25/2011 FORU DEKRETUA, martxoaren 28koa, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Foru dekretu honen xede nagusia da Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua garatzea. Titulu horrek etxebizitza babestuak eskuratzeko baldintza orokorrak arautzen ditu, esleitzeko prozeduraren ildo estrategikoak azaldu, eta etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua abian jarri ahal izateko behar diren oinarriak ezartzen ditu.

Baldintzak bete eta Foru Komunitatean etxebizitza babestua eskuratu nahi duten pertsona guztiek izena eman beharko dute erregistro bakar batean, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan, hain zuzen ere. Zentsua sortuta hiru helburu lortu nahi dira: etxebizitza babestuak esleitzeko prozedurak arintzea, gardentasuna eta erraztasuna sustatuz, baina, baremoaren aplikazioa dela medio, zuzentasunari eutsiz; etxebizitza babestuen eskaria eta eskaintza ahalik ongien egokitzea elkarri (kopuruz, tipologiaz, kokalekuz, tamainaz...), eta administrazio publikoei ahalik eta informazio gehien ematea lurzoru eta etxebizitza arloko politiken plangintzan.

Legegileak, tresna berri hau ezartzea zaila izanen zela eta etxebizitza babestuak esleitzeko prozeduretan eragina izanen duela jakitun, erregelamenduak egiteko gaikuntza sartu zuen maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen xedapen gehigarrietan.

Hori horrela, beharrezkoa da erregelamenduzko garapena, zeinean jasoko baitira kontuan hartu beharreko hainbat alderdi, bai etxebizitza babestuak esleitzeko prozedurarenak, bai eskatzaileen zentsuaren funtzionamenduari berari dagozkionak.

Foru dekretu hau hiru kapitulutan banatuta dago. Berrogeita hamar artikulu, hamaika xedapen gehigarri, bederatzi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azkeneko lau xedapen ditu.

2

  1. kapituluan arautzen dira, xedapen orokor gisara, foru dekretuaren helburua, zentsuan inskribatuta dauden pertsonen artean etxebizitzak esleitzerakoan kontuan hartu behar diren datak, eta familia unitatearen eta errenta ponderatuaren kontzeptuak.

    Azpimarratzekoa da betekizunak betetzen direla frogatzeko bi data desberdin ezarri direla, batetik etxebizitza eskuratzeko baldintza orokorrak betetzen direla frogatzeko data, eta bestetik etxebizitzen eskatzaileek baremoko puntuak jasotzeko alegatzen dituzten inguruabarrak frogatzekoa. Bi data horiek ezartzeko funtsezko arrazoia eskatzaileen zentsuaren funtzionamenduan bertan datza. Izena ematerakoan eskatzaileek ez dute beste dokumenturik aurkeztu beharko hauek baizik: inskripziorako eskabidea, eta baldintzak betetzen dituztela eta egiazko datuak eman dituztela dioen erantzukizuneko aitorpena. Frogatu, etxebizitza babestua esleitzen den unean frogatu beharko da etxebizitza babestua eskuratzeko betekizun eta baldintzak betetzen direla. Hala, erreferentziazko bi data horiek ezarrita, iruzurra eragotzi nahi da.

    3

    Etxebizitza babestua eskuratzeko betekizun orokorrekin zerikusia duten gaiak garatzen dira II. kapituluan, eta etxebizitza babestua erosi edo errentan hartu ahal izateko baremoetan puntuak biltzeko balioko duten alderdiak ere bai.

    Etxebizitza babestua eskuratzeko betekizun orokorrei dagokienez, haien zerrendaren edukia eta sistematika berritu egin dira, etxebizitza babestuen esleipenean esku hartzen duten eragile guztiek errazago aplikatu eta uler ditzaten betekizunok.

    Aldaketa sakonagoa egin da etxebizitza babestua eskuratzeko laguntzen atalean. Izan ere, halako laguntzak jasotzerik izanen ez duten kasuak arautu dira. Bide horretatik, lehenbiziko aldiz kontuan hartzen dira, beste gauza batzuen artean, eskatzaileek duten ondarea eta aurretik etxebizitzak eskualdatuz lortu dituzten diru-sarrerak.

    Azkenik, legezko erreserbak garatzen dira, baita etxebizitza babestua erosi ahal izateko eta errentan hartu ahal izateko baremoak ere. Araudi berri honetan erantzuna eman nahi zaie baremo horiek aplikatzerakoan sor daitezkeen zalantzei, bereziki bi pertsonak edo gehiagok sinatzen dutenean etxebizitza eskuratzeko eskaera.

    4

    Foru dekretuaren III. kapituluak, modu guztiz berritzailean, etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuaren funtzionamendua eta etxebizitza babestuak esleitzeko prozedura arautzen ditu.

    Aldez aurretik zentsuan inskribaturik dauden pertsonen artean esleituko dira etxebizitza babestuak, eta kontuan hartuko da eskatzaile bakoitzak zer nahiago duen. Bukatuko da, beraz, etxebizitza babestuak esleitzeko gaur egun ezagutzen dugun sistema, eta haren lekua hartuko duen sistema publikoa egokiagoa izanen da etxebizitza babestuen plangintza eta esleipena behar bezala kontrolatzeko, baliabide publiko handiak bideratzen baitira ondasun horien eraikuntzara.

    Halaber, etxebizitza babestuak esleitzeko prozeduraren gardentasuna, arintasuna eta eraginkortasuna areagotu nahi dira, eta eskatzaileei informazioa eman nahi zaie hiru hilean behingo prozeduretan esleituko diren sustapenei buruz eta, oro har, etxebizitza babestuen esleipenarekin zerikusia duten gai guztiei buruz.

    Etxebizitza babestuen esleipenean harreman juridiko triangeluarra sortzen da hiru alderdiren artean (herritarra, Administrazioa eta sustatzailea) eta araudi berri hau, azken batean, hiru alderdien onerako izanen da.

    Batetik, zentsua ezarritakoan herritarrek ez dute gehiago ibili beharko dokumentazioa besapean sustatzaileen bulego batetik bestera etxebizitza babestuen esleipenerako deialdi publikoetan parte hartu ahal izateko. Bestetik, etxebizitza arloko informazioa daukan webguneari eta zentsuko inskripzio telematikoa egiteko tresna informatikoari esker, etxebizitzen eskatzaileek noiznahi izanen dute eskura informazio eguneratua Interneten, bai eta zentsuarekin zerikusia duten tramiteak etxean erraz eta eroso egiteko behar dituzten bitartekoak ere. Gainera, bereziki aipatu behar da lehenbiziko aldiz herritarrei aitortu eta erabat bermatzen zaiela etxebizitzaren ezaugarri nagusiak aukeratzeko askatasuna. Zentsuan izena ematean hainbat lehentasun adierazi ahalko dituzte, eta hiru hilean behin aukera izanen dute esleitu beharreko sustapenetako bat aukeratzeko edo are beren inskripzioa eteteko. Hala, eskatzaileak adierazitako lehentasunak erabakigarriak izanen dira etxebizitza esleitzeko orduan. Ondorioz, etxebizitza-esleipen guztiak bat etorriko dira zehatz-mehatz esleipen-hartzaileak aurretik egindako hautuekin. Horrek, zalantzarik gabe, esleitutako etxebizitzari uko egiten diotenen kopuruaren beherakada ekarriko du. Hori bai, bidezko arrazoirik gabe etxebizitzari uko egiten diotenentzat tratamendu zorrotza aurreikusten du sistema honek, zentzuzkoa denez.

    Bestalde, Administrazioari ere onura ugari ekarriko dio zentsuaren ezarpenak: etxebizitza arloko politiken diseinua hobetu ahal izanen du, hartzaileengandik zuzenean informaziorik osoena jasoko baitu; etxebizitza babestuak esleitu eta kontrolatzeko tresna eraginkorra izanen du, eta Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza babestuen eskariaren eta premiaren inguruko datu base zentralizatua baliatu ahal izanen du. Nafarroako Komunitatean, lehenbiziko aldiz, etxebizitza babestuen eskatzaileen eta eskatzen dutenaren berri zehatza eta eguneratua noiznahi eman dezakeen tresna bat egonen da eskura. Hala, herritarrek zer etxebizitza mota eskatzen duten, beren bizitza-proiektua zein erabilera-araubidetan finkatzeko prest dauden edo etxebizitza eskaria zein herritan dagoen jakinda, ahalegin nagusiak bideratu ahalko dira gizartearen eskaria egiaztatuta dagoen esparruetara. Horrenbestez etxebizitzaren arloko politika publikoen eraginkortasuna eta eragimena areagotuko dira eta etxebizitza babestuen sustapenean diharduten profesionalen enpresa-estrategiak norabide eraginkorragoa hartuko du.

    Era berean, etxebizitza babestuen sustatzaileei ere eskatzaileen zentsua ezarritakoan nabarmen murriztuko zaizkie kudeaketa kostuak, orain arte sustatutako etxebizitza babestuak esleitzeko deialdi publikoetan izan dituzten kostuen aldean. Izan ere, sistema berriarekin batere kosturik gabe eskuratuko dute etxebizitzen esleipen-hartzaileen zerrenda. Sustatzaileek, bestalde, jakin ahal izanen dute non eskatzen ari diren etxebizitza babestuak, eta zein motatakoak behar diren. Horrela arrisku gutxiago hartuko dute sustapen bati ekiteko orduan. Halaber, eskatzaileek nahi duten sustapen zehatza eskatu ahal izanen dutenez, sustatzaileak gogorrago arituko dira lehian nork bere etxebizitzak saltzeko eta ondorioz higiezinen merkatuak hobeki funtzionatuko du. Hori ere herritarren mesederako izanen da.

    Hori guztia gauzatzeko euskarri eta lagungarritzat hartu dira teknologia berriak. Bitartekoen ekonomia erraztuko dute eta datuak modu automatizatuan landu ahalko dira, hertsiki loturik gure Antolamenduaren oinarrizko printzipio juridikoei, segurtasun juridikoa eta herritarrek Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituzten eskubideak bermatzen dituzten horiei. Horretarako, bereziki hartu dira kontuan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean xedatutakoa eta foru lege horrek ematen dituen aukerak: Iragarki Elektronikoen Ohola bezalako baliabideak eskura izatea, edo zentsuarekin zerikusia duten kontu guztien tramitazio telematikorako oinarrizko araubide juridikoaren ezarpena.

    5

    Xedapen gehigarrietan aipagarria da lehen aldiz erreferentzia zehatz baten bidez definitzen dela Iruñerriko udalez gaindiko esparrua Lurraldearen Antolamenduari eta Etxebizitzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 52. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako. Nafarroako Lurralde Estrategia erabiltzen da horretarako. Hala ere, lurraldea antolatzeko planek bestelako esparrua ezarri ahalko dutela aurreikusten da.

    Bestalde, 10/2010 Foru Legean arautu gabe gelditu ziren alderdiak (etxebizitza babestuak uzteko administrazio baimena eta etxebizitza babestuen trukaketa) erregelamenduz garatzeko legezko agindua jasotzen da.

    Aipatu behar da, azkenik, Administrazioaren jarduna arintzeko neurriak jaso direla. Alde batetik estaldura ematen zaio etorkizuneko foru agindu bati, zeinean ezarriko baitira etxebizitza babestuak salerosteko, eskuratzeko...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR