8/2017 FORU LEGEA, ekainaren 18koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, LGTBI+ PERTSONEN BERDINTASUN SOZIALARI BURUZKOA.

ATARIKOA

I

Foru lege honen helburua da pertsona lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) eskubideak garatu eta bermatzea, eta pertsona horiei diskriminazio eta bortizkeria egoerak ekiditea, Nafarroan bestelakotasun afektibo-sexuala askatasun osoz bizi ahal izatea bermatzeko.

LGTBI+ akronimoak erreferentzia egiten die foru lege honen xede diren kolektibo guztiei, eta legearen esparruan sartzen ditu, halaber, sexu-joera, genero-adierazpena eta sexu- edo genero-identitatea direla-eta diskriminatuak izan daitezkeen beste pertsona batzuk.

Foru lege hau gehitzen zaio gure estatuan eta gure erkidegoan bultzatu diren lege, arau, ekintza eta politiken multzoari, zeinek xede baitute bermatzea pertsona guztiek bereizketarik gabe gozatu ahal izatea giza eskubideak, barne direla legearen aurreko tratu-berdintasunerako eskubidea eta sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurka babestua izateko eskubidea.

Foru legeak LGTBI+ kolektiboen aldarrikapen historikoa biltzen du. Izan ere, azken urteotan kolektibo horrek lehen ukatzen zitzaion aitorpen sozial eta politiko bat lortu du, baina normalizazio eta berdintasun osora iristeko asko falta da oraindik.

Foru erkidego, estatu nahiz Europa mailako marko juridiko berriak LGTBI+ pertsonekiko ikuspegi sozialaren aldaketa bat ahalbidetu du; neurri handian, entitateek, talde feministek, LGTBI+ kolektiboek eta hainbat pertsonek egin duten sentsibilizazio-, informazio- eta dibulgazio-lan etengabeari esker. Abiapuntu horretatik sortzen diren arrazoi batzuek egiten dute beharrezkoa foru lege hau, zeinak bilatzen duen harremanetarako erreferentzia berriak eraikitzea, berdintasunean eta errespetuan, bai eta bestelakotasunen aintzatespen positiboan ere, oinarrituak.

Nafarroari dagokionez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44.18 artikuluan, eskumen osoa ezartzen du berdintasunerako politiken arloan. Ildo horretatik, eta eskumen horren barruan, garatu zen azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legea, Pertsona transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa. Gure Foru Komunitatearen aurrerapen handi bat, zalantzarik gabe, baina gaur egun aski ez dena.

Estatuari dagokionez, berdintasuna bitan arautzen du Konstituzioak, I. tituluaren 14. artikuluan: “Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta”, eta 9.2 artikuluan: “Botere publikoen egitekoa da bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzea, eta herritar guztiei aukera egokia ematea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko”.

Beraz, botere publikoei dagokie bai neurri positiboak hartzea, bai herritar guztien eskubideak bermatzeko neurriak hartzea ere. Konstituzioaren aginduak aplikatuz, Espainiako legediak bilakaera bat izan du, sexuen arteko berdintasunaren alorrean izandako zenbait aldaketa eta aurrerapen jasotzeko, bai eta, geroago, beste alderdi batzuk, izatezko bikoteei dagozkienak, horren barne direla sexu bereko pertsonen izatezko bikoteak, edo sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei dagozkienak, eta figura juridiko horiei lotutako eskubideak erabiltzeari dagozkionak ere.

2005eko ekainaren 30ean Kode Zibilaren aldaketa garrantzitsu eta sakon bat onetsi zen, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza baimentzen zuena, eta horren ondorioz, munta handiko beste eskubide batzuk ere bai, hala nola adopzioa batera egitea, oinordetza eta pentsioa. Legea 2005eko uztailaren 2an argitaratu zen, halatan Espainia munduko hirugarren herria bihurturik berdintasunezko ezkontza legeztatzen, Herbehereen eta Belgikaren ondotik, eta munduko lehen herria erabat legeztatzen, garai hartan herbehereetar herritartasuna zuten umeak soilik adoptatzea baimentzen zelako Herbehereetan, eta Belgikak ez zielako adoptatzen uzten bikote homosexual ezkonduei.

2006ko maiatzaren 26an, Espainiako gobernuak aldatu egin zuen lagundutako ugalketari buruzko legea, ama ez-biologikoari aukera emate aldera bi emakumeren arteko ezkontzan jaiotako umeak juridikoki seme-alabatzat aitortzeko.

Martxoaren 15eko 3/2007 Legea, Erregistro Zibilean Pertsonen sexuaren aipamena zuzentzea arautzen duena, aurrerapauso bat izan zen adin nagusiko transexualen eskubideen indartzeari begira, modua ematen zielako erregistroan egina zeukaten sexu-esleipena aldatzeko beren identitatearen aurkakoa zenean, “sexu-berresleipen”eko kirurgiarik egin behar izan gabe eta aurretiazko prozedura judizialik gabe.

Gainera, garrantzitsuak izan dira abenduaren 30eko 62/2003 Legea, Zerga, Administrazio nahiz Gizarte arloko neurriei buruzkoa (27-43 artikuluak), eta azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzkoa.

Europaren esparruari dagokionez, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikuluak diskriminazio oro debekatzen du, eta bereziki sexua, arraza, kolorea, jatorri etniko zein soziala, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa zein sinesteak, iritzi politikoak zein beste edonolakoak, gutxiengo nazional batekoa izatea, ondarea, jaiotza, desgaitasuna, adina nahiz sexu-joera direla-eta egindako diskriminazioak.

Azpimarratzekoak dira, halaber, Europako Parlamentuak 1994ko otsailaren 8an, 2006ko urtarrilaren 18an eta 2012ko maiatzaren 24an onetsitako ebazpenak, gay eta lesbianen eskubide berdintasunari eta diskriminazioaren eta homofobiaren aurkako borrokari buruzkoak, eta, era berean, Europako Parlamentuak 2014ko otsailaren 4an onetsitako ebazpena, homofobiaren eta sexu-joera nahiz genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurkako Europar Batasunaren bide-orriari buruzkoa eta Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua, enpleguan eta lanean tratu-berdintasunerako esparru orokor bat ezartzeari buruzkoa; halaber, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 21. artikulua, zeinaren bidez Europar Batasuneko oinarrizko eskubide gisa aintzatesten baita, besteak beste, sexu-joeragatiko diskriminazioaren debekua.

Erakunde eta organismo askok eskatzen dute transexualitatea despatologiza dadila. Hartara, esate baterako, Europako Kontseiluaren Parlamentu-biltzarrak, 2015eko apirilaren 22ko Ebazpenean, estatuak premiatu zituen nazio mailan erabiltzen diren gaixotasunen sailkapenak aldatzera, eta nazioarteko sailkapenen aldaketa proposatzera, bermatzearren pertsona transexualak, adingabeak barne, ez direla gaixo mentaltzat hartuko, eta aldi berean segurtatuz behar diren tratamendu medikoetarako sarbidea dutela, estigmatizaziorik gabe.

Azkenik, nazioartearen esparruan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 2. Artikuluak hauxe dio: «Gizaki orori dagozkio Adierazpen honetan aldarrikatutako eskubide eta askatasun guztiak, eta ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarte-jatorria, kokapen ekonomikoa, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik».

Yogyakartako printzipioek, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea sexu-joeraren eta genero-identitatearen arloetako aferei aplikatzeari buruzkoek, LGTBI+ pertsonen giza eskubideen babesa bermatzeko politikak eskatzen dizkiete nazioei.

Giza Eskubideen Kontseiluaren 2011ko 17/19 Ebazpenak, “giza eskubideen, sexu-joeraren eta genero-identitatearen” gainekoak, formalki gaitzesten du sexu-joeragatik eta genero-identitateagatik munduko edozein tokitan izandako indarkeria- edo diskriminazio-ekintza oro.

Beraz, esan daiteke sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminaziorik ez egitea, edonoren bizitzaren hainbat alderdi sentikorretan eragina egon baitaiteke, jadanik arau askotan jasota dagoela. Gai espezifikoko foru lege honek ahalbidetuko du LGTBI+ arloan arau-esparrua zabalagotzea, eta lagunduko du diskriminazioa murrizten eta herritarren artean berdintasun- eta errespetu-baloreak sustatzen; gainera, edozein esparrutan sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko erasoen biktima izan diren pertsona oro babestea du xede, bermea ezarriz gorroto-delituek ez dezaten izan inolako estaldurarik zuzenbidearen, erakundeen, politikaren edo gizartearen aldetik.

LGTBI+ pertsonentzat, eskubideen arloko bilakaera etorri da gizarteak gai hori ulertzeko eran izan duen aldaketagatik, nahiz eta aldaketa graduala eta desorekatua den. Eta, gure gizartean izan den aurrerapena argia eta agerikoa bada ere, oraindik badaude ezkutuko gorroto eta aurreiritziak LGTBI+ pertsonekiko. Horiek horrela, homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia gure artean daude oraindik.

Espainiako gorroto-delituei buruzko txostenak sailkapenaren gailurrean jartzen ditu biktimaren sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearekin lotutako liskarrak, arrazakeriaren edo xenofobiaren aurretik.

Azken urteetan, zenbait txosten eta azterlan agertu dira bai maila autonomikoan, bai Estatukoan eta Europakoan ere, hezkuntzaren esparruko sexu- eta afektibitate- nahiz genero-bestelakotasunaren egoerari buruz. Azterlan egiazki kezkagarriak aurkeztu dira LGTBI+ nerabe eta gazteen eskola-jazarpenari buruz eta suizidio-arriskuari buruz.

Parekoen arteko tratu txarrak biktimen eskubideei eraso egiten dietela da ustea; zehazki, haien identitate fisiko edo psikikoari. Horrenbestez, ez da gai pribatu bat, baizik eta hezkuntzakoa eta publikoa.

Lehen adierazle ofizialak agertzen hasi badira ere, dauden estatistikak urriak dira, eta guztiak pentsarazten du kasu errealak estatistiketan agertzen direnak baino gehiago direla; alde horretatik, foru lege honen helburuetako bat da...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR