7/2018 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako Bulegoa sortzekoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO JARDUNBIDE EGOKIEN ALDEKO ETA USTELKERIAREN KONTRAKO BULEGOA SORTZEKOA.

ATARIKOA

I

Gizarteak bere jarduketa- eta kudeaketa-moduak aldatzen eta baldintzatzen dituzten erronkei aurre egin behar die. Gizartean, enpresan, lanean, politikan, administrazioan, teknologian eta abarretan izan diren aldaketek paradigma politiko eta administratibo berri baten aitzinean paratu gaituzte. Halatan, gaur egungo kontrol-tresnak ez dira aski jarduera politikoa eta administratiboa aurreikusteko, begiratzeko eta monitorizatzeko, ustelkeria-egintzak edo jardunbide desegokiak prebenitze aldera. Gauzak horrela, beharrezkoa da erakunde bat sortzea berariaz, Administrazioaren baitan eta esparru parlamentarioan diren kontrol eta fiskalizazio erakundeekin koordinatuta egonen dena, politika publikoen emaitzak hobetzearren eta gardentasuna eta lan ona mailarik gorenera eramatearren.

Foru lege honen bidez sortzen da Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa. Xedea da balizko ustelkeria kasuak prebenitzea eta ikertzea, jardunbide egokiak sustatzea eta Nafarroako administrazioen eta sektore publikoaren zuzentasuna zaintzea.

Azaldutakoaren ildotik, Bulegoak beteko ditu kontratuei buruzko legediak Kontratazioa Arautu eta Gainbegiratzeko Bulegoari esleitzen dizkion eginkizunak.

Foru lege honen arabera, nazioarteko tresna juridikoekin bat, ustelkeria da norberarentzat nahiz hirugarrenentzat etekin pribatuak lortze aldera egindako botere-abusu oro.

II

Ustelkeriari aurre egiteko eta jardunbide egokiak sendotzeko, ezinbestekoa da gizarteak Administrazio Publikoaren kontrolean esku hartzea. Parte-hartzea ziurtatzeko, herritarrek beren erakundeen kontrol eraginkorrean egiaz parte hartzeko tresnak sortu beharra dago, eta arduradun politikoek herritarren nahiz beren ordezkaritza-organoen aitzinean kontu emateko sistemak ezarri behar dira.

III

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren babesean sortzen da Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa. Hartara, Ustelkeriaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa onesten duen Nazio Batuen Biltzar Orokorraren 2003ko urriaren 31ko 58/4 Ebazpena betetzen da; izan ere, konbentzio horren 6. artikuluan ezartzen da Nazio Batuetako kide diren estatuetan ustelkeria prebenitzeko erakundeak sortu beharra dagoela. Halaber, Bulegoa sortzean, sakondu egiten da iruzurrari aurre egite aldera Europar Batasunak ezarritako parametroetan, zeinak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren eta Europar Batasunaren Tratatuaren 325. artikuluan jasotzen baitira.

Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa abian jartzeak indartu egiten du orobat Nafarroako Foru Komunitateak betetzea Espainiako Estatuak hartutako konpromisoak, Ustelkeriari buruzko Hitzarmen Zibila (Europako Kontseiluaren 174. zenbakikoa) eta Ustelkeriari buruzko Zigor Hitzarmena (Europako Kontseiluaren 173. zenbakikoa) sinatu eta berrestetik heldu direnak, bai eta Ustelkeriari aurre egiteko hogei printzipio gidariei buruzko Europako Kontseiluaren 24. Ebazpenetik (97) heldu direnak ere.

IV

Foru lege honek sei titulu, hiru xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat ditu.

  1. tituluak dihardu Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren sorrerari, izaera juridikoari eta xedeari buruz. Titulu horretan jorratzen dira Bulegoaren araubide juridikoa, jardun-eremua eta eginkizunak.

    Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak neurriak sustatu eta ezarri behar ditu ustelkeria prebenitu, ikertu eta haren aurka borrokatzeko, jardunbide egokiak sustatu eta hobetzeko, eta salatzailea babesteko. Haren helburu nagusia da Nafarroako Foru Komunitateko erakunde publikoen jarduna indartzea, ekidite aldera horietan galera morala gertatzea eta Ogasun Publikoak txirotze ekonomikoa pairatzea, hori guztia herritarren kaltetan eta zerbitzu publikoen kalitatearen kaltetan izanen bailitzateke.

    Haren jarduketa-eremuak barnean hartzen ditu Foru Komunitatea osatzen duten erakunde guztiak. Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak halaber jo ahalko du, foru lege honek aurreikusten dituen baldintzetan, enpresa eta entitate pribatuen nahiz pertsona fisikoen aurka, administrazioekin daukaten harremanaren arabera.

    Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa lau printzipio nagusiri jarraituz taxutzen da, eta horiek dira haren jardunaren ardatzak. Lehendabizikoa prebentzioa da. Bulegoak zainduko du gardentasunez egiten direla publikoa denaren kudeaketa eta gizarte zibilaren parte-hartzea; publikoa denaren kudeaketan kontu-ematearen eginbeharra betetzen dela gainbegiratuko du; eta jardunbide egokien kode bat egin eta betetzea sustatuko du hautetsien, izendapen askeko kargudunen eta sektore publikoko langileen kasuan; halaber, publikoa denaren kudeaketan interes-gatazka zaindu eta kontrolatuko du.

    Bere prebentzio-eginkizuna betetzean, Bulegoak, administrazio publikoekin lankidetzan, ustelkeria eta jardunbide okerrak gertatzeko arriskuak identifikatuko ditu, eta horiek desagerrarazteko proposamenak eginen ditu. Orobat azterlana eginen du langileen eta kargu publikoen zintzotasun gutxiko jokabideei, jokabide horien zergatiei eta jokabide horiek desagerrarazteko moduei buruz. Publikoa denaren kudeaketan jokabide etikoak barneratzeko eta ezartzeko lan eginen du.

    Horretarako, Bulegoak gomendioak emanen ditu, jardunbide egokien kultura sustatzeko eta ustelkeria isolatzeko xedez. Halaber, aholkularitza instituzional espezializatua emanen du eta sektore publikoko langileentzako, kargu politikoentzako eta zuzendaritza-karguentzako prestakuntza-jarduerak eginen ditu.

    Jarduketa egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak orobat lan eginen du gure gizartean susta eta asimila daitezen publikoa dena errespetatzearen eta zaintzearen herritar-balioak eta iruzurra eta ustelkeria gizartearen esparru guztietan arbuiatzearenak.

    Ikerkuntza da bigarren jarduera-ardatza, eta helburu izanen du arduradunak identifikatzea honako kasu hauetan: funts publikoen desbideratzeak, interes-gatazkak –errealak edo potentzialak–, abusuak eta botere-desbideratzea, sarbide erreserbatuko informazioen erabilera baimendugabea, ondasun eta baliabide publikoak norberaren edo hirugarrenen onurarako aprobetxatzea, bai eta agintarien, goi kargudunen eta sektore publikoko langileen, pertsona fisikoen edo juridikoen bestelako jokabide irregular batzuk, Administrazio Publikoei kalte moral edo ekonomikoa egin ahalko lieketenak. Ikerketa bukatu ostean, baldin eta ikerketak iraun duen bitartean administrazio-irregulartasuneko zantzurik detektatu bada, zeinarentzat administrazio-zehapena aurreikusten baita, Bulegoak berehala igorriko dizkie ikerketak administrazio-organo eskudunei, horren arabera jardun dezaten eta irregulartasun horiek berriz gertatzea eragotz dezaten. Ikerketa bat abian den bitartean delitu-zantzurik aurkitzen baldin bada, jurisdikzio-organoei horren berri emanen zaie berehala. Ikerkuntza-prozedura orobat bukatzen ahalko da kasuko erakundeari gomendioak eginez, erakundearen eta erakundea osatzen duten pertsonen zintzotasunari eragiten dioten disfuntzioak zuzendu edo ekiditekoak.

    Bulego honen jardueraren hirugarren ardatza da iruzurraren eta ustelkeriaren aurka borrokatzeko neurrien kontrola eta ebaluazioa. Horretarako, beste erakunde batzuekiko koordinazio eta lankidetza egonkorrerako bideak ezarriko ditu, bere helburuak lortzeko. Bere jardunarekin zintzotasun, onestasun eta gardentasun mailarik handienak sustatuko ditu politika publikoak taxutu eta garatzeari, zerbitzu publikoak emateari eta baliabide publikoak kudeatzeari dagokienez. Halaber, ustelkeria kontrolatze eta borrokatze aldera administrazio publikoetan ezarritako tresna juridikoak eta neurri administratiboak ebaluatzeko balioko du.

    Foru lege honen laugarren ardatza da gure erakundeei kalte moral edo ekonomikoa eragiten dieten jokabide susmagarriak edo jarduketa irregularrak salatzen dituzten pertsonak -foru lege honen jarduketa-esparrukoak- babestea. Horren xedea da ekiditea gure gizartearen herritar-balioak defendatzeagatik lan baldintzak edo baldintza profesionalak okertu daitezen. Horrenbestez, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoak lagundu beharko du babesten ustez ustelkeriakoak edo jardunbide irregularrak diren jokabideak foru lege honetan xedatutakoarekin bat salatzen dituzten pertsonak.

  2. tituluan, ikerketa-prozedura, salatzailearen edo informatzailearen babestea eta erreserbatutzat kalifikatzen den dokumentazioaren tratamendua aztertzen dira.

    Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren ikerketa-lana ofizioz abiarazten da, partikularrek, funtzionarioek edo erakundeek eta pertsona juridiko publikoek zein pribatuek salatutako gertakariak aztertu ondoren.

  3. tituluak Bulegoaren eta zuzenbide publikoko beste erakunde eta entitate batzuen arteko lankidetza jorratzen du. Bere eginkizunak betetzen dituenean eraginkorrago izatearren, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoa beste erakunde, administrazio publiko eta entitate publiko batzuekin koordinatuko da, foru lege honetan ezarritako moduan eta bakoitzaren eskumenekiko erabateko errespetuz.

  4. tituluak arautzen ditu Bulegoak egindako jardueraren emaitzak; honako hauek, alegia: Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei eta Parlamentuari kontu-ematea, urteko oroitidazkia egitea eta oroitidazki hori legebiltzarrera igortzea. Halere, Jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoaren zuzendaritzak urteko txosten bat igorriko du, azaltze aldera Bulegoak zer jarduera egin dituen prebentzio eta ikerketa, kontrol eta ebaluazio eginkizunak...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR