31/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 20koa, abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Abeltzaintza jarduera ekonomiko garrantzitsua da Nafarroako Foru Komunitatean, bai kualitatiboki eta bai kuantitatiboki. Hori dela eta, komeni da zehatz eta ongi antolatuta ezartzea jarduera horrek bete behar dituen baldintzak, ingurumenari, egoera higieniko-sanitarioari, animalien ongizateari eta antolamendu zooteknikoari dagokienez.

Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak bere 7. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako abeltzaintzako ustiategiek Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuarekin bat. Abeltzaintzako ustiategien inskripzio hori arautzen du, hain zuzen, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 2003ko apirilaren 28ko Foru Aginduak, zeinak Abeltegien Atala sortzen baitu, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren barrenean.

Era berean, Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 5. artikuluko a) puntuak ezartzen du ustiategien titularrek honako betebehar hau dutela: “abereen osasunari buruzko arautegiak behartzen duenean, ustiategiak ezartzeko nahitaezko baimen administratiboa eskatzea”. 3. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenei buruzkoan, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari esleitzen dio honako eskumen hau: “g) Abere kontzentrazioak, abeltzaintzako ustiategiak, hazitarako abereen egonlekuak, Estatuarenak ez diren ugalketa zentroak eta gune zoologikoak baimendu, sailkatu, erregistratu eta abereen osasunari dagokionez kontrolatzea”.

Azken urteetan zenbait arau argitaratu dira gai honen inguruan; adibidez, 324/2000 Errege Dekretua, zerri ustiategien oinarrizko antolamendu arauak ezartzen dituena; 209/2003 Errege Dekretua, erlezaintzako ustiategien antolamendu arauak ezartzen dituena; 1547/2004 Errege Dekretua, untxi ustiategien antolamendu arauak ezartzen dituena; 479/2004 Errege Dekretua, martxoaren 26koa, abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezarri eta arautzen duena; 1084/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa, haragitarako hegaztien hazkuntza arautzen duena; 1614/2008 Errege Dekretua, akuikulturari buruzkoa; 1221/2009 Errege Dekretua, zerri ustiategi estentsiboei buruzkoa; 804/2011 Errege Dekretua, ekainaren 10ekoa, zaldi ustiategietako antolamendu zooteknikoa, sanitarioa eta animalien ongizatearena arautzen dituena; 4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, ingurumena babesteko esku hartzeari buruzkoa; eta 93/2006 Foru Dekretua, azken foru lege hori garatzen duena.

Arau horiek Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzaren baldintzetara egokitzeko eta araudi nazionalean arautu gabe dauden alderdi zehatz batzuk arautzeko, komenigarria da arau hau onestea.

Bestetik, eritasunak zabaltzeko arrisku epidemiologikoak eta horrek berekin dakartzan osasun eta ekonomia arazoak ekidite aldera, arau honek ustiategien artean utzi beharreko osasun distantzia arautzen du 5. artikuluan. Era berean, 6. artikuluan ustiategien gutxieneko tamaina arautzen da. Ustiategien artean eritasunak hedatzeak ondorio oso larriak izaten ahal ditu, hala ustiategiaren titularrarentzat nola administrazioarentzat, abeltzaintzako beste ustiategi batzuentzat eta sektore osoarentzat. Eritasun jakin batzuen ondorioz, kalte-ordaina ordaindu behar izaten da eraginpeko animalia hiltzeagatik, eta animaliak mugitzeko eta esportatzeko mugak ezartzen dira. Neurri horiek ukitutako ustiategiari, kontrol eta zaintza eremuko ustiategiei edo eskualde nahiz herrialde osoari eragiten ahal diote. Ustiategiaren titularrak eskura dituen biosegurtasun neurri guztiak ezarri behar ditu eta ustiapenaren tamaina mugatu behar du, animalia asko kontzentra ez daitezen, horrek arrisku eta eragin handiagoa ekartzen ahal baitu eritasunak hartu eta hedatzeko.

Horregatik guztiagatik, neurri higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta zooteknikoak betetzen direla hobeki kontrolatze aldera, ustiategi berriek, erregistratzeaz gain, administrazioaren baimena beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak kudeatzen dituen alderdiei dagokienez. Hala, beharrezkoa izanen da proiektuak Abeltzaintza Zerbitzuaren baimena eskuratzea obrak hasi aurretik, eta ustiategiaren berrikuspena egitea instalazio berrietan abeltzaintzako jarduerari ekin baino lehen.

Arau honek ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua osatzen du, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 20ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. KAPITULUA

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea.

      Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko abeltzaintzako ustiategiek eta horien instalazioek bete behar dituzten baldintza higieniko-sanitarioak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak ezartzea, gehieneko produkzio ahalmena barne, abeltzaintzaren arloko dagokion departamentuak “abeltzaintzako baimena” eman dezan.

    2. artikulua. Aplikazio eremua.

      Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen diren edo aldatzen diren abeltzaintzako ustiategiei eta horien instalazioei aplikatuko zaie. Dena den, lehendik dauden abeltzaintzako ustiategiek ere lehen xedapen iragankorrean zehaztutako baldintzetara egokitu beharko dute.

    3. artikulua. Definizioak.

      Foru dekretu honen ondorioetarako, honako definizioak hartuko dira aintzat:

      –Abeltzaintzako ustiategia: Irabazi asmoekin nahiz gabe, produkziorako animaliak edukitzeko, hazteko, erabiltzeko edo jendaurrean jartzeko instalazioen, eraikinen edo, aire zabaleko hazkuntzaren kasuan, lekuen multzoa. Ondore horietarako, multzo horietan sartzen dira gune zoologikoak, hiltegiak eta animaliak hiltzeko beste leku batzuk, zezen ikuskizunak egiteko zentroak, operadore komertzialen instalazioak eta kontzentrazio zentroak.

      –Produkziorako animaliak: Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro orokorra ezartzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan zehazten diren espezieei edo espezie taldeei dagozkienak. Espezieetan eta espezie taldeetan sailkatzen dira, 14. eranskinaren arabera.

      –Abeltzaintzako instalazioa: Gune bakar batean kokatuta dauden eta multzo bat osatzen duten eraikinak, abeltzaintzako barrutiak eta ekipamenduak, baldin eta horietan hiltegiko abereak hazten, ekoizten edo ugaltzen badira. Tipologiaren, tamainaren eta 2. unitatean adierazitako abeltzaintzako unitateen arabera, abeltzaintzako instalazioak honela sailkatzen dira: etxekoak, edukiera txikikoak, edukiera ertainekoak eta edukiera handikoak.

      –Lehendik dagoen instalazioa: Foru dekretu hau indarrean sartzen den unean martxan dagoen edo, oraindik ere martxan egon ez arren, dagokion ingurumen baimena eskuratu duen instalazio oro, baldin eta baimena lortu eta hurrengo hamabi hilabeteetan martxan jartzen bada, beranduenez.

      –Bahitze puntua: Ustiategi estentsiboetan, animaliak ibilgetu behar izanez gero, horiek gordetzeko edo bahitzeko erabiltzen den itxitura edo instalazioa.

      –Ustiategiko titularra: Animalien arduraduna den edozein pertsona fisiko edo juridiko (jabea edo hazlea), baita aldi baterako jabea edo hazlea bada ere.

      –Abeltzaintzako ustiategi estentsiboa: Ustiategi hauetan, azienda aire zabalean egoten da nagusiki, eta azalerako unitate bakoitzeko azienda karga

      –Abeltzaintzako ustiategi intentsiboa: Ustiategi hauetan, bertako animaliak ukuiluratuta egoten dira beren produkzio zikloko zati handi batean, simaurrak edo mindak etengabe pilatuta. Hemen sartzen dira, halaber, ustiategi estentsiboen definizioan sartzen ez diren guztiak.

      –AzLU, Azienda Larriko Unitatea: 1. eranskineko baliokidetzen taularen arabera, esnetarako behi heldu baten baliokidea (24 hilabete baino gehiagokoa).

      –Arrisku epidemiologiko handiena duten ustiategiak: Operadore tratularien ustiategiak, kontzentrazio zentroak, ugalketa zentroak eta osasun arloko eskumeneko agintaritzek erabakitzen ahal dituztenak, arrisku epidemiologikoetan edo balio genetiko altuan oinarrituta.

      –Tratulari eta operadore komertzialen instalazioak: Operadore komertzial gisa erregistratutako pertsona fisiko edo juridikoen titulartasuneko instalazioak, jardueraren xede diren animaliak erosi eta gehienez hurrengo 30 egunean gordetzen dituztenak.

      –Kontzentrazio zentroak: Ustiategi desberdinetatik datorren azienda biltzen duten instalazioak, bilketa zentroak eta merkatuak barne; bertan animalien loteak osatzen dira, merkaturatzeko, lehiaketetarako edo erakusketetarako. Ez dira kontzentrazio zentrotzat hartzen tratulari eta operadore komertzialen instalazioak.

      –Gune zoologikoak: Animalia autoktono, aloktono eta exotikoen bilduma zoologikoak osatzen dituzten zentroak edo establezimenduak; bilduma horien helburuak izaten ahal dira zientifikoak, kulturalak, aisialdikoak, komertzialak, ugalketakoak, berreskurapenekoak eta kontserbaziokoak. Hemen sartzen dira parke edo lorategi zoologikoak, zoosafariak eta erreserba zoologikoak edo animalien bankuak, bilduma zoologiko pribatuak, animaliak dituzten zirkuak, erakusketa zoologiko ibiltariak eta beste elkarte zoologiko batzuk.

      –Zaldi ostatuak: Zaldiak aldi baterako edukitzeko instalazioak, landetxe, hotel edo beste mota bateko establezimendu turistikoetan.

      –Ustiategi zinegetikoak: Helburu nagusi gisa dutenak abeltzaintzarako ustiategien erregistro orokorra ezarri eta arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuaren 1. eranskinean jasota dauden espezie batzuetako animaliak haztea, animalia horien aurrerakoen hazkuntza egitea, ekoiztea edo ugaltzea, ehiza barrutiak eta eremu zinegetikoak birpopulatzeko; azken xedeak izaten ahal dira animaliak eremu horietan askatzea, ehizatzea, beste ustiategi zinegetiko batzuk hornitzea edo hiltzea.

      –Abeltzaintzako ustiategi edo instalazioen edukiera: Instalazio batek gehienez gobernatzen edo ustiatzen ahal dituen animalien kopurua (AzLUtan edo azienda unitateetan...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR