86/2018 FORU DEKRETUA, urriaren 24koa, Nafarroako Foru Komunitateko igerilekuek bete beharreko higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak ezartzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, 13 a) artikuluan, osasun publikoarekin zerikusia duten hainbat jarduketa esleitzen dizkie Foru Komunitateko osasun administrazioei; haien artean, uraren jolas erabileraren kontrola, pertsonen osasunean izaten ahal duen eraginagatik.

Foru lege hori garatze aldera, maiatzaren 19ko 123/2003 Foru Dekretuaren bidez, erabilera kolektiboko igerilekuen baldintza tekniko-sanitarioak ezarri ziren.

Alabaina, kontuan hartuta denbora dezente igaro dela hura onetsi zenetik, esperientzia zabala jaso dugula legearen aplikaziotik, eta aldaketa ugari egin direla denbora tarte honetan igerileku instalazioetan eta araudi teknikoetan, segurtasunekoetan eta administratiboetan, egungo egoeretara hobeki egokituko den arau berri bat onestea komeni da, igerilekuetan segurtasun baldintzak hobetzeko, igerilekuak irekitzeko izapideak errazteko eta igerilekuetako erregelamenduak arau eskakizun berrietara egokitzeko.

Foru dekretu honen aplikazio eremuan sartzen diren igerilekuen irisgarritasunari dagokionez, bermatzeko herritar guztiek aukera berdinak izanen dituztela horietan gauzatzen diren bainu, aisialdi, bizikidetza eta kirol jardueren erabileran eta sarbidean, erabat aplikagarria da guztien irisgarritasunaren eta pertsona guztientzako diseinuaren alorretan Estatuan eta Foru Komunitatean indarrean dagoen araudia, arau horiek foru dekretu honen artikuluetan jaso ez badira ere.

Honako arau hauetan daude jasota eskakizun berri horiek: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauan, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoan; eta, beste batetik, azaroaren 23ko 17/2009 Legean, zerbitzu jardueretarako sarbide libreari eta haietan aritzeari buruzkoan (aurreko zuzentarauaren transposizioa gauzatu zuena Espainiako ordenamendu juridikora). Izan ere, printzipio orokor hau ezartzen dute: ez da baimen araubiderik finkatuko zerbitzu jardueretan sartzeko eta haietan aritzeko, interes orokorreko arrazoi premiatsu bat ez badago behintzat. Baimena, halakorik izatekotan, nahi den helburuarekiko proportzionala izanen da, eta ezin izanen du baldintza baztertzailerik ezarri.

Ildo horretatik, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, erantzukizunpeko adierazpenak aurreikusten ditu 69. artikuluan; horien bidez, interesdunak bere ardurapean adierazten du betetzen dituela indarreko araudiak jarduera jakin bat gauzatzeko ezartzen dituen eskakizunak, eta badituela hori egiaztatzen duten agiriak, eta, gainera, jarduera horrek irauten dueino betebeharrak betetzeko konpromisoa adierazten du.

Beste alde batetik, irailaren 27ko 742/2013 Errege Dekretuak, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituenak, arlo horretako oinarrizko arau berri bat jasotzen du; estatu mailako igerilekuen araudietako oinarrizko eta gutxieneko osasun irizpideak eguneratzen eta deskribatzen ditu, igerileku horien erabilerak pertsonen osasunean eragin handia izaten ahal duela kontuan hartuta. Hori guztia, Osasun Publikoari buruzko 33/2011 Lege Orokorrak Administrazio Publikoei ezarritako herritarren osasuna babesteko betebeharra betetze aldera.

Errege dekretuaren zehaztapenen artetik, foru araudia egokitzea eskatzen dute honako hauek, besteak beste: igerilekuen eta ontzien definizioak eta sailkapenak, zerikusia duten eragileen ardurak, titularrak eta administrazio eskumendunak, teknikarien prestakuntza eta kualifikazio eskakizunak, laborategiek eta analisi metodoek bete beharreko baldintzak, kalitate kontrola eta uraren eta airearen kalitate irizpideak, ez betetzeen eta gorabeheren definizioa eta horiek dakartzaten jarduketak, eta informazioa jendaurrean jartzeko eta agintari eskumendunek elkarri informazioa emateko betebeharrak, gertakarien jakinarazpena barne.

Beste alde batetik, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua, Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duena, erabilera kolektiboko igerilekuen segurtasunaren eta irisgarritasunaren eremuetan aplikatu beharreko araua da. Ontzi eta instalazio mota jakin batzuetan, aplikagarria da, baita ere, uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretua, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua onesten duena, zuzenean aplikatzekoa baita, igerileku estalietan eta aldageletan exijitzen diren airearen baldintza sanitarioei dagokienez. Igerilekuetan jartzen ahal diren elementuak, uretako atrakzioak esaterako, segurutzat jotzeari dagokionez, aintzat hartu behar da abenduaren 26ko 1801/2003 Errege Dekretua, Produktuen Segurtasun Orokorrari buruzkoa.

Hori horrela, araua eguneratzeak Nafarroako igerilekuen kalitatea eta segurtasuna areagotzen lagunduko du, eta haiek erabiltzen dituzten pertsonen osasunaren babesa eta segurtasuna hobetuko.

Adierazitakoarekin bat, Osasun kontseilariak eskaturik, eta Nafarroako Kontseiluaren adostasunarekin eta Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. KAPITULUA

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea.

      Foru dekretu honen xedea da bere aplikazio eremuan dauden igerilekuetarako higiene eta osasun baldintzak eta segurtasun baldintzak arautzea, hauek guztiak barne: igerilekuetako instalazioak eta atxikitako zerbitzuak, osasun kalitateko baldintzak, uraren eta airearen tratamendua eta kontrola, informazio sistema eta komunikazio araubidea, zaintza eta ikuskapen sanitarioak eta zehapen araubidea.

    2. artikulua. Definizioak.

    3. Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

      1. Igerilekua: nagusiki bainurako, jolaserako, erabilera terapeutikorako eta kirol entrenamendurako erabiltzen diren instalazioen multzoak osatutako barrutia, bainua hartzeko gune bat edo batzuk eskaintzen dituena, eta ontzi artifizial bat edo batzuk eta atsedenerako edo egoteko gune bat dituena, hauek guztiak barne: uretako atrakzioak, guztiak behar bezala funtzionatzeko behar diren ekipamendu eta instalazio atxikiak eta pertsona erabiltzaileen eskura jartzen diren zerbitzu osagarriak.

      2. Erabilera publikoko igerilekuak: edonori edo erabiltzaile talde zehatz bati irekita dauden igerilekuak, jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak ez direnak, sarrera prezio bat ordaindu ala ez. Honelakoak izaten ahal dira:

        –1. mota: jarduera nagusia urarekin lotutakoa duten igerilekuak, hala nola igerileku publikoak, aisialdikoak, ur parkeak edo spa guneak.

        –2. mota: xede nagusiaren zerbitzu osagarri gisa jarduten duten igerilekuak, hala nola hoteletako, ostatu turistikoetako edo kanpinetako igerilekuak edo osasun zentroetako igerileku terapeutikoak, besteak beste.

      3. Erabilera pribatuko igerilekuak: jabearen edo okupatzailearen senideek edo gonbidatuek bakarrik erabiltzekoak diren igerilekuak, familia erabilerarako etxeen alokairuarekin lotutakoak barne. Honelakoak izaten ahal dira:

        –3A mota: jabekideen elkargoetako, landetxeetako edo nekazaritza turismoko establezimenduetako, ikastetxe nagusietako edo antzekoetako igerilekuak.

        –3B mota: familia bakarreko igerilekuak.

      4. Igerileku naturalizatua: artifizialki eraikitako ur gorputza, bainurako erabiltzen dena, eta uraren tratamendua biologikoa eta/edo fisikoa bakarrik duena.

      5. Ontzia: a) idatz zatian aurreikusitako erabileretarako bideratzen den ura biltzen duen eraikuntza egitura. Erabilera nagusiaren arabera, honelakoak izaten ahal dira:

        –Plisti-plasta ibiltzekoak: 6 urtetik beherakoei zuzendutako ontzia. Gehienezko sakonera 0,35 metrokoa izanen da.

        –Irakastekoa: igeri egiten ikasteko erabiltzen den ontzia, gehienezko sakonera 1,40 metrokoa izanen duena.

        –Jolaserakoa: aisialdirako erabiltzen den ontzia. Ez du izan behar 0,50 metro baino gutxiagoko sakonera duen gunerik, ontzira sartzeko arrapaletan edo obra eskaileretan izan ezik.

        –Ludikoa: plisti-plasta ibiltzekoa ez den ontzia, beste erabilera batzuk ere izan arren, uretako atrakzioak dituena. Ontzi horietan argi eta garbi adierazi beharko dira erabilera desberdinetarako bideratuta dauden guneen arteko mugak.

        –Igeriketarakoa: kirol hori gauzatzeko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.

        –Erabilera anitzekoa: erabilera bat baino gehiago dituen ontzia, horietako bat ere ez denean nagusia.

        –Jauzi putzua: jauziak egiteko erabiltzen den ontzia. Horretarako behar diren ezaugarriak izanen ditu.

        –Hidromasajerakoa: ur girotuko ontzia, urari etengabe eragiten eta haren birzirkulazioa gauzatzen duena abiadura handiko zurrusten edo aire injekzioaren bidez.

        –Kontrasterakoa: balneoterapia zirkuituen parte izaten den ur hotzeko edo beroko ontzia.

        –Terapeutikoa: mediku edo birgaitze erabileretara bideratutako ontzia. Aerosol ekoizpena izaten ahal du, edo ez.

        –Termala eta/edo mineromedizinala: agintaritza eskumendunak ontzi bateko elikadura ura mineromedizinal edo termal jo duenean, eta kimikoki tratatuta ez dagoenean. Estazio termal batean egon behar du, eta tratamendu mediko-termaletarako bakarrik erabilia izan. Uraren birzirkulazioa izaten ahal du, edo ez.

        Ontzi bat girotutzat jotzen da, estalita edo estali gabe egonda ere, bertako urari berotze prozesua egiten zaionean, tenperatura erregulatzeko.

        Ontzi bat estalitzat jotzen da, itxitura iraunkorra badu; ez estalitzat, horrelakorik ez badu; eta mistotzat, iraunkorra ez den itxitura bat badu.

      6. Uretako atrakzioa: Ontzi batekin lotuta egon ala ez, ura ukituz jolastea xede duen instalazio finko edo mugikor oro.

      7. Nasa edo hondartza gunea: ontzia inguratzen duen azalera, bainulariek bakarrik erabiltzen ahal dutena.

      8. Bainurako gunea: ontziak eta haren nasak edo hondartzak osatzen duten gunea.

      9. Ontziaren edukiera: ontzi batean aldi berean egon daitezkeen bainularien gehienezko kopurua.

      10. Titularra: Igerilekuaren jabea den pertsona fisikoa edo juridikoa (publikoa edo pribatua) edo jabekideen elkargoa, foru dekretu hau betearazteko ardura duena. Igerilekua jabea ez den beste pertsona fisiko edo juridiko batek ustiatzen badu, ustiapenaren arduraduna joko da titulartzat foru dekretu honen ondorioetarako.

    4. ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR