50/2016 FORU AGINDUA, ekainaren 10ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onesten dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak 28. artikuluan ezartzen du, Nafarroako Artxibo Sistemaren parte izateagatik, toki entitateak behartuta daudela tratamendu egokia bermatuko duten arau eta prozedurak aplikatzera, beren jardunean sortu edo jasotzen dituzten dokumentuak ekoitzi, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzeari dagokionez. Betebehar hori zuzenekoa da 15.000 biztanletik gorako udalerrientzat, hau da, foru legearen arabera, beren udal artxiboaren zerbitzua eurak antolatzeko gauza direnentzat, eta horregatik ematen zaie antolaketa arloko berariazko eginkizun eta ezaugarri multzo bat (29. artikulua); aldiz, laguntza handiagoa emanen die artxibo arloan eskuduna den departamentuak biztanle gutxiagoko toki entitateei (30. artikulua).

Bidezko da, beraz, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, artxibo arloan eskumena duenez, jarraibideak ematea, 15.000 biztanletik beherako toki entitateek kontuan hartu beharreko arau eta prozedurak ezartzearren, dokumentuak sortu, kudeatu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzeari buruz duten erantzukizunari dagokionez. Horregatik, Nafarroako Artxibozainen Elkarteak aurretik bultzatutako lanak hartu dira abiapuntutzat, eta Iruñeko eta Tuterako udal artxiboen arduradunek eta beren jarduera sektore horretan garatzen duten enpresek hartu dute parte definizioan.

Bestetik, 15.000 biztalentik gorako Nafarroako toki entitateek behar dituzten esparru-erreferentziak aurkituko dituzte jarraibide hauetan, beren arau eta prozedurak ezartzeko, aipatu foru legeak ezartzen duen betebeharraren arabera.

Duten xedea ikusita, jarraibideak toki entitateen ohiko beharretara egokitzen dira eta ahalik eta gehien zehazten dituzte irizpideak eta gomendioak, errazagoa izan dadin haien aplikazio praktikoa.

Jarraibide hauei buruzko aginduzko txostena egin du Nafarroako Kulturaren Kontseiluko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Batzordeak, 2016ko maiatzaren 31ko bilkuran, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hartan zehazten baitira Kontseiluaren eginkizunak.

Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

  1. 15.000 biztanletik beherako Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onestea; eranskin gisa txertatu da horien testua.

  2. Foru agindu hau Vianako Printzea Erakundea – Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea.

  3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

  4. Foru agindu honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, aurkezten ahal da, hura argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

    Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

    Iruñean, 2016ko ekainaren 10ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

    15.000 BIZTANLETIK BEHERAKO NAFARROAKO TOKI ENTITATEEN ARTXIBOAK ANTOLATU ETA KUDEATZEKO JARRAIBIDEAK

    Nafarroako toki entitateen artxiboen antolaketa eta kudeaketa eraginkorra bideratzea dute xede jarraibide hauek, bai eta Nafarroako dokumentu ondarearen epe luzeko kontserbazioa segurtatzea ere.

    Jarraibide hauen abiaburua da dokumentuak bulegoan sortzen diren unean hasten dela artxiboak kudeatzeko sistema eraginkorra, espedienteen tramitazioan zehar sendotzen dela eta dokumentuak Udal Artxiboan kontserbatu eta herritarren eskura jartzen direnean bukatzen dela. Hori lortzeko, oinarrizko printzipio eta beharkizun batzuk aplikatu behar dira, dokumentuen kudeaketaren eta artxiboaren funtsezko zenbait kontutan eragina dutenak: dokumentuak sortzea, espedienteak bulegoetan antolatu, deskribatu eta kontserbatzea, artxiboko dokumentuak eta laguntza informatibokoak bereiztea, dokumentuak udalerrian garatzen diren eginkizunen arabera sailkatzea, dokumentuak deskribatu eta kontrolatzea, dokumentuak Udal Artxibora igortzea, epe luzerako baliorik gabeko dokumentu zaharkituak ezabatzea, dokumentuak nola eskuratu kudeatzea, Udal Artxiborako instalazioak hornitzea eta administrazio elektronikoak dokumentuetan duen eragina.

    Jarraibideek kontuan hartzen dute dokumentuak espedienteetan metatzea; horiek, bestetik, serietan antolatzen dira udal administrazioak, bereak dituen eskumenak erabiliz eta administrazio prozeduran oinarrituta, darabiltzan gaien tipologiaren arabera.

    Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak edozein zalantza edo iruzkin argituko du jarraibide hauen interpretazioari buruz.

  5. –Dokumentuak sortzea.

    Oro har, toki entitatearen administrazio jardueran hartu edo sortzen diren dokumentuak espediente administratibo baten parte izanen dira, dokumentua paperean zein euskarri elektronikoan izan, eta dagokien bulegoak kudeatuko ditu jarraibide hauen arabera.

    Sortu edo hartzen diren unean, dokumentu guztiak behar bezala sailkatu eta deskribatu behar dira identifikazio datuekin, horrek aukera emanen baitu haiek kontrolatu eta gero berreskuratzeko. Dokumentuak, sortzen direnetik, sailkapen taulan (jarraibide hauen 5. atala) jasotako serie dokumental normalizatuen arabera sailkatuko dira.

    Eskuarki, legeak onartzen dituen baliabideen bitartez jasotako dokumentuei idazpena eginen zaie toki entitateko erregistro administratiboan. Posta elektronikoak eta beste komunikabide batzuk, hala nola, faxa, ez dira, ohituraz, erregistratzeko moduko dokumentutzat hartzen, non ez dituen igorpen modu hau finkatua duen beste administrazio publiko edo entitate batek aurkezten eta toki entitate hartzaileak onartzen, administrazio prozedurari jarraituz.

  6. –Espedienteen antolaketa, deskribapena eta kontserbazioa.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 55. artikuluak aditzera ematen duenez, Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legearen 36. artikuluan islatzen baita, egintza administratibo bakoitzak dokumentu bat "sortzen" du. Modu berean, ez dago egintza administratiborik dokumentu batean jasota ez badago, paperean edo euskarri digitalean izan. Horren ondorioz, egintza administratiboa eta dokumentua estu lotuta daude, eta ezin dira banatu.

    Toki entitateen antolaketaren, funtzionamenduaren eta barne...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR