60/2014 FORU DEKRETUA, uztailaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu du.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6.bis artikulu berriaren arabera, Gobernuari dagokio, besteak beste, oinarrizko curriculuma diseinatzea, irakaskuntzako helburu, gaitasun, eduki, ebaluazio irizpide eta ikaskuntzako estandar eta emaitza ebaluagarrien aldetik, lege organiko honek aipatzen dituen titulazioek Estatu osoan ofizialtasuna eta balioa izanen dutela ziurtatzeko.

Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren bidez onartu da. Nabarmentzekoa da hezkuntzaren erreforma honetan curriculumak antolaketa berria duela, arloak blokeka banatuta daudelarik: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak. Enborreko arloen blokean bermatzen dira prestakuntza sendoa eskuratzea eta ondoko etapetan ikasketei etekina ateratzen jarraitzea ahalbidetzen duten ezagutzak eta gaitasunak, ikasle guztiendako komunak izan behar duten eta, edozein kasutan, etapa bukaerako probetan ebaluatu beharko diren irakasgaietan.

Arlo espezifikoen blokeak autonomia handiagoa uzten du irakasgaien ordutegiak eta edukiak finkatzerakoan eta, orobat, irakasgaien eskaintza zehazteko. Azkenik, autonomia erkidegoen konfigurazio askeko blokeak autonomia maila handiena du eta bertan, hezkuntza administrazioek eta, bere kasuan, ikastetxeek berek diseinatutako irakasgaiak eskain ditzakete, hala nola, enborreko irakasgaien edo irakasgai espezifikoen zabalkuntzak.

Arlo bakoitzeko oinarrizko curriculuma eduki multzoetan, ebaluazio irizpideetan eta ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarretan antolatu da eta, arlo guztietan, horiek erreferentzia gisa hartuko dira curriculumaren zehaztapenaren plangintzarako eta irakaskuntzaren programaziorako, etapari dagozkion helburuak eta gaitasunak erdiesteko xedearekin.

Zazpi gaitasun zehaztu dira, 2006ko otsailaren 18an Europako Parlamentuak eta Kontseiluak etengabeko prestakuntzarako gaitasun giltzarriei buruz emandako 2006/962/EC Gomendioa aintzat harturik.

Gaitasunak ekintza eraginkor bat lortzeko batera mobilizatzen diren abilezia praktikoen, ezagutzen, motibazioen, balio etikoen, jarreren, emozioen eta beste zenbait osagai sozialen eta portaerarekin loturiko osagaien konbinazioa dira. Beraz, praktikako ezagutza bezala ulertzen dira, alegia, jardun sozialetan parte-hartze aktiboa izanez eskuratutako ezagutza gisa. Jardun sozial horiek, halakoak izanik, gara daitezke hezkuntza formalaren testuinguruan, curriculumaren bitartez, zein hezkuntza ez-formaleko eta informaleko testuinguruan.

Gaitasunak, hartara, askotariko testuinguru akademiko, sozial eta profesionaletan aplikatzen den “egiten jakitea” bezala kontzeptualizatzen dira. Testuinguru desberdinetara transferitu ahal daitezen, ezinbestekoa da gaitasunetan dagoen ezagutza ulertzea, eta ezagutza hori gaitasunak osatzen dituzten abilezia praktikoekin edo trebetasunekin lotzea.

Hezkuntzako araudi berriaren beste berritasun bat da gaitasun jakin batzuen eskuratze mailaren banakako ebaluazioa eginen zaiela ikasleei, bai hirugarren ikasmailan bai etapa bukaeran.

126/2014 Errege Dekretuko 3. artikuluan xedatutakoaren ondorioz eta kontuan hartuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Lege Organikoko 47. artikulua eta abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzea onetsi zuena, Nafarroako Gobernuak curriculum hau garatu du bere eskumenen esparruko lurralderako. Gizartearen eskakizun berriak aintzat hartzen dituen foru dekretu honek gaitasunetan oinarrituriko ikaskuntza indartzen du, gaitasunak curriculumeko elementuetan txertatuz, irakaslanean eta irakaskuntza eta ikaskuntzako prozesuan berrikuntza ekartzeko.

Gaitasunetan oinarrituriko ikaskuntzaren bereizgarriak dira zeharkakotasuna, dinamismoa eta osotasuna. Gaitasunen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua ezagutzaren arlo guztietatik jorratu behar da, eta hezkuntza erkidegoa osatzen duten instantzia desberdinen aldetik, eremu formaletan zein ez-formaletan eta informaletan; dinamismoa agerikoa da gaitasunak ez baitira une jakin batean eskuratzen eta handik aurrera aldagaitzak izaten, aitzitik, berezkoa dute garapen prozesu bat, non norbanakoak haien erabileran maila hobea eskuratzen doazen.

Curriculuma aldatzeko prozesu hau erdiesteko funtsezkoa da irakaslearen rola. Diziplinarteko ikuspegi batetik eta metodologia didaktikoko autonomia handiago batetik abiatuta, gai izan behar du arlo desberdinetan ikasitako ezagutzak aplikatzea ahalbidetuko duten ikaskuntza egoerak edo atazak diseinatzeko.

LOMCEk sarturiko aldaketak aukera bat izan daitezke etapa honen diagnostikoa egiteko, alde indartsuak zein alde ahulak azaleratzeko. Curriculum berria ezartzeko, oinarri gisa, indarrak mantenduko dira eta aurkitutako ahuleziak konpontzeko neurriei ekin beharko zaie. Diagnostiko honetatik abiatuta posible izanen da ikasle guztiendako arrakastara eramanen duten hobekuntza ildoak ezartzea.

Arretaren fokua haur bakoitzarengan jarri behar da, edozein direla ere haurraren gizarte jatorria, ingurua, zailtasunak, etab. Hark arrakasta erdiestea izan beharko da edozein hezkuntza plangintzaren jomuga nagusia, bai Hezkuntza Departamentuarena bai ikastetxeena, irakasleena eta familiena, horien inplikazioa ezinbestekoa delarik prozesu honetan.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuarendako erronka eta helburua izan behar da ikasle guztiek prestakuntza maila egokiekin bukatzea Lehen Hezkuntza, ikaskuntza instrumentalei (hizkuntza, matematika, lan azturak) dagokienez zein kultura orokorrari dagokionez. Halaber, Nafarroako Hezkuntza Administrazioarendako erronka eta helburua da baliabideak eraginkortasunez erabiltzea.

Hori horrela, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluak aurrez irizpena eman duelarik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko uztailaren 16ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

    Foru dekretu honek Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, ikastetxe pribatuetan eta ikastetxe pribatu itunduetan erabiliko da.

  2. artikulua. Printzipio orokorrak eta pedagogikoak.

  3. Lehen Hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da. Sei ikasmaila ditu, normalean sei urtetik hamabi urte bete bitarte egitekoak. Oro har, sei urte betetzen dituzten urte naturalean sartuko dira ikasleak Lehen Hezkuntzako lehen ikasmailara.

  4. Lehen Hezkuntzak izaera orokor eta integratzailea du eta arloka antolatzen da. Arlo horiek hiru bloketan banatzen dira: enborrekoak, espezifikoak eta autonomia erkidegoen konfigurazio askekoak.

  5. Garrantzi berezia emanen zaio ikasleen prestakuntza osorako mesedegarriak diren azturak, jarrerak eta balioak garatzeari.

  6. Hezkuntza ekintza ikasleen esperientziak eta ikasketak bateratzera zuzenduko da Lehen Hezkuntzan eta, lan erritmoei dagokienez, ikasleen banakako ezaugarrietara edota ikasketa estiloetara egokituko da ikasle orok helburuak erdiets ditzan eta bere ahalbideak muturreraino gara ditzan.

  7. Etapa honetan ahalegin berezia eginen da honako hauetan:

    1. Ikasle bakoitzari modu prebentiboan arreta eman eta jarraipena egitea, premiak goiz hautemanez; horretan guztian lagunduko dute etapako ikasmailetako bakoitzerako ezarri diren ebaluatu beharreko ikaskuntzako estandarrek.

    2. Banakako arreta.

    3. Premiak hauteman bezain laster errefortzu nahiz aberaste mekanismoak martxan jartzea.

    4. Familien beharrezko lankidetza eta inplikazioa.

  8. Tutoretzak zuzenduko du ikasleen hezkuntza prozesua, bai bakoitzarena, bai taldearena. Irakasle tutoreak bere tutoretzapeko ikasleen irakasle taldearen hezkuntzako esku-hartzea koordinatuko du eta harreman iraunkorra izanen du familiarekin, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1. artikuluko d) eta g) letretan onartutako eskubideez baliatzea errazteko.

  9. Irakurzaletasuna sustatzeko, egunero denbora tarte bat erabiliko da horretarako.

  10. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan lehentasuna emanen zaio ahozko adierazpenari eta ulermenari eta gaztelania edo, bere kasuan, euskara haien ikaskuntza prozesuan laguntzeko baino ez dira erabiliko.

  11. artikulua. Xedeak.

    Lehen Hezkuntzaren xedea da ikasleek ahozko adierazpena eta ulermena, irakurketa, idazketa eta kalkulua ikastea eta kulturaren oinarrizko ideiak, bizikidetzako aztura, estudiatzeko eta lan egiteko aztura, zentzu artistikoa, sormena eta afektibitatea eskuratzea. Horrela, ikasleen nortasuna garatzen lagunduko duen prestakuntza integrala bermatu eta haiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari etekina ateratzeko moduan prestatuko dira.

  12. artikulua. Etaparen helburuak.

    Honako helburu hauek erdiestea ahalbidetuko dieten gaitasunak haurrengan garatzen lagundu behar du Lehen Hezkuntzak:

    1. Bizikidetzaren balioak eta arauak ezagutu eta preziatzea, haien arabera jokatzen ikasi, herritar gisa jarduteko prestatu eta giza eskubideak eta gizarte demokratiko batek berezko duen aniztasuna errespetatzea.

    2. Taldeko nahiz bakarkako lanerako aztura, ikastean ahalegina egitekoa eta erantzukizunez aritzekoa, eta norberarengan konfiantza, zentzu kritikoa, ekimena, jakin-nahia, interesa eta sormena ikasketa prozesuan, eta ekintzailetza.

    3. Gatazkei aurrea...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR