9/2012 FORU DEKRETUA, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Espainiako Konstituzioak 43.3 artikuluan ezartzen du botere publikoek osasun hezkuntza, gorputz hezkuntza eta kirola sustatuko dituztela, eta aisia modu egokian erabiltzen lagunduko dutela. 148.1.19 artikuluan adierazten denez, autonomia erkidegoek beren gain hartzen ahal dituzte kirola sustatzeko eta aisia modu egokian erabiltzeko eskumenak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateak bakarrik duela kirola sustatzeko eta aisia modu egokian erabiltzeko eskumena. Orobat, 49.1.c) artikuluan dio berak bakarrik duela eskumena administrazio prozeduraren arloko arauetan, baita Nafarroari dagozkion antolaketaren edo zuzenbide substantiboko espezialitateen ondoriozko prozedura ekonomiko-administratiboaren kasuan ere.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, kirola arautu, antotalu, sustatu eta koordinatzeko xedea baitu Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion eskumenen eremuan, goi mailako kirol jarduera bultzatzea (3.b artikulua) du helburu kirol politikaren arloan. Orobat, Nafarroako Gobernuari esleitzen dio Nafarroako goi mailako kirol jarduera arautzeko eskumena (5.d artikulua). Bestetik, foru lege beraren 6.2.k) artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioaren esku uzten du Nafarroako goi mailako kirolariak sailkatzeko eskumena, baita Nafarroako goi mailako kirol jarduera gainbegiratu eta babestekoa ere (6.2.I artikulua).

Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen III. tituluko IV. kapituluan arautzen da goi mailako kirol jarduera. 20. artikuluak goi mailako kirol jarduera zer den zehazten du; 21. artikuluak Nafarroa barreneko goi mailako kirol jarduera arautzen du, eta Nafarroako Gobernuari esleitzen dio kirolariek goi mailako kalifikazioa eskuratzeko bete beharreko baldintzak arautzeko ahalmena, irizpide teknikoak eta kirolekoak, besteak beste, kontuan hartuta; eta, azkenik, 22. artikuluak Nafarroako goi mailako kirol jardueraren sustapena arautzen du.

Adierazitako legezko aurreikuspenak bete gogo dituzte foru dekretu honetako arauek, eta kirolariaren, teknikariaren eta epailearen kualifikazio teknikoa lortzera daude bideratuta, baliagarriak izan ditzaten errendimenduko kirola garatzeko; alde batetik, lehiaketaren maila gorena lor dezaten kirol bizitzan eta, bestetik, lagungarriak izan daitezen beste lanbide edo jarduera batzuetarako kualifikazioa edo gaitasuna eskuratzeko, errendimenduko kirol jarduera uzten dutenean. Horregatik, goi mailako kualifikazioak kirolariez gain, teknikariak eta epaileak hartzen ditu kontuan, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 21.4 artikuluan aurreikusitako moduan.

2

Europako Kirolaren Gutunak definitzen duenez, kirola edozein jarduera fisiko da, parte hartzeko modua antolatua izan edo ez, baldin egoera fisikoa eta psikikoa adierazi edo hobetzen badu, harreman sozialak garatzen baditu edo lehiaketan emaitzak ateratzen badira maila guztietan.

Kirolak Nafarroako Foru Komunitatean izan duen aurrerapenaren ondotik, ezinbestekoa da hartan dihardutenen beharrei erantzutea, gaur egungo kirol jarduerari egokitutako sustatze neurri berariazkoak hartuta, maila guztiak barne direla. Orobat, beharrezkoa da arlo honek Estatuan duen araudia kontuan izatea; batez ere, goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretua eta gainontzeko araudi aplikagarria.

Kirola ikuskizun eta praktika bihurtzen da; praktikak, zehazki, bi agerkari edo parte hartzeko aukera ditu: errendimendua eta aisialdi osasuntsua.

Errendimenduko kirolak, edozein maila eta estamentutan, alderdi sozial saihestezina du; izan ere, komunitate baten sentimendu kolektiboa ordezkatzen du, identitatearen berezko ezaugarriak nabarmentzen ditu eta kolektibitate horren garapenean du eragina. Kirolaren alderdi hori da, bere horretan, Nafarroako Foru Komunitatea kirol arloan ordezkatzeko eginkizunaren oinarria. Gainera, hezkuntzaren eta lehiaren balioen agerkaria da; izan ere, objektiboki eta programa baten barrenean, kirolean aurrera egiteko modua da, hainbat helburu eskuratzeko bidea da, hala nola kirolari, teknikari eta epaileen integrazioa, baita Nafarroako kirol sisteman diharduten beste agente batzuena ere bereizketarik gabe; bestetik, osasunaren zainketa eta kirolaren praktika egokia hartzen dira kontuan.

3

Foru dekretu honek Nafarroako errendimenduko kirola ezarri eta arautzen du; halaber, haren maila eta estamentuen sailkapena eta definizioa, Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izateko bideak, kalifikazio hori lortzeko eskatzen diren baldintzak eta irizpideak eta espezializatu eta hobetzen laguntzeko onurak eta neurriak. Hura garatu eta aplikatzeko, modu eraginkorrean hartuko da kontuan generoko berdintasunaren helburua, egungo legerian ezarritakoari jarraituz.

Errendimenduko kirolak lau maila ditu Nafarroan (goi maila, goi errendimendua, hobekuntza eta oinarrizko errendimendua), eta hiru estamentu aurreikusten dira (kirolari, teknikari eta epaile). Maila horien arabera zehaztuko da lehentasuna, neurriak aplikatzeko eta foru dekretuan aurreikusitako onurak eskuratzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak adingabeekin eta gazteekin izan duen interes bereziaren ondorioa da oinarrizko errendimenduaren kirolak duen maila. Foru dekretu honetako arauen abiapuntua kirolak errendimenduaren lehen etapa honetan duen helburua da, hau da, kirolean hobetzea eta aurrera egitea bilatzea, geroari begira. Hori guztia, parte hartzeari loturiko kirol agerkarietako batekin bat eginez, Nafarroako Kirol Jokoekin alegia.

Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak sostenguko neurriak eta laguntza berariazkoak eman nahi ditu, kirolariek beren karrera sendotzeko adinako heldutasuna irits dezaten, kirol errendimendurako gaitasuna duten gazteak ez daitezen promesa huts izan. Horrela, lehen unetik lortzen da kirolaren bi alderdi, hezkuntzarena eta oinarrizko errendimenduarena, norabide berean jartzea, ez dadin ikasketak-kirola binomioa, eskuarki kirol jardueran hasteko goiz planteatzen dena, aukera horietako bat utzita hautsi.

Foru dekretu honek, halaber, neurri berariazkoak ezartzen ditu teknikariaren eta epailearen estamentuentzat, dedikazioa handitu eta betetzen dituzten eginkizunetako gaitasuna hobe dezaten, lehenbizikoek kirolariak prestatuz eta entrenatuz eta bigarrenek kirol lehiaketetako arbitraje lanak eginez.

Errendimenduko kirolaren mailetan integratzeko irizpideei eta horretarako kirol merezimenduei dagokienez, kontuan hartu behar da kirol jardueraren dinamismo handia; horrek ingurune malgua erabiltzera behartzen du, haien eskakizunak kirol sisteman etengabe gertatzen diren aldaketei egokitzeko, zuzeneko eragina baitute errendimendu maila gorenekotzat jo behar diren egoera eta emaitzak taxutzeko. Horregatik, ahalmena ematen zaio Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari, unean uneko egoera ikusita, Nafarroako goi mailako kirolaria izateko kirol merezimenduak eta alderdi teknikoak alda ditzan (lehen xedapen gehigarrian finkatzen dira); orobat, Nafarroako errendimenduko kirolariaren iraunaldia eta horiek eskura ditzaketen laguntzak zehatz ditzan.

Azkenik, Nafarroako Errendimenduko Kirolaren Planaren onespena aurreikusten du foru dekretuak. Hura Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak eta Nafarroako errendimenduko kirolari zuzenean lotutako gainontzeko entitate publikoek zein pribatuek bultzatzen dituzten programa, neurri eta ekintzez osatzen da.

Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari aipatu foru legea garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Horiek horrela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko otsailaren 22an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. KAPITULUA

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea.

      Foru dekretu honen xedeak dira Nafarroako errendimenduko kirola arautzea, haren mailak eta estamentuak eta haietara heltzeko bideak definitu eta sailkatzea, hartarako eskatzen diren kirol irizpide teknikoak eta baldintzak finkatzea eta prestakuntza eta hobekuntzarako hobari eta gainerako neurriak onestea, kirol lorpen handienak eskura daitezen.

    2. artikulua. Nafarroako errendimenduko kirolaren definizioa.

    3. Nazioko zein nazioarteko lehiaketa ofizialetan ahalik eta emaitza hoberenak lortzera bideratutako kirol praktika jotzen da Nafarroako errendimenduko kiroltzat, interesgarria baita Nafarroako Foru Komunitatearentzat oinarrizko kirola sustatzen duelako eta haren ordezkaritza lana egiten duelako.

    4. Foru dekretu honetan aurreikusitako bideetatik sartuko dira kirolariak, teknikariak eta epaileak Nafarroako errendimenduko kirolean, eta hartan adierazitako baldintzak bete beharko dira.

  2. KAPITULUA

    Mailak eta estamentuak

    1. artikulua. Nafarroako errendimenduko kirolaren mailak eta estamentuak.

      Nafarroako errendimenduko kirolak lau maila ditu, eta horietako bakoitzak lau estamentu.

    2. Goi maila, hau da, errendimenduko kirolaren adierazpide gorena. Maila honetako pertsonak hiru estamentutan sailkatzen dira:

      1. Goi mailako kirolariak: foru dekretu honetan kirol irizpide teknikoetan ezarritako irizpideak aplikatuz izaera hori aitortzen zaienak, edo Estatuan aitortu zaienak.

      2. Goi mailako kiroleko teknikariak: goi mailako kirolariekin zuzendaritza tekniko iraunkorra egiten dutenak.

      3. Goi mailako kiroleko epaileak: gaituta daude nazioarteko kirol lehiaketa ofizialetan aritzeko eta haietako arau teknikoak aplikatzeko eginkizun nagusiak betetzen dituzte.

    3. Goi errendimendua, hau da, goi mailako kirolaren azpiko hurrengo maila. Maila honetako pertsonak hiru estamentutan sailkatzen dira:

      1. Goi errendimenduko kirolariak: kirolean aritzeko berezko ezaugarriak izanik, goi mailako kirolean aritzeko adinako emaitzak ateratzen ez dituztenak dira. Kirolari horiek bi...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR