190/2013 FORU AGINDUA, ekainaren 7koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, produktu fitosanitarioen erabilera erregistratzeko eta produktu fitosanitarioekin egindako eragiketak erregistratzeko ereduak ezartzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 28an emandako 178/2002 (EE) Erregelamenduak Elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak finkatzen dituenak, ezartzen du beharrezkoa dela elikagaien eta pentsuen trazabilitatea bermatzea produkzioaren, eraldaketaren eta banaketaren etapa guztietan.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 29an emandako 852/2004 (EE) Erregelamenduak, elikagaien higieneari buruzkoak, 4.1 artikuluan, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2005eko urtarrilaren 12an emandako 183/2005 (EE) Erregelamenduak, pentsuen higienearen arloko betebeharrak zehazten dituenak, 5.1 artikuluan, ezartzen dute beharrezkoa dela lehen mailako produkzioan produktu fitosanitarioen eta bioziden erabileraren ondoriozko arriskuak kontrolatzea, Espainiako eta Europar Batasuneko xedapenen arabera. Gainera, xedapen horietan ezarrita dago beharrezkoa dela produktu fitosanitarioen eta bioziden erabileren erregistroa eramatea.

Arauzko esparru horretan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak otsailaren 9ko APA/326/2007 Agindua onetsi zuen, nekazaritza eta oihan ustiategien titularrek produktu fitosanitarioen erabilerari buruzko informazioaren erregistroaren arloan dituzten eginbeharrak ezartzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren apirilaren 17ko 106/2007 Foru Aginduaren bidez, fitxa-eredu bat ezarri zuen nekazaritza ustiategien titularrek produktu fitosanitarioen erabilerari buruzko idazpenak jasotzeko eta elikagai eta pentsu gisa janak izateko uztak merkaturatzearen gainekoak jasotzeko.

Bestalde, Pestizidak fabrikatu, merkaturatu eta erabiltzeko Araudi Tekniko-Sanitarioak, azaroaren 30eko 3349/1983 Errege Dekretuaren bidez onetsi eta otsailaren 8ko 162/1991 Errege Dekretuaren bidez aldatu zenak, ezarri zuen beharrezkoa zela toxikotzat edo oso toxikotzat jotzen diren pestizidekin egiten diren merkataritza-eragiketa guztiak mugimenduen liburu ofizial batean erregistratzea. Mugimenduen liburu ofizial horren edukia 1993ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez arautu zen.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009 urriaren 21eko 1107/2009 (EE) Erregelamenduak, produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoak, indarrik gabe utzi zituen Kontseiluaren 79/117/EEE Zuzentaraua, 91/414/EEE Zuzentaraua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Zuzentaraua, pestiziden erabilera iraunkorra lortzeko Europar Batasunaren jarduketa-esparrua ezarri zuena. Batasunaren legedi berri horren ondorioz, nabarmen aldatu da produktu fitosanitarioen merkaturatzeari eta erabiltzeari buruz indarra zuen araudia, pestiziden erabilera iraunkorrerako estrategiaren postulatuak jaso baitira, Batasunaren Ingurumenaren arloko VI. Ekintza Programan ezarritakoari jarraikiz.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1107/2009 (EE) Erregelamenduaren 67. artikuluak ezartzen du fabrikatu, inportatu, esportatu, biltegiratu edo merkaturatzen diren produktu fitosanitarioen erregistroak bost urtez mantendu behar direla gutxienez, eta erabiltzaile profesionalek erabiltzen dituzten produktu fitosanitarioenak gutxienez hiru urtez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 2009/128/EE Zuzentaraua irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren bidez txertatu da barne-antolamendu juridikoan. Produktu fitosanitarioen erabilera jasangarria lortzeko jarduera-esparrua ezartzen duen errege dekretu horretan, produktu fitosanitarioen erabileren erregistroak eta produktu fitosanitarioekin egindako eragiketen erregistroak mantentzeari buruzko xedapenak ezarri ziren, arauak betetzera beharturik dauden pertsonak zehaztu ziren eta egindako idazpenen egiaztagiriak gorde beharra finkatu zen. Irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretu horrek, gainera, indarrik gabe utzi zuen otsailaren 24ko Agindua, pestizida arriskutsuen mugimenduen liburu ofizialaren araudia ezarri zuena.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, aipatutako araudiak ezarritako esparruaren barruan, bidezkoa da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak arau bat ematea produktu fitosanitarioen erabileren erregistroen ereduak ezartzeko, hala nekazaritzarako nola nekazaritzaz kanpoko beste eremu profesional batzuetarako, eta orobat, Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioekin egindako eragiketen erregistroen ereduak ezartzeko; horrela, egun dauden erregistro ereduak ordeztuko dira.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

  1. Produktu fitosanitarioen erabilerak erregistratzeko eta produktu fitosanitarioekin egindako eragiketak erregistratzeko ereduetarako arauak ezartzea, eranskin honetan jasotzen direnak, eta foru agindu honen parte direnak.

  2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

    Iruñean, 2013ko ekainaren 7an.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

    ERANSKINAREN KODEA IZENA
    I. eranskina Produktu fitosanitarioen erabilerak erregistratzeko eta produktu fitosanitarioekin egindako eragiketak erregistratzeko ereduak ezartzeko arauak
    II. eranskina Nekazaritza arloko tratamendu fitosanitarioen Erregistroa
    III. eranskina Nekazaritzaz kanpoko beste eremu batzuetako tratamendu fitosanitarioen
    ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR