359/2015 FORU AGINDUA, ekainaren 24koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 6.2.e) artikuluak xedatzen du Foru Komunitateko kirol arloko administrazioaren eskumena dela Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea esleitu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe.

Uztailaren 5eko 15/2001 Foru Lege horren 42.4 artikuluak xedatzen du Nafarroako kirol federazioei, beren berariazko eginkizunez gainera, administrazio arloko eginkizun publiko batzuk ere badagozkiela, delegazioz, eta kasu horretan Foru Komunitateko Administrazioaren laguntzaile gisa aritzen direla.

Lege horren 49.2.i) artikuluak ezartzen du Nafarroako kirol federazioek, delegazio bidez, federazioetako hauteskunde prozesuak kontrolatuko dituztela, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak koordinaturik eta babesturik.

Bestalde, Nafarroako kirol entitateak eta horien erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuaren 45.1 artikuluak xedatzen du federazioko lehendakaria eta Batzar Nagusiko kideak aukeratzeko hauteskunde prozesuak erregelamendu bidez arautuko direla, ordezkaritzaren eta parte-hartze demokratikoaren printzipioei jarraikiz, kasuko kirol modalitatearen berezitasunei erreparatuta.

45. artikulu horren 2. idatz-zatian zehazten da Foru Komunitateko kirol administrazioak federazioetako hauteskunde prozesuetarako arauak emanen dituela, karguan aritzeko bateraezintasun kausak zehaztuz, deusetan galarazi gabe estatutuetan ezar daitezkeen beste bateraezintasun kausa batzuk.

Hortaz, bidezkoa da Nafarroako kirol federazioetako hauteskunde prozesuak erregulatzeko araua onestea. Arau hau denboran irauteko asmoarekin onesten da, aurreko xedapenak ez bezala, izan ere, horien bidez hauteskunde prozesuak epe jakin baterako arautzen ziren (4 urteko ziklo olinpiar baterako).

Horrenbestez, Nafarroako Kirol Entitateak eta Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroa arautzen dituen apirilaren 14ko 80/2003 Foru Dekretuak, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Nafarroako kirol federazioen hauteskunde prozesuak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru agindu honetako xedapenak Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako kirol federazioetan aplikatuko dira, federazioetan egin beharreko hauteskunde prozesuetarako.

3. artikulua. Hauteskundeak egitea.

1. Federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde prozesuak lau urtean behin eginen dira, ziklo olinpiarrekin bat.

2. Kirol arloan eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez, federazioetako lehendakariak eta batzarrak aukeratzeko hauteskunde urtearen hasiera onetsiko da, eta hauteskunde prozesuak egiteko baliozko aldiak finkatuko dira.

3. Nafarroako kirol federazioek Nafarroako kirol federazio bakoitzaren hauteskunde prozesua arautzeko erregelamendu bat aurkeztuko dute kirol arloan eskumena duen organoak ezartzen duen epean, eta hauteskunde prozesua hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez, foru agindu honetan ezarritakoari jarraikiz.

Hauteskunde prozesua ezin hasiko da kirol arloan eskumena duen organoak ebazpen bidez erregelamendu hori onetsi ez badu. Ebazpen hori eman gabe egiten den ezein hauteskunde prozesu deuseza izanen da erabat, eta behar diren erantzukizunak eskatzen ahalko dira, Nafarroako Kirol Diziplina erregulatzen duen araudiaren arabera.

4. Hauteskunde prozesua hasi baino hilabete lehenagoko epe hori, aurreko puntuan aipatu dena, betetzen ez duten eskaera batzuk ere ebazten ahalko ditu kirol arloan eskumena duen organoak, baldin eta uste badu prozesu hori egiteak federazioaren garapen eta funtzionamendu hobea ekarriko duela.

5. Hauteskunde Erregelamenduaren proiektua Zuzendaritza Batzordeak prestatu eta onetsiko du, eta federazioaren Batzar Nagusiak berretsiko. Onesten denetik gehienez hilabeteko epean, erregelamendu horren bi kopia aurkeztu behar dira kirol arloan eskumena duen organoaren erregistroan, berretsi zen Batzar Nagusiaren aktarekin batera. Akta horretan berariaz jaso beharko da erregelamendu proposamen hori kirol arloan eskumena duen organoak indarreko arauak zorrotz betez egin ditzakeen aldaketen mende dagoela, eta aldaketa horiek Hauteskunde Erregelamenduari gehituko zaizkiola federazioaren Batzar Nagusia berriz bildu beharrik gabe.

6. Kirol arloan eskumena duen organoak federazioetako hauteskunde erregelamendu guztiak gainbegiratuko ditu, eta haien onespenari buruz ebatziko du, eskaera egin ondorengo hilabeteko epean, gehienez. Gainera, hauteskunde prozesuak koordinatu eta babestuko ditu. Berariazko ebazpenik eman ezean, erregelamendua onetsi ez dela ulertuko da.

7. Gobernu eta ordezkaritza organoak normalean lau urtean behin hautatuko dira. Haien agintaldiak ordezkoek jabetza hartu arte iraunen du, eta, beharrezkoa bada, jardunean egonen dira ordura arte.

8. Batzar Nagusiak hauteskunde prozesuaren egutegia finkatuko du, eta haren gehieneko iraupena kirol arloan eskumena duen organoak hauteskunde urtea hasteko ematen duen ebazpenean ezarriko da.

9. Hauteskundeak, ezinbestean, kirol federazio bakoitzari dagokion urte olinpiarrean eginen dira. Federazio olinpiarrak ez direnek, berriz, udako Joko Olinpiarrak jokatzen diren urtean eginen dituzte hauteskundeak.

4. artikulua. Hauteskunde errolda.

1. Hauteskunde erroldan pertsonen eta kirol entitateen datuak agertuko dira. Erroldan kasuan kasuko federazioak emandako ziurtagiri bat sartuko da, foru agindu honetan Batzar Nagusirako hautesle izateko eskatutako beharkizunak betetzen direla adierazten duena.

Federazioak ezartzen badu entitate batzuek lizentzia kopuruarengatik boto gehiago izateko aukera dutela, hauteskunde erroldan adierazi beharko da zenbat lizentzia dituzten kirol entitate horiek.

2. Hautesle errolda honako leku hauetan erakutsiko da: federazioaren egoitzan, Kirolaren Etxeko egoitzako iragarki oholean –baldin eta federazioak egoitza soziala etxe horretan badu–, federazio bakoitzaren web orrian eta kirol arloko administrazioaren bulegoetan. Iragarki oholean argitaratutako erroldak kontsultarako baino ez dira, eta ezin izanen da haien kopiarik egin.

3. Hauteskunde erroldari buruzko erreklamazioak egiteko, gutxienez 5 egun balioduneko epea izanen da. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du horien gainean.

Hauteskunde Batzordeak erroldari buruz ematen dituen ebazpenen kontrako errekurtsoak Nafarroako Kirol Justiziako Batzordeari aurkeztuko zaizkio 5 egun balioduneko epean.

Erreklamazioak ebatzi eta hauteskunde errolda irmo deklaratu ondoren, ezin izanen da hari buruzko inolako inpugnaziorik egin hauteskunde prozesuaren hurrengo faseetan.

4. Behin betiko hauteskunde erroldaren ale bat kirol arloan eskumena duen organoari igorri beharko zaio, eta bertan geldituko da gordailutua.

5. Erroldan sartutako pertsona fisikoei dagokienez, datu hauek bilduko dira: a) ordena zenbakia; b) izen-abizenak; c) jaiotze data; d) kirol lizentziaren zenbakia; e) zein kirol estamentutakoa den.

6. Erroldan sartuta dauden kirol entitateen kasuan, honako datu hauek jaso beharko dira: a) ordena zenbakia; b) izena; c) erregistro zenbakia; d) ordezkatzen dituen lizentzia kopurua (10.4 artikuluaren arabera, boto ponderatua aurreikusia dagoen kasuetan, bakar-bakarrik).

5. artikulua. Hauteskunde Erregelamendua.

1. Federazioek hauteskunde erregelamendu bana izanen dute, hauteskundeetarako deia egin aurretik onetsi beharrekoa.

2. Hauteskunde Erregelamenduak ondoko alderdi hauek arautuko ditu, gutxienez:

  1. Kasuan kasuko federazioaren Batzar Nagusiaren osaera, estamentu bakoitzaren ordezkari kopurua adierazita.

  2. Hauteskunde Batzordearen osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

  3. Bete beharrekoak, epeak eta hautagaien aurkezpena eta aldarrikapena.

  4. Gatazkak eta erreklamazioak ebazteko prozedura.

  5. Hauteskunde mahaien osaera, eskumenak eta funtzionamendua.

  6. Hauteskundeei buruzko errekurtsoak aurkezteko bidea.

  7. Bozketa egiteko sistemak.

  8. Federazioko lehendakaria hautatzeko arauak.

  9. Hauteskundeen egutegia.

  10. Batzar Nagusian norbaitek kide izateari utziz gero izaten diren hutsuneak betetzeko prozedura.

    3. Batzar Nagusian dauden estamentu guztietan, kide bakoitzak boto bat emateko eskubidea izanen du, ohiko kasuetan. Federazioaren estatutuetan hala jasota badago, boto ponderatua ezartzen ahalko da, estatutuetan finkatzen diren irizpideen arabera.

    6. artikulua. Hauteskundeetarako deia.

    1. Federazio bakoitzeko lehendakariak eginen du Batzar Nagusirako hauteskundeetarako deia, Hauteskunde Erregelamendua onetsi ondoren, bertan ezartzen den araudiari eta prozedurari jarraikiz.

    2. Deialdia federazioaren web orrian eta iragarki oholean eta kirol arloan eskumena duen administrazio organoaren iragarki oholean jarri beharko da ikusgai. Egoitza Kirolaren Etxean duten federazioek Kirolaren Etxeko iragarki ohol orokorrean ere erakutsi beharko dute, hauteskunde prozesua hasi baino lehen. Baldintza hori bete ezean, hauteskunde prozesua balio gabe utziko da, eta erantzuleei dagokien erantzukizuna eskatuko zaie, Nafarroako kirol diziplina arautzeko araudiarekin bat.

    3. Kirol arloan eskumena duen administrazio organoak nahi dituen baliabideak erabil ditzake hauteskunde prozesuen zabalkundea egiteko.

    4. Deialdia egiten den unetik aurrera, Zuzendaritza Batzordea federazioaren Kudeaketa Batzorde gisa arituko da eta federazioko lehendakaria jarduneko lehendakaria izanen da; hala batak nola besteak administrazio eta kudeaketa lanak baizik ez dute eginen.

    5. Aipatutako Kudeaketa Batzordeko kideren bat federazioko lehendakari izateko hautagai gisa aurkezten baldin bada, Batzordea utzi beharko du aurkeztu baino lehenago edo aldi berean.

    6. Kudeaketa Batzordeak eta federazioko kideek ezin izanen dute hautagaitza bat bultzatu edo erraztu...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR