22/2016 FORU LEGEA, abenduaren 21ekoa, zeinaren bidez herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen baitira etxebizitzaren alorrean.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ZEINAREN BIDEZ HERRITARRENTZAKO LAGUNTZA-NEURRIAK EZARTZEN BAITIRA ETXEBIZITZAREN ALORREAN.

SARRERA

I

Nafarroako Gobernurako 2015-2019 Legegintzaldirako programa-akordioak etxebizitza-alorreko neurri-sorta bat biltzen du, nafar herritarrentzat etxebizitza duin eta egoki baterako eskubidea gauzatzeko asmoz.

Neurri horien ezarpena ezin da berandutu, kontuan harturik nolako egoeran dauden Nafarroako Foru Komunitatean bizi diren pertsona asko, duela zortzi urte baino gehiagoz geroztik pairatzen ari garen krisialdi ekonomikoaren ondorioz, zeinak ausiki bereziki latza egin baitie biztanleriaren sektore behartsuenei.

Foru lege honen bitartez, programa-akordioan jasotako eginkizun asko bete nahi dira. Horretarako, beharrezko gertatzen da zenbait artikulu aldatzea maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean, Nafarroan Etxebizitza Izateko eskubideari buruzkoan, eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen horretan.

II

  1. artikuluan jasotzen dira Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeko zenbait artikuluren aldaketak.

    Lehenik eta behin, modua ezartzen da Nafarroako Administrazio Publikoen edo haien menpeko sozietate publikoen etxebizitza babestuak prekarioan lagatzeko, halatan gizarteratze- edo laguntza sozialeko programen babespera bildutako pertsonak artatzeko. Horrekin lortu nahi da etxebizitza-larrialdiko egoera zehatz batzuei erantzutea, zeinak orain arte ezin baitziren etxebizitza babestuak erabiliz konpondu, etxebizitza horien erabilerari eta esleipenari buruzko araubidearen zurruntasuna zela-eta.

    Gizarteratze-arloko beharrizanak dituzten pertsonei etxebizitza babestuak errentamendu-araubidean eskuratzeko premiari heldurik, foru lege honek zabaldu egiten du pertsona-kolektibo horien alde etxebizitza babestuen erreserba ezarri ahalko den kasuen multzoa, horrenbestez esleipen-prozedura malguagoturik eta, zalantzarik gabe, etorkizunean sor litezkeen ustekabeko egoerei azkarrago erantzutea ahalbideturik.

    Halaber, eta kolektiborik behartsuenen premiei erantzuteko asmo berberarekin, modua ezartzen da etxebizitza babestuen errentamendua baimentzeko, etxebizitza haiek errentan ematen zaizkienean toki entitateei, edo etxebizitza zertarako eta ardurapean dituzten helburu sozialetarako behar duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei.

    Bestalde, 10. artikuluaren testua aldatzen da, etxebizitza babestuen gehieneko salmenta-prezioari eta gehieneko errenta-prezioari bestelako araubide bat ezartzeko. Azken batean, xedea da etxebizitza babestuen gehieneko errenta-prezioa deslotzea etxebizitza babestuen salmentari aplikatzekoak zaizkion moduluen eta prezioen bilakaeratik, guztiz ezberdinak baitira etxebizitza babestuen errentamenduaren helburuak eta haien salmentarenak. Gainera, azken urteotan ikusi da gehieneko errenta-prezioak gehiegi garestitu direla, etxebizitza babestuen salmentari aplikatzekoak zaizkion moduluen pixkanakako igoeraren ondorioz. Garestitze hori etxebizitza babestuen errenta-prezioari aplikatzearen ondorioz, merkatu libreko errentamendu-prezioa prezio babestuaren azpitik gelditu izan da kasu askotan, eta horrek ez dauka inolako logikarik.

    Horrek praktikan dakar maizterrek diru-laguntzak jasotzeko aukera duteneko etxebizitza babestuen gehieneko errenta-prezioak jaistea, eta bi errentamendu-prezio ezberdin ezartzea etxebizitzen kokalekuaren arabera, orain kontsumoko prezioen indizeen sistemaren indize orokor nazionalaren bilakaerari lotuta.

    Orekagarri, foru lege honek berreskuratu egiten du erosketa-aukerarik gabeko errentamenduko araubidea duten etxebizitza babestuen sustatzaileentzako diru-laguntza. Gogora dezagun diru-laguntza hori indargabetu egin zuela martxoaren 14ko 16/2012 Foru Dekretuak, zeinaren bidez 59. artikulua indargabetu baitzitzaion urtarrilaren 9ko 4/2006 Foru Dekretuari, Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak eta etxebizitzetarako eraikinen sustapena arautzekoari. Praktikan, horren ondorioa izan zen errentamendu-araubideko etxebizitza babestuen sustapen berri gehiago eraikitzeari uztea.

    Programa-akordioan jasotako beste puntu bat da etxebizitza-kooperatiben sustapena. Puntu hori betetzeko, 20. artikuluaren 5. Idatz-zatiaren testua aldatzen da, etxebizitza babestuak sustatze aldera udalerrian erroldaturiko pertsonen kooperatibak eratzea ahalbidetzeko. Aurreikuspen hori bazegoen jadanik lehenagotik, baina hedatu egiten da Iruñerritik kanpoko 10.000 biztanlerainoko udalerrietara, eta 4 urtetik urtebetera murrizten da udalerrian erroldatuta egon beharreko denbora-epearen betekizuna. Interes berezikoa da irabazi asmorik gabeko elkarteek babes ofizialeko etxebizitzak erabilera-lagapeneko araubidean sustatzeari buruzko araubide berria. Azken batean, asmoa da kooperatibagintza sustatzea, halaber sorturik etxebizitza eskuratzeko araubide berri bat, etxebizitza-erosketa edo -errentamenduaz landakoa, araubide baten eta bestearen onena hartzen saiatuz, gizarte aldakor baten premia berrietara egokitzeko. Era horretan sustaturiko etxebizitzak babes ofizialeko etxebizitzei aplikatzekoak diren xedapen orokorrek gobernatuak dira, nahiz eta babes-araubidearen iraupena mugagabea izanen den, eta ez den beharrezkoa izanen etxebizitzak esleituak izatea etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldaren bitartez.

    Eginiko hurrengo aldaketak xede du etxebizitza babestuen esleipenean orain arte gertatu izan den egoera bidegabe eta diskriminatzaile bat amaiaraztea: Nafarroako Foru Komunitateko udalerriren batean erroldatuta emandako urteen araberako puntuazioa.

    Etxebizitzarako eskubidea eskubide konstituzional bat da, bermatu behar dena zenbanahi direla ere toki jakin batean bizitzen emandako urteak, Nafarroan erroldaturiko pertsona guztiak berdintasunez tratatu behar direlakoan. Horregatik, etxebizitza babestu bat erosi edo errentan hartzeko aukera izateko baremoetan jasotako berariazko puntuazioa, xedetzat zuena Foru Komunitateko udalerriren bateko erroldaldi-urteak lehenestea, bertan behera uzten da, eta erroldaldi-antzinatasuna erreferentziatzat zeukaten foru legeko beste artikulu batzuk aldatuak dira.

    Halaber, errentamendu-aukera izateko baremoa aldatua da, puntuazio handia ematearren edozein arrazoi tarteko dela bizitzen ari ziren etxebizitza galdu duten pertsonei, eta orain arteko aurreikuspena hedatu egiten da ordainean emateren bat gertatu den kasuetara edo errenta ez ordaintzeagatik etxegabetuak izan diren pertsonetara. Eta etxebizitza-kontu baten titulartasunarengatiko zerga-arinketa desagertu delarik, arrazoi horrengatik lehenago zegoen kontzeptua aldatu eta hedatu egiten da, etxebizitza babestu bat eskuratu aurretik gutxieneko aurrezpen bat duela frogatzen duena barne hartzeko. Azkenik, betebehar gisa ezartzen da etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldaren bitartez egin dadila 60 urte baino gehiagoko pertsonentzako edo desgaituentzako tutoretzapeko apartamentuen esleipena, eta lehendik xede horretarako baizik ez zegoen baremoa kendu egiten da.

    Arreta berezia merezi du 40. artikuluari eginiko aldaketak, zenbait betebehar ezartzen baitzaizkie errentamendu-araubideko etxebizitza babestuen kudeatzaileei, eraikinaren elementu amankomunen kudeaketatik eratorritako gastuak sailkatu ahal direneko kontzeptu ezberdinen finkaketan beharrezkoa den gardentasuna dagoela zaintzearren.

    Azkenik, titulu berri bat gehitzen zaio maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari, etorkizunean etxebizitza-arloko politiken taxuketan herritarrek parte har dezaten ziurtatzeko. Parte-hartze hori bidez ezberdinen bitartez mamituko da; haietatik nagusia Nafarroako Etxebizitza Plana da, zeinaren gutxieneko edukia eta prestatze-prozedura foru lege honek arautzen baititu.

    Horrez gain, titulu berrian etxebizitza-arloko administrazio-antolaera berri bat jasotzen da; halatan, Nafarroako Etxebizitza Kontseilua arlo honetan Nafarroako Gobernuak duen kontsulta- eta aholkularitza-organo gisa ezartzen da, eta jadanik existitzen den etxebizitza-arloko bitartekotza Zerbitzuaren funtzionamendua arautzen da.

    III

    Programa-akordioa betetzeko orobat behar da irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua aldatu, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena. Horretarako, haren manu batzuk aldatzen dira 2. artikuluan.

    Lehenik eta behin, energia-ziurtagiriaren arloan aplikatzekoa den Europar Batasuneko araudia betetzen joateko, eskatuko da 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera kalifikatzera aurkezten diren etxebizitza babestuen sustapen guztiek froga dezatela gutxienez ere B mailako energia-kalifikazioa lortuko dutela energia-kontsumoari dagokionez.

    Bigarrenik, populazio-sektore behartsuenei laguntzeko neurri gisa, errenta-prezioaren %75eko diru-laguntza bat ezartzen da etxebizitza babestuen errentamenduen berritze edo luzatzeen kasuetarako, maizterra gizarteratze-errentaren hartzaile denean.

    Baliabide gutxien duten pertsonei laguntzearen helburu berberaren mesedetan egina da eraikin eta etxebizitzen zaharberritze babestuari buruzko zenbait artikuluren aldaketa.

    Ildo horretan, obrek babestu-izaera izateko eta beraz kasuko laguntzak eskuratzeko eskubidea izateko haietan gastatu beharreko gutxieneko zenbatekoa jaitsi egiten da, eta berariazko laguntzen sorta bat ezartzen da, baldintza egokietan jartze aldera Gizarteratze Etxebizitza programaren pean eskuraturiko etxebizitzak edo gizarteratze-errenta jasotzen duten famili unitateen jabetzakoak. Aukera ematen da diru-laguntza garaiz aurretik eskuratzeko, irabazi-asmorik gabeko enteen eta toki entitateen bitartez. Halaber, gizarteratze-errentaren onuradunentzako laguntza-portzentaje gehigarri bat ezartzen da, eta zenbait kolektiborentzako diru-laguntzak hobetzen dira: 65 urtetik gorakoentzakoak, desgaitu motor larrientzakoak, familia ugarientzakoak, gazteentzakoak, genero-indarkeriaren biktimentzakoak eta terrorismoaren biktimentzakoak.

    Zaharberritzeei dagokienez...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR