6/2009 FORU LEGEA, ekainaren 5ekoa, Hirigintza eta etxebizitzaren arloan urgentziazko neurriak hartzekoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, HIRIGINTZA ETA ETXEBIZITZAREN ARLOAN URGENTZIAZKO NEURRIAK HARTZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

1

Azken urteotan, etxebizitzaren sektoreko jarduerak oso aldekoa izan du ingurunea, zehazki, Foru Komunitatearen kasuan ezaugarri hauekin: ekonomiaren jarduera bizia izan da, oro har, BPGren 100eko 3tik gorako igoerekin, eta langabeziaren datuak jaisten joan dira pixkanaka, ia enplegu osora iritsi arte. Bereziki aldekoa izan du eraikuntzaren sektorearen bilakaera, urteko hazkundeak 100eko 4tik goiti ibili baitira, eta langileen kontratazio maila oso altua. Egoera horren eragileetako batzuk dira interes tasa txikiak eta etxebizitza erosteko eskaera asko handitu izana -bai premiaren ondorioz bai inbertsioari begira-, eta horrekin batera bankuen sektoreak krediturako erraztasunak eman izana.

Egungo testuingurua arras desberdina da. Nafarroan ere, Espainiako gainerako erkidegoetan eta erregio eta herrialde garatuagoetan bezalaxe, eragin handia izan du finantza eta ekonomia krisiak. Espainiaren kasuan, higiezinen sektorean gertatutako "geldialdiak" larriagotu egin du egoera.

Krisi ekonomikoak familien kontsumoa eta ekoizpen jarduera nabarmen apaltzea ekarri du eta, azken hilabeteotan lan merkatura ere zabaldu denez, langabeen kopuruak ere gora egin du.

Nafarroa ez da egoera honetatik kanpo gelditu eta, Populazio Aktiboaren Inkestak emandako datuen arabera, 2008an langabeen kopuruari beste 12.100 pertsona gehitu zitzaizkion, eta 25.100eraino iritsi ziren. Nafarroako langabezia tasa, 100eko 8,12koa, Espainiako erregioetakoen artean txikiena izan zen 2008an, eta batez besteko nazionala, berriz, 100eko 13,91koa.

Nafarroako Gobernuak, egoeraz jabetuta, zenbait neurri abiarazi ditu, krisi ekonomikoaren egoerari berehalako erantzuna emateko xedearekin.

Esparru zabaleko lehen neurria "Nafarroa 2012" Plana izan da, Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean onetsia, 2008ko apirilaren 14an Nafarroako Alderdi Sozialistarekin akordioa izenpetu ondoren. Plan horretan aurreikusirik dago 2008tik 2011ra bitarteko urteetan 4.508,9 milioi euroko inbertsioa egitea ekipamendu eta azpiegitura publikoetan. Nafarroa 2012 plana 2008ko maiatzaren 23an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

Era berean, Nafarroako ekonomia suspertzeko 2009-2011 urteetarako neurriei buruzko azaroaren 6ko 18/2008 Foru Legea onestearekin lege izaerako arauzko lege pausoa eman zen Nafarroak pairatzen duen egoera ekonomiko kaltegarri honi aurre egiteko bidean.

Nafarroako ekonomia suspertzeko neurri garrantzitsu hauek hirigintza eta etxebizitza arloetako bestelako neurriekin osatu behar dira. Foru lege proiektu honetan jasotzen diren neurrien helburua da, batetik, herritarren eta enpresen beharrei erantzutea eta, bestetik, baliagarria izatea krisi ekonomikoak eraikuntzaren sektoreko enpleguan sortutako kalteak arindu eta, ahal dela, zuzentzeko.

2

Foru lege honek lau titulu ditu: Lehenbizikoak hirigintzaren arloko neurriak arautzen ditu; bigarrena, etxebizitzaren arlokoak; hirugarren tituluan zerga arloko zenbait neurri biltzen dira; laugarrenak, azkenik, "Nafarroako Etxebizitzak, S.A." sozietate publikoaren jarduna datorren hirurtekoan zuzenduko duten irizpideak finkatzen ditu. Legearen osagarri, lau xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta bi azken xedapen.

3

Hirigintza arloko neurrien xede nagusia da lurralde eta hirigintza antolamendurako tresnak onesteko tramitazio administratiboa arintzea, beharrezkoa baita eraikitzeko lurzoru egokia lehenbailehen jartzeko eragile ekonomikoen eskura, eta halaber abian diren hirigintza garapenak unean-unean sustatzea. Horretarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen zenbait artikulu aldatzen dira, helburu hauek betetzeko asmoarekin:

-Planak erredaktatu eta tramitatzeko prozesuan zuzendaritza eginkizuna sendotzea, prozesu hori agenda bati jarraikiz eta lan metodo zalu eta partaidetzazkoaren arabera gauzatu dadin.

-Hirigintza antolamendurako tresnetan udalen autonomia eta erantzukizuna indartzea.

-Planeamenduko tresnen katalogoa erraztea eta prozedura hobeki definitzea.

Hirigintza arloko neurriei buruzko tituluan, aipagarria da beste modu batez erredaktatu dela 35/2002 Foru Legearen 53. artikulua, planeamendurako tresnetan aurreikusi beharreko ekipamendu eta zerbitzuetarako tokiei buruzko zehaztapenei buruzkoa; halatan, espazio mota horretarako nahitaez erreserbatu beharrekoa doitu eta murriztu egin da, gainerako autonomia erkidegoekin alderatuz gero gehiegizkoak direlako. Horrela, hiri lurzoruen eta urbanizagarrien erabilera areagotzea lortzen da, hiri espazioek ematen duten bizi kalitatea eta lurzoruaren kontsumo arrazoizkoagoa bateratuz, kontuan hartuta lurzoru hori baliabide urria dela. Hortaz, aldaketak hiru xede ditu:

-Alde batetik, lagapenak egokitzea Eraikuntzaren Kode Teknikoa eraikin berriei aplikatzeak dakartzan inguruabar berrietara, eraikitako azalera berarekin azalera erabilgarria txikiagotzea eragiten baitu, eta beraz irabazizko eraikigarritasun erabilgarri osoa proportzioan murriztea, azalera eraikiaren eta azalera erabilgarriaren arteko erlazioa handiagoa bihurtzen baita.

-Bestetik, lurzoruaren sektore desberdinen hirigintza diseinua malguagoa izatea lortu nahi da, ekipamendu publikoetarako lurzatien erabilerak udalen behar errealetara egokitu ahal izateko, betiere berdeguneetarako eta espazio libre publikoetarako gutxieneko azalera bermatuz, beste autonomia erkidego batzuetan planteatzen denaren modukoa.

-Amaitzeko, gainerako autonomia erkidegoetako lagapenak aztertu eta 35/2002 Foru Legean ezarritakoekin alderatuta, ondorioa da exijentzia askoz handiagoa dela Nafarroan, eta horrek betebehar handiagoak dakartzala sustatzaileentzat eta, beraz, urbanizazio eta lagapen karga handiagoak ere, etxebizitzen amaierako prezioaren kaltetan. Eta alderdi hori, esan bezala, okerragotu egin da Eraikuntzaren Kode Teknikoa ezarri ondoren.

Nolanahi ere, Foru Komunitatea da, oraindik ere, autonomia erkidegoen artean bere hirigintza garapenetan espazio publiko eta ekipamenduetarako espazio gehien gordetzen duena.

Hirigintza prozesuak azkartzeko neurrien esparruan, 35/2002 Foru Legearen egungo 65. artikuluari laugarren idatz-zatia gehitu zaio. Arautze berriaren asmoa da Jarraipen Batzordearen izaera eta eginkizuna hobeki zehaztea, lidergoa eta autoantolaketarako gaitasuna emanez, arautze berriaren ondorio nagusia hainbat alderdi batzorde horrek berak ebaztea izanen dela ulertuta; batzordean toki entitateen eta foru administrazioaren ordezkariek parte hartzen dute, eta beraz udalen plan orokorren prestaketa lanak dinamikoagoak izanen dira.

35/2002 Foru Legearen 70. artikuluari emandako testu berriaren xedea da lurraldea okupatzeko estrategiaren eta ereduaren eta aldez aurreko itunaren izaera argitu eta tramitatzea hobetzea, udal plan orokorraren testuinguruan, zeinaren parte baita, eta horrela egungo testuak dituen zehazgabetasunak zuzentzea, maiz atzerapenak eta zalantzak sortzen dituztelako planen tramitazioko prozesu tekniko eta administratiboan. Halaber, foru lege honetan nagusi den azkartze printzipioarekin bat, artikulua aldatuz udal plan orokorren tramitaziorako epeak ere laburtzen dira.

Hirigintza tresnen tramitazio eta onespen prozedura azkartzeko helburu hori bera da 35/2002 Foru Legearen 71., 74., 75. eta 79. artikuluek aurrerantzean izanen duten testu berria zuzendu dutenak: epeak laburtu, Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea erraztu, toki entitateei eskumen gehiago ematea.

Bestetik, gaur egun, udal plana erredaktatzen den unetik bertan sartutako lurzoru sektoreak garatu arteko denbora-tartea luzea denez, hirigintza jarduketaren onurak eta kargak banatzeko udal plan horretan aurreikusten diren koefizienteak zahartuta gelditzen dira, hasieran haiek zehazteko oinarritzat hartutako inguruabarrak, higiezinen merkatukoak, aldatzearen ondorioz, eta horrexegatik distortsioak gertatzen dira garatze bidean den sektorearen edo unitatearen jabeen artean banaketa egitean.

150. artikuluaren a) letra berriaren bitartez, aukera ezartzen da banaketa horiek birzatiketa proiektua erredaktatzeko unean higiezinen merkatuak duen egoera errealaren arabera egiteko, udal planean finkatutako homogeneizazio koefizienteen aldaketa ahalbidetzeko. Horrela, koefizienteak arrazoiz egokitzeko bide ematen da, inolako aukerarik utzi gabe guztira birzatitu beharrekoaren aprobetxamendua handitu edo murrizteko, ez eta betetzen den planeamenduak ezarritako eraikigarritasuna ere.

Horrez gain, bi xedapen gehigarri gehitu zaizkio 35/2002 Foru Legeari.

Haietako lehenbizikoan, toki entitateei baimena ematen zaie planeamenduak toki ekipamenduetarako gordetako azaleraren zati bat erabiltzeko, bertan alokairuaren araubideko etxebizitza babestua eraikitzeko, ahal dela, azalera eskubidearen lagapenaz baliatuz, betiere ziurtatzen bada azalera horrek toki entitatearen ondarekoa izaten jarraituko duela.

Bestalde, 35/2002 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarri berrian ezartzen denez, etxebizitzetarako udalez gaindiko plan sektorial baten barruko jarduketak toki kontroletatik salbuesteko aukera egonen da, Nafarroako Gobernuak interes orokorreko izaera deklaratu ondoren.

Azkenik, hirigintza arloko neurrien multzoari dagokionez, foru lege honek beste neurri bat ezartzen du xedapen iragankor gisa, dagoeneko urbanizatuta dauden sektoreetan, Administrazioari lagapenak behin eginda daudela eta lurzoruaren jabeek bere gain hartu beharreko kargen banaketa juridikoki aldatzerik ez dagoenean, aukera izan dadin sektorearen eraikigarritasuna merkatuaren beharretara egokitzeko, 35/2002 Foru Legearen 53. artikulu berriak ezartzen dituen estandarrak aplikatu beharrik gabe eta kudeaketarako onetsitako tresnak eta kargen banaketa aldatu beharrik gabe horren ondorioz.

Halere, neurri hori behin-behinekoa da, eta eraikigarritasunaren gehikuntzak, gehienez ere, sektorerako edo unitaterako hasiera batean...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR