39E/2017 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2017ko diru-laguntzetarako deialdia.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzari buruzko printzipio gidariak, helburuak eta baliabideak ezartzen ditu. Horrela, 1. artikuluan adierazten du Nafarroako Foru Komunitateak bere egiten duela beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna, haien garapen integrala bultzatzeko, hango herritarren bizi baldintzak hobetzen laguntzeko eta pobretasun egoerak arindu eta zuzentzeko, giza garapen solidario eta egonkorra bultzatuz. Halaber, bere 2. artikuluak, beste helburu batzuen artean, lankidetza nabarmentzen du, hau da, garapen bidean dauden herrialdeetan agertzen diren larrialdiko egoerei laguntza humanitarioaren bidez erantzuten laguntzea, foru lege horren 3. artikuluan aipatutako printzipio gidarietako bati lotuta. Artikulu horretan honako hau adierazten da: “Nafarroako Foru Komunitateak bultzatzen duen garapenaren aldeko lankidetzak [...] honako printzipioak izanen ditu gidari: [...] Lankidetzaren jomuga izanen da pertsona eta familien premia oinarrizkoak asetzea, eta orotara txertatuko da bai ekintza sozialetan, kulturaletan, ekonomikoetan eta teknikoetan, botere publikoek bultzatuak nahiz erakunde pribatuek abiatuak izan”.

1975az geroztik, sahararretako batzuk Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan daude errefuxiatuta, eta zailtasun larriak pairatzen dituzte. Izan ere, eremu geografikoaren kondizio fisikoak oso zailak dira, eta, gainera, pertsona horien biziraupena kanpoko laguntzaren mende dago ia erabat. Halaber, beste saharar batzuk Fronte Polisarioaren kontrolpean dagoen Mendebaldeko Saharako lurraldean bizi dira, eta horiek ere zailtasun handiak dituzte ekonomiaren eta gizartearen aldetik garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateak, gizarte zibilaren instituzio eta erakundeen bidez, bere babesa eta kezka agertzen ditu 1992tik, Mendebaldeko Saharako egoera dela-eta, eta horretan lagundu egiten du laguntza humanitarioaren bidez eta funtsean osasunaren eta hezkuntzaren arloan garatzen diren beste proiektu batzuen bidez, baita Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetara bisita instituzionalak eginez ere.

2016ko azaroaren 21ean “lankidetza protokolo” bat sinatu zen Nafarroako Gobernuaren eta Fronte Polisarioaren artean, Nafarroak bere elkartasuna adierazteko Tindoufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan eta, Fronte Polisarioaren agintaritzapean, Mendebaldeko Saharako lurraldeetan dauden sahararrei. Honako hau adierazten da protokolo horretan: kanpamentuetan eta sahararren lurraldeetan “lankidetza proiektuak” gauzatzen ahalko dira 5 arlotan: osasuna, elikagai-laguntza, hezkuntza, enplegu gaztea eta Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.

2017ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan aurrekontuko berariazko partida bat dago saharar herriari laguntza emateko, 301.750 euroko zuzkidura duena.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Aginduak bere 5. artikuluan honako hau ezartzen du: “Foru lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira: a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeriarik eza eta kontrola. b) Dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna. c) Baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia”.

Ondorioz, beharrezkoa da sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2017ko diru-laguntzen araubidea erregulatuko duten oinarriak ezarri eta urteko deialdi baten bidez argitaratzea, bermatzearren diru-laguntza horietan publikotasunaren, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla, baita administrazio emaileak finkaturiko helburuak lortzeko eraginkortasunaren printzipioa eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko eragimenaren printzipioa ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

  1. Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2017ko diru-laguntzetarako deialdia onestea.

  2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinetan jaso direnak, onestea.

  3. Helburu horretarako 301.750 euroko gastua baimentzea, 2017rako gastuen aurrekontuko “Sahararrekiko lankidetza eta elkartasuna” izeneko aurrekontuko 900004 91100 4819 143104 partidaren kargura.

  4. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

  5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

  6. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kontabilitate Zentrora, Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura eta Diru-laguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

    Iruñean, 2017ko ekainaren 26an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

    1. ERANSKINA

    Sahararrentzako esku-hartze sozialak eta ekonomikoak egiteko 2017ko diru-laguntzen deialdiaren oinarriak

    Lehena.–Xedea eta helburua.

  7. Eskubide Sozialetako Departamentuak 2017rako diru-laguntzen deialdia egin du, garapenerako gobernuz kanpoko Nafarroako erakundeek (hemendik aurrera, GGKE) Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan dauden errefuxiatuen aldeko esku-hartze sozialak eta ekonomikoak finantzatzeko. Diru-laguntzen helburua pobreziaren kontra borrokatzea eta giza garapena sustatzea izanen da.

  8. Esku-hartzeak lau mota edo modalitatetakoak izaten ahal dira:

    –A) modalitatea: elikagai-laguntza.

    –B) modalitatea: osasuna.

    –C) modalitatea: Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea.

    –D) modalitatea: hezkuntza.

    Bigarrena.–Aurrekontuko diru erabilgarria.

    Helburu horretarako 2017an 301.750 euro bideratuko dira, 2017ko gastuen aurrekontuko “Sahararrekiko lankidetza eta elkartasuna” izeneko aurrekontuko 900004 91100 4819 143104 partidaren kargura. Zenbatekoa lau modalitateen artean banatuko da honela:

    –A) modalitatea. Elikagai-laguntza: 170.000 euro.

    –B) modalitatea. Osasuna: 80.000 euro.

    –C) modalitatea. Saharako Administrazioko gaitasunak indartzea: 26.750 euro.

    –D) modalitatea. Hezkuntza: 25.000 euro.

    Modalitateren batean aurreikusitako kreditua agortzen ez bada, sobratzen den dirua besteen artean banatuko da, lehentasun hurrenkera honi jarraituz: C) modalitatea, D) modalitatea, B) modalitatea eta A) modalitatea.

    Hirugarrena.–Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

    Deialdi honen xede diren diru-laguntzak hartu ahal izateko, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Pertsona juridikoak izatea, legez eratuak eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, inskribatuak egotea Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren (AECID) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan.

    2. Nafarroako Foru Komunitatean izan beharko dute ordezkaritza iraunkorra, non ez diren nazioarteko erakundeak.

    3. Esku-hartzea egin behar den eskualdean tokiko bazkide edo partaide bat izatea, hura gauzatzeko. Bazkideak pertsona juridikoa izan beharko du.

    4. Helburu sozialak bete ahal izateko behar bezalako egitura izatea eta proposatutako helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

    5. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea, eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

    6. Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako gainerako debeku-egoeretan ez egotea.

      Laugarrena.–Esku-hartzeetan bete beharreko baldintzak.

      Diru-laguntzak hartu ahal izateko, entitateek aurkezten dituzten esku-hartzeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

    7. Deialdi honen lehen oinarriko xede eta helburuei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetako printzipioei lotzea.

    8. Jarduerak 2017an hastea. Ondorio horretarako, ebazpena ematen den eguna hartuko da jardueren hasiera-eguntzat, salbu eta entitate onuradunak lehenagoko bat adierazten badu berariaz.

    9. Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak Aljerian duen Lankidetzarako Bulego Teknikoaren berariazko oniritzia izatea.

    10. Tindufen (Aljeria) bizi diren saharar errefuxiatuen ordezkariek berariazko oniritzia ematea proiektuari.

    11. Diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuak diru-laguntzaren %10 izanen dira gehienez ere.

    12. Hauek dira esku-hartze bakoitzeko eta urtebeterako, zein den kasua, eskatzen ahal diren gehieneko zenbatekoak:

      –A) modalitatea: 170.000 euro.

      –B) modalitatea: 80.000 euro.

      –C) modalitatea: 26.750 euro.

      –D) modalitatea: 25.000 euro.

      Bosgarrena.–Diru-laguntzen bateragarritasuna.

  9. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz aparte beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, nazionalek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

  10. Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoak ez du sekula gaindituko, bakarrik edo beste erakunde edo entitate pribatu zein publiko batzuen laguntzekin batuta, diruz lagundutako jardueraren kostua.

    Seigarrena.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

  11. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak partida hauetan sartzeko modukoak izanen dira:

    1. Zuzeneko gastuak: zalantzarik gabe, diru-laguntza jasotzen duen jardueraren izaerarekin bat datozenak, betiere esku-hartzea gauzatzeko ezarritako epean egiten badira. Multzo honetan, honako hauek sartuko dira:

      a.1) Ondasun higiezinak alokatzea.

      a.2) Ondasun higiezinak eraiki edo berritzea, barnean direla eskulana, obraren zuzendaritza, obretako lizentzia eta tasak eta eraikuntzako materialak.

      a.3) Ekipamendu materialak...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR