303/2019 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ATARIKOA

Espainiako Konstituzioak Atariko Tituluaren 3. artikuluan xedatzen du, Espainia aberatsa izanik mintzaira-moldez, bereziki errespetatu eta zainduko dela kultura-ondare hori. Era berean, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 22. artikuluan aitortzen du Batasunak aniztasun kulturala, erlijiosoa eta linguistikoa errespetatzen dituela.

Ildo berean, Europako Kontseiluaren baitan eginiko Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak, Espainiak 1992ko azaroaren 5ean Estrasburgon sinatu eta 2001eko otsailaren 2an berretsi zuenak, ezartzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen babesak Europako kultura tradizioak eta aberastasuna mantentzen eta garatzen laguntzen duela.

Espainiak gutun hori Berresteko Tresnan aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla zenbait autonomia erkidegotako, tartean Nafarroa, autonomia estatutuek ofizialtzat jotakoak eta horiei aplikatuko zaizkiela Gutunaren III. ataleko xedapenak, hain zuzen ere, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera bizitza publikoan sustatzeari buruzkoak. Era berean, Espainiak aitortzen du eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat hartzen direla autonomia estatutuek tradizioz mintzatzen diren lurraldeetan babestutakoak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala eta euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izanen duela Nafarroako eremu euskaldunetan. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen bidez arautzen da euskararen erabilera arrunta eta ofiziala bizikidetza sozialaren eta irakaskuntzaren esparruetan. Foru lege horrek, 2. artikuluan adierazten du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta ondorioz, herritar orok duela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakundea irailaren 10eko 183/2007 Foru Dekretuaren bidez sortu zen erakunde autonomo gisa, euskara berreskuratzera, sustatzera eta garatzera bideraturiko langileak eta baliabide ekonomikoak modu positibo eta integratzaile batez kudeatzeko. Ordutik hona estatutuek erregulazio bat baino gehiago izan dituzte.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bitartez ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura. Foru dekretu horrek Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari esleitu dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hizkuntza politikaren alorrean dituen eskumenak.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zuen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuaren bidez, departamentu horretara atxikirik gelditu zen Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa.

Erakunde autonomo hau abian egon den urteetan izandako esperientziak bi alderdi hauek kontuan hartu behar direla erakutsi du: batetik, euskararen garapenari tratamendu organiko desberdindua eman behar zaiola Euskararen Plan Estrategikoaren eskakizunak behar bezala betetzeko, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuaren departamentu-egitura berrian izan diren aldaketak estatutu arauetan bildu behar direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 48. eta 49. artikuluek xedatzen dute erakunde autonomoak sortuko direla eta haien estatutuak aldatuko direla Nafarroako Gobernuak emandako foru dekretu bidez, erakundea atxikia duen departamentuko titularrak proposaturik.

Horrenbestez, foru dekretu honen xedea da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren eskudantziak eta egitura organiko berria finkatu eta garatzea.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hemeretziko azaroaren seian egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Estatutuak onestea.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; estatutuen testua foru dekretu honen eranskina izanen da.

Lehen xedapen gehigarria.–Kudeaketa esleipenak.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak atxikita dagoen departamentuko edo beste bateko beste organo edo erakunde publiko batzuei agindu diezaieke, esleiturik dituen helburuak eta eginkizunak betetzeko, beharrezkoak diren izaera materialeko, teknikoko edo zerbitzuetako jarduerak egitea, gai hau arautzen den legeetan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarren xedapen gehigarria.–Izendapenak berrestea.

Berretsi egiten dira foru dekretu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten zerbitzuetako zuzendaritzen eta ataletako burutzen izendapenak, haiek egin zireneko baldintza berberetan betiere.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen dira foru dekretu honetan ezartzen denari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, zehazki, abuztuaren 28ko 130/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren estatutuak. Foru dekretu horren bidez onetsi ziren Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoaren estatutuak.

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arauen garapena.

Ahalmena ematen zaio Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularrari foru dekretu hau garatzeko eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

EUSKARABIDEA-EUSKARAREN NAFAR INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

  1. TITULUA

    Izaera, atxikipena eta eskumenak

    1. artikulua. Izaera.

      Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomo bat da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du bere helburuak bete ahal izateko.

      Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua zeharkakotasunez arituko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetan, indarra duen araudiari jarraikiz.

    2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

      Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, bere helburuak betetzeko, hizkuntza politikaren arloan ardura duen departamentuaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da –hari atxikita baitago– eta departamentu horrek Estatutuek, foru legeek eta antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak erabiliko ditu Euskarabidean.

    3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

    4. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuari dagozkio euskararen erabilera ofizialaren araudia garatzeko ikerketa- eta aholkularitza-eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatu, sustatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

    5. Eskumen horiek garatzeko eta haien esparru materialaren barnean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

      1. Hizkuntza politikako eskumen-esparruetan euskararen tratamendua ukitzen duten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoetako jarduketak aztertu eta ebaluatzea, eta jarduketa horien gaineko txostenak egitea.

      2. Nafarroako Gobernuaren xedapen orokorretako proiektuen nahitaezko txostenak egitea, indarrean den hizkuntzaren alorreko legeriari egokitzeari dagokionez.

      3. Euskarari buruzko Foru Legearen eta berau garatzen duten arauen aplikazioari dagozkien araudi eta planen proposamenak egitea, bere ekimenez zein hala eskatzen zaionean.

      4. Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak betetzen direla bermatzeko jarduketa irizpideak proposatuz.

      5. Nafarroako Gobernuko sozietate publikoei aholku eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

      6. Nafarroako toki entitateei eta udal izaerako beste entitate publiko batzuei aholku eman eta haiekin lankidetzan aritzea, Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeari dagokionez.

      7. Nafarroan den Estatuko Administrazioari aholku ematea, bi administrazioek hala adosten badute, eta Euskarari buruzko Foru Legea eta berau garatzen duten arauak aplikatzeko orduan lankidetzan aritzea.

      8. Euskararen Nafar Kontseiluaren jarduera koordinatzea.

      9. Europar Batasuneko eremu urriko edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jarduketen gaineko txostenak aztertu eta prestatzea, bereziki, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioari dagokionez.

      10. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek euskara ikasteko eta hobetzeko prestakuntza antolatu eta kudeatzea, eta euskararen ezagutza egiaztatzea.

      11. Euskararen ezagutza egiaztatzeko probak egitea, prestakuntzara edo hautatze prozesuetara loturik, eta egiaztagirien erregistroa mantentzea.

      12. Helduei euskara irakastera bideraturiko laguntzak kudeatu eta irakaskuntza mota hori ematen duten entitateekin lankidetza hitzarmenak proposatzea, gaur egungo eta etorkizuneko eskariari erantzuten zaiola bermatzeko.

      13. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren ediziorako xedapen orokorren, administrazio ebazpenen eta gainerako egintza eta dokumentuen itzulpen ofiziala egitea.

      14. Nafarroako Administrazio Publikoek eskatzen dizkioten euskara-gaztelania itzulpen lan ofizialak bi norabideetan egitea, Euskarari buruzko Foru Legeak eta berau garatzen duten arauek xedaturikoarekin bat.

      15. Administrazio Publikoei aholkua ematea euskara-gaztelania zein gaztelania-euskara itzulpen ofizialen arloan.

      16. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ekitaldi publikoetan, komunikazioetan eta irudi korporatiboan euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatzeko irizpideak prestatzea.

      17. Terminologiaren arloan ekin eta euskararen hizkuntza baliabideekin eta terminologiarekin loturiko gaietan lan egiten duten entitate publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea.

      18. ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR