4/2019 FORU LEGEA, otsailaren 4koa, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOAREN ERREFORMARAKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Nafarroako toki entitateak eta, zehazkiago, udal eta kontzejuak, Foru Komunitatean errotuen dauden administrazio publikoak dira; era berean, arreta eta zerbitzu instituzionalerako gure lehen lerroa dira, jatorria antzinako garaietan daukatena.

Ordezkatzen dituzten pertsonengandik hurbil daudenez, zuzenean izaten dute gure gizartearen arazo eta eskari nagusien berri, eta beraz, horiei erantzuten eta erantzukizunezko irtenbideak ematen ahalegintzen dira. Halatan, gure errealitate publikoaren eta gure sare instituzionalaren alderdi agerikoena dira.

Esan genezake, huts egiteko beldurrik gabe, haien jarduna dela gure printzipio demokratikoen gauzatze praktiko errealena.

Historikoki eta sozialki hain sustraiturik egoteak, herritarren eskaerei erantzuteko sistemetan gauzatuak, tokiko autonomia zabala ekarri du, finkatzen joan diren eskumenetan islatua; beharrezkoa da eskumen horiek etenik gabe sendotu, egokitu eta hobetzea. Nafarroako udalerrien toki-eskumenek zehatz-mehatz islatzen dute etengabeko eboluzioan dagoen gizarte dinamiko baten eskariei ikuspegi publikotik erantzuteko kezka jarraitu bat.

Bestetik, ezin dugu ahaztu gizarteari lehen mailako arreta ematearen lan hori bezain garrantzitsua dela toki erakundeek herritarren eta gainerako erakunde publikoen artean egiten duten zubi-lana; bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez.

Toki-errealitatearen beste alderdi horren emaitza da Nafarroako toki entitateen eta Foru Komunitateko Administrazioaren artean eratu den sare konplexua, eskumenen, harremanen eta araugintzaren banaketaz denaz bezainbatean. Sare hori aztertu eta eguneratu beharra dago, maila instituzional desberdinek izan duten bilakaeraren arabera. Desafio horri erantzutea da foru lege honen helburu nagusietako bat.

Ikuspegi historiko batetik, azken mendeei begiratuta mugarri garrantzitsu batzuk bereiz ditzakegu Nafarroako toki-autonomiaren arau-garapenean. Gai horretaz hitz egitean nahitaezkoa da aipatzea 1841eko Lege Itundua eta 1924ko Udal Estatutua, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-dekretu Itundua, Estatutu hori Nafarroari aplikatzekoa, edo Nafarroako Udalen Administraziorako 1928ko Erregelamendua, azken hori Nafarroak bere toki erakundeak arautzeko izan duen eskumen historikoa erabili izanaren erakusgarria.

Geroago, beste arau batzuek toki-autonomia egokitu egin dute gure errealitate sozialak denboran izan duen bilakaera saihestezinera: 1979ko uztaileko Araua, Hamaikako, Hamabosteko eta Hogeiko Batzordeei buruzkoa; 31/1983 Foru Legea, Kontzeju Irekiak eratzeari buruzkoa; 4/1984 Foru Legea, Nafarroako Korporazio lokalek erabakiak hartzeari buruzkoa; 1/1986 Foru Legea, Herrilurrei buruzkoa; eta 2/1986 Foru Legea, Nafarroako entitate lokalen jarduketen legezkotasunean eta haien interes orokorrean Nafarroako Gobernuak duen kontrola arautzekoa. Esparru sektorialagoetakoak diren beste arau batzuk ere onetsi dira.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen onespenak eta, urte batzuk geroago, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearenak, ekarri zuen Nafarroako toki-egiturak sakonki egokitzea joan den mendearen amaierako errealitatera. Baliagarria izan zen gure toki-araubidea ordena konstituzionalera eta Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legera egokitzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan aurreikusitakoarekin bat.

Ibilbide historiko labur honetan, legeei buruzko aipamenaz gain, merezi du gogoratzea arlo honetako erakunde funtsezko batzuek bete duten lana, hala nola Nafarroako Administrazio Auzitegiak, Kontuen Ganberak edo Nafarroako Arartekoak.

Nolanahi ere, XXI. mendearen hasieratik bertatik argi gelditu da aipatutako arauak berrikusi beharra dagoela; eta, horregatik, gure toki administrazioaren erreforma egitea proposatu da, oinarri hauekin: eskumenen banaketa argia; toki-antolaketa berria ezartzea, udalez gaindiko entitateen ugaltze gehiegizkoa eta, kasu batzuetan, eragingabea arautuko duena (dauden baliabideen azpierabilera baitakar); eta, azkenik, finantzaketa-eredu berri bat ezartzea, nahikotasun finantzarioaren, aurrekontu-jasangarritasunaren, elkartasunaren, toki-autonomiaren eta lurralde-orekaren printzipioekin bat etorriko dena, horiek baitira Nafarroako toki administrazioari buruzko ikusmolde gaurkotu baten oinarria.

Ezin da aipatu gabe utzi, gainera, azken urteetan aldaketak egin direla administrazio prozedurari buruzko legedian, bai eta erakunde publikoek eta –bereziki– tokikoek espedienteak tramitatzeari buruzkoan, halako moldez non orain beharrezkoa baita giza eta gauza baliabide berriak jartzea, gaur egun ezinbestekoak diren irisgarritasun eta gardentasun printzipioen errespetua ahalbidetuko dutenak.

Erreformaren beharra justifikatzen da, halaber, gure administrazioan erroturik dauden zenbait problema konpontzea nahitaezkoa delako; esate baterako, toki entitate txikienetan idazkari eta kontu-hartzaile zereginekin gertatzen dena: lanpostu gutxi, asko eta asko behin-behinekoak, eta Foru Komunitateko udaletan berebiziko garrantzia duten lanpostu horietan ari direnen enplegu-segurtasunik eza.

Era berean, honako hau abagunea da gogoeta egiteko, azken urteetan areagotu den arazo bati eta ekartzen dituen ondorioei buruz: bitarteko egoeran dauden langileak gero eta gehiago dira gure toki entitateetan.

Foru lege honek nabarmendu nahi du beharrezkoa dela Nafarroako toki administrazioan enplegu publikoari egonkortasuna ematea eta aldi baterako kontratuen kopurua gutxitzea; arlo horretako neurrien zehaztapena, alabaina, gehiago dagokie erreforma honen gerizpean geroagoko faseetan taxutuz joanen diren legeei.

2011n, Nafarroako Parlamentuak onetsi zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea foru lege proiektu bat aurkez zezan, garai hartan “Nafarroako tokiko mapa” izenekoaren antolaketa berria proposatuko zuena.

Huts egindako saiakera batzuen ondotik, 2015ean, Nafarroako Gobernuak asmo handiko partaidetza-prozesu baterako oinarriak aurkeztu zituen, bertan planteaturik kontsultak egitea toki entitateekin bi urteko epean eta aldez aurreko dokumentuak prestatzea, legegintzako proposamen honen abiapuntua izan zitezen.

Prozesu hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak gidatu du, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, zeinak toki entitateekiko solaskide lana bete baitu, haien eskaerak eta proposamenak bideratzeko.

Haiekin batera, Nafarroako Gobernuko departamentuek ere parte hartu dute prozesuan, baita toki administrazioaren arloko sektore desberdinetako aditu ugarik ere, aurreproiektuaren prestaketarako beren ikuspegi eta ezagutzak eskaini dituztenak.

Lehen aipatutako irizpideekin batera, hortaz, partaidetzarena eta gardentasunarena ere aintzat hartzekoak dira foru legea egiteko prozeduran, eta denen artean osatzen dute erreforma honen oinarria, erreforma onesten denetik Nafarroako toki entitateek abian jarriko dituzten aldaketa sakonei helduleku izanen den esparru egokia.

Horretarako, gure toki administrazioa arautzen duten lege nagusietan aldaketa funtsezkoak egiten dira, eta horien onespenari esker, arau-aldaketak egiteko epe bat hasten da, xehetasun guztiekin zehaztuko dutenak toki erreforma honen behin betiko forma.

Egiturari dagokionez, foru lege honek lau artikulu ditu: lehenbizikoak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen du; bigarrenak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea; hirugarrenak, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzko azaroaren 21eko 12/2006 Foru Legea; eta laugarrenak, azkenik, abenduaren 29ko 20/2005 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak eguneratzen dituena.

II

Lehen artikuluaren edukiaz hau nabarmendu behar da:

–Eskualdeak eta plangintza orokorreko mankomunitateak Nafarroako toki entitatetzat hartzen dira, eta toki entitatearen izaera zuten barruti administratiboak eta partzuergoak desagertzen dira; horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen konpromisoa betetzen da, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Lankidetza Batzordeak 2015eko irailaren 9an onetsitako Erabakiaren bidez bere gain hartu zuena.

Administrazio zerbitzuen batasunak ere ez dira toki entitate izanen aurrerantzean, baina haien lurralde esparrua erreferentzia gisa hartzen ahalko da kasuan kasuko eskualdeak zerbitzu horiek emateko.

–Nafarroako toki erakundeen arloko usadioan toki entitate giltzarri den kontzejuari dagokionez, baimendu egiten da kontzeju irekia eratzea 50 biztanle baino gehiago dituztenetan, baldin eta borondatez halakotzat eratzea erabakitzen badute; era berean, batzar bidez funtzionatzen ahalko dute kontzeju irekiko araubidean jarduten duten kontzejuek, baldin eta kontzejuko kideen erabateko gehiengoaren bidez hala erabakitzen badute.

Batzar bidez funtzionatzen duten kontzejuen kasuan, batzarkideen kopurua 6koa izatera igo dadin ezartzen da, haien populazioa 1.000 biztanle baino gehiagokoa denean.

Halaber, berariaz aurreikusten da kontzejuko lehendakariaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko aukera, eta toki entitate horri auzolana edo komunitatearen onurarako lana antolatzeko ahalmena ere aitortzen zaio, Nafarroako toki ogasunen gaineko araudian aurreikusita dagoen bezala.

Kontzejuak dituzten udaletan, kontzejuen interesei zuzenean eragiten dieten gaietan, eskubidea bermatzen zaie gai horiei dagozkien erabakiak hartzeko prozesuan eta kudeaketaren jarraipenean parte hartzeko, kontzejuen parte-hartzerako kontsulta-organo espezifiko bat sortuz.

Horrekin batera, kontzejuaren eta udalaren arteko harremanetarako sistema bat tankeratzen da, tokiko autonomiaren printzipioa errespetatuz...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR