen dira materia organikoaren eta material inerteen tratamendua egiteko behar diren baliabideak, materia organikoa eta papera/kartoia biltzea, garbiguneak instalatzea, obra-hondakinak entregatzeko tokiak, hondakindegiak ixtea eta behar diren baliabide osagarriak. Bi planek finkatzen dute zein jarduketa eremutan bilduko diren udalerriak eta zein konponbide tekniko hartu behar den kasu bakoitzean.

    3. artikulua. Toki programazioa.

    1. 2009-2012 eperako Toki Inbertsioen Planaren Toki programazioko inbertsioetan sartzen dira, hain zuzen ere, foru lege honetan ezartzen diren hautapen irizpideak aplikaturik, aurreikusten diren finantza-laguntzak hartu eta bertan ezartzen den kudeaketa araubideari lotzen zaizkion obra guztiak.

    2. Toki programazioko inbertsioak dira goi-hornidurari buruzkoak, Plan zuzendarian sartuta ez badaude, ura banatzeko eta saneamendurako hiri sareak, kaleetako argiak, zoladura ematea, udal eraikinak, hilerriak eta herrietako bideak.

    3. Ura banatzeko hiri-sareak dira erregulazio biltegiak etxeetako harguneekin eta hango kontrol eta neurketa aparatuekin lotzen dituztenak; saneamenduko toki-sareak, berriz, etxeko isurkinak beren harguneetatik araztegiaren aurreko hustubideraino eramaten dituzten hodiak, eta hiri lurzoruan eroritako euri urak bideratzen dituztenak, bai eta ukitutako instalazio eta zoladuren konponketa ere, deusetan ukatu gabe foru lege honetako 11.3 artikuluan xedatutakoa.

    4. Herrietako argietan sartzen dira herrigune finkatuaren barrenean dauden bide publikoak argitzeko instalazioak.

    5. Zoladura emateko obretan sartzen da trazadura berriko herri barruko bideak zolatzea, oraingo bideetako zoladura hobetzea, euri urak biltzea, hala behar bada, eta kaltea jasan duten instalazioak lehengoratzea, hori dena herriko lurzoru finkatuaren barrenean.

    6. Udal eraikinen kontzeptuan sartzen dira oinplano berriko eraikinak altxatzeko nahiz lehendik daudenak eraberritzeko obrak, eraikin horiek direnean udal eta kontzejuen administrazio egoitzak kokatzekoak, hala nola mankomunitateen nahiz administrazio zerbitzuetako...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR