29/2018 FORU LEGEA, abenduaren 26koa, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO MEMORIA HISTORIKOAREN TOKIEI BURUZKOA.

HITZAURREA

Gaur egungo gizarteetan memoria ezinbesteko tresna bilakatu da egiazko bizikidetza justu eta baketsua eraikitzeko bidean aurrera egiteko. Iragan hurbilean demokraziaren kontrako erregimenen indarkeriaren traumak astindu dituen gizarteetan, ahanzturaz eta memoria ezaz jokatzea guztiz bidegabea da biktimekin. Memoria eta gertatutakoaren oroimena dira bide bakarrak traumaz jabetzeko, biktimen minarekin eta egoera bidegabeekin enpatia sentitzeko, biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea gauzatuko duten politika publikoak garatzeko; horrenbestez, bide horretatik lortuko da egiazko bizikidetza, begirada etorkizunean paratzen duena eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak ezartzeko lanari helduko diona. Izan ere, memoria mota asko daude, dudarik gabe, baina justua izanen bada, kritikoa izan behar du ezinbestez, eta iragana konpromisotik aztertu: konpromisoa giza eskubideekin, pertsonaren duintasunarekin, demokraziarekin, berdintasunarekin, justizia sozialarekin eta askatasunarekin.

Memoria indarkeria eta trauma gogoratzetik harago doa; iraganarekin lotutako zerbait baino gehiago da. Memoria, lehenengo eta behin, etorkizunari dagokio, eta, gizarte demokratikoetan, estuki eta fermuki loturik dago bakean eta giza eskubideetan oinarritutako kulturaren sustapenarekin. Memoria ezinbesteko tresna da hainbat balio gizarte osoan sustatu eta hedatzeko, askatasuna, begirunea, tolerantzia, negoziazioa eta akordioa, hain zuzen ere, bai eta horiek hurrengo belaunaldiei transmititzeko ere.

Gertatutakoaren memoria transmititzen da artxiboetan gordetako agirien bidez, gertaera haietako protagonista eta lekuko izan zirenen ahotik, eta familien baitan gorde eta helarazten den errelatoan; irudiak, soinu grabaketak eta ikus-entzunezkoak ere transmisio bideak dira. Finean, memoria gureganaino iritsi diren arrastoen bidez transmititzen da. Baina tokiak ere memoriaren transmisiorako bideak dira, gure gizartea bakean eta askatasunez garatzea baldintzatu eta eragotzi zuten gertaera latz eta tragiko haien tokiak alegia: hilobi komunak, non milaka lagun ehortzi baitzituzten, bortxaz desagerrarazi eta hil ondoren; bidegabeki espetxeratu eta errepresaliatutako milaka lagunentzako kartzela eta errepresio tokiak; edo herri-lanak, beren borondatearen kontra lan egitera behartutako presoek eraiki zituztenak, legez eratu eta herritarrek libreki aukeratu zuten Errepublikaren alde egiteagatik zigorra jaso ondoren.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiak dira, izuarekin eta indarkeriarekin lotutako tokiak, zeinetan giza eskubideen era guztietako urraketak egin baitzituzten botere zilegiaren kontra altxatu, eta indarkeriaz baliatu zirenek beren ideiak, ideologia eta proiektu politikoa defendatu eta inposatzeko.

Eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiak dira, halaber, demokrazian bizitako hamarkada hauetan familiek, memoriaren aldeko elkarteek eta zenbait toki entitatek eta erakundek eraikitako oroigarriak. Indarkeria bidegabe eta ez-zilegiaren ondorioak pairatu zituzten milaka pertsona haien oroimenez sortutako guneak dira. Memoriaren legatu hori gordetzeko, biktimei ohore egiteko, haien familiei erreparazioa emateko, eta etorkizuneko belaunaldiei bakearen, bizikidetzaren eta errespetuaren balioak transmititzeko asmoz egindako tokiak dira.

Foru lege honen helburua memoriaren toki horiek babestea da, haien seinaleztapena eta zainketa arautzea, eta haiek ezagutzera ematea, terrorearen toki izandakoak oroimenerako eta bakearen eta bizikidetzaren balioak transmititzeko gune bilaka daitezen.

  1. TITULUA

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea.

      Foru lege honen xedea da Nafarroako memoria historikoaren tokiak deklaratu, babestu, zaindu eta haien berri zabaltzea, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakean eta bizikidetzan oinarritutako kultura sustatzeko lagundu dezaten, balio hauekin bat:

      1. Giza eskubideen eta biktimen eskubide hauen errespetua: egia, justizia eta erreparazioa izatekoa eta berriz ez gertatzeko bermeak ezartzekoa.

      2. Memoria ezinbesteko tresna dela gizarte etikoagoak, justuagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko, gure iragan traumatikoari modu kritikoan begiratzen diotenak eta biktimen erreparazioaren alde lan egiten dutenak.

      3. Begirunea, tolerantzia, negoziazioa, akordioa eta elkartasuna sustatzea, egiazko bizikidetza justu eta baketsua eraikitzeko modua den aldetik.

    2. artikulua. Nafarroako memoria historikoaren tokiak.

    3. Memoria historikoaren tokia gune fisiko bat da, Nafarroan dagoena eta halakotzat deklaratuta eta inskribatuta, eta Foru Komunitatearen interesekoa, memoriaren ondare historikoa den aldetik, bertan garrantzi bereziko gertaerak izan zirelako, 1936ko kolpe militarraren eta ondoko errepresio frankistaren ondorioz herritarren kontra erabilitako errepresioarekin eta bortxakeriarekin lotutakoak. Hartara, halakotzat deklaratzen ahalko dira honakoak:

      1. 1936ko kolpe militarraren ondotik eta haren ondorioz desagerrarazitakoak eta fusilatutakoak ehortzi zituzten hobiak edo ehorzketa-lekuak, kolektiboak nahiz banakoak.

      2. Indarkeria eta errepresio frankista jasan zutenak atxilotzeko eta hiltzeko tokiak.

      3. Frankismoan preso egon zirenen bortxazko lanak baliatuz eraikitako herri-lanak.

    4. Era berean, Nafarroako memoria historikoaren tokia da halakotzat deklaratu eta inskribatutako edozein toki, gertaera haiekin lotura zuzen eta historikorik izan gabe ere, biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, erakundeek eta administrazio publikoek gerora sortutakoa errepresio haren biktimentzako oroimen, aitortza eta erreparazio gisa.

    5. Nafarroako memoria historikoaren tokiak, alderdi fisikoaz gain, biktimentzako omenaldi eta erreparazio guneak dira, eta foru lege honek ematen dien babes berezia izanen dutenez, kasu bakoitzean beharrezkotzat diren neurriak aplikatuko zaizkie, kontuan hartuz haien kokalekua, bertan gertatutakoaren garrantzia, egoera, hirigintza aldeko egokitasuna eta haien eragin ekonomiko eta soziala, eta beti zainduko da haien izaera, memoriaren eta erreparazioaren aldekoa.

    6. artikulua. Printzipio orokorrak.

      Nafarroako Foru Komunitateak, bere eskumenen esparruan, honako printzipio hauen arabera jardunen du memoria historikoaren tokiei dagokienez:

      1. Babesaren izaera orokorra. Botere publikoen eta herritarren betebeharra da foru lege honetan ezarritako neurriak hartzea Nafarroako memoria historikoaren tokiak babesteko.

      2. Erakundeen arteko lankidetza. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak lankidetzan jardunen du Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta toki entitateekin Nafarroako memoria historikoaren tokiak deklaratu, babestu, zaindu eta haien berri zabaltzeko.

      3. Ondasunen titularrekiko elkarlana. Nafarroako Administrazio Publikoak elkarlanean arituko dira, foru lege honetan ezarritakoaren esparruan, Nafarroako memoria historikoaren tokien parte diren ondasunen titularrekin, partikularrak nahiz erakundeak izan, horiek deklaratu, babestu, zaindu eta haien berri zabaltzeko.

      4. Sustapena. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasoko da Nafarroako memoria historikoaren tokiak babestu eta zaintzea, baita haien zabalkundea ere, ekitaldi bakoitzeko aurrekontuetako aukeren arabera.

      5. Irisgarritasuna. Foru lege honetan eta irisgarritasun unibertsalerako baldintzei buruzko araudian ezarritako baldintzekin, Nafarroako memoria historikoaren tokiak irisgarriak izanen dira pertsona guztientzat, eta aukera berdintasuna eta diskriminazio eza bermatuko dira, ezagutu eta errespetatu daitezen laguntzeko.

      6. Zabalkundea. Nafarroako Administrazio Publikoek Nafarroako memoria historikoaren tokiak sustatuko dituzte eta haien zabalkunde-lana eginen dute. Haiei buruzko ikasketak, bestalde, Nafarroako hezkuntza-sistemaren barnean egonen dira.

      7. Berdintasuna. Nafarroako Administrazio Publikoek aintzat hartuko dute gizon eta emakumeen arteko genero berdintasuna, eta genero ikuspegia erantsiko dute, Nafarroako memoria historikoaren tokiei buruzko lanean.

    7. artikulua. Memoria historikoa terminoaren esparru kronologikoa.

    8. Foru lege honen ondorioetarako, memoria historikoak hartzen duen aldi kronologikoa 1936ko uztaileko kolpe militarretik 1978ko abenduaren 29ko Konstituzioak indarra hartu artekoa da.

    9. Data horiek ez dira kontuan hartuko foru lege honen 2. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren memoriaren aldeko guneen kasuan.

    10. artikulua. Eskumenak.

    11. Foru Komunitateko Administrazioak honako eskumen hauek ditu Nafarroako memoria historikoaren tokiei dagokienez:

      1. Haien zainketa eta babesa bermatzea, izaera orokorrarekin.

      2. Haien aldeko kautelazko neurriak hartzea edo, beharrezkoa bada, nahitaezko desjabetzea.

      3. Haien sustapena eta zabalkundea.

      4. Zehapen ahalmena erabiltzea, foru lege honetan ezarritako baldintzetan.

      5. Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa kudeatzea.

      6. ...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR