18/2016 FORU LEGEA, abenduaren 13koa, 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duena.

Atala:I. Nafarroako Foru Komunitatea
 
EXTRACTO GRATUITO

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 2017-2019 ALDIRAKO TOKI INBERTSIOEN PLANA ARAUTZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

  1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123.4 artikuluak xedatzen duenez, toki entitateek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kapital transferentzietarako ezarritako zenbatekoaren banaketa inbertsio planak sortzen dituzten foru legeetan paratuko den moduan eginen da.

    Aspaldi honetan nabaria da gero eta adostasun handiagoa dagoela toki entitateek Nafarroa osoaren tributu ahaleginean parte-hartze zuzen, proportziozko eta egonkorra izan beharraz.

    Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Lege indardunaren 61.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion foru lege baten esparruan, inbertsio planak ezarriko ditu, toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresna gisa, Nafarroako lurralde osoan nahitaezko udal zerbitzuak bermatzea helburu.

    Oinarrizko helburu horri kalterik egin gabe, beharrezkoa da lurralde desoreka nabarmen batzuk zuzentzea, toki entitateetan ekipamenduez eta zerbitzuez egiaz baliatzeko aukerei eragiten dietelako. Lurraldeen arteko oreka areagotu beharra dago, Iruñerriak bereganatu duen zentralitateari kontrapisua eginez, galtzaile izan diren landa eremuen alde, izan ere, eremu horiek populazioa galtzeko prozesuetan sartuta daude eta gero eta arazo gehiago dituzte bizilagunei kalitatezko zerbitzu publikoak emateko. Nafarroako bizilagun guztiek izan beharko lituzkete, inguru hurbilean, populazio gehien dituzten eremuetan ematen direnen maila bereko ekipamenduak eta prestazioak, toki esparrukoak.

    Hasierako baldintza horrekin heldu zaio Nafarroako toki administrazioa berrantolatzeko prozesuari; berrantolaketak eskumenei eta antolaketa ereduari ez ezik, finantzaketari ere eraginen dio, oinarrizko printzipio hauekin bat eginda: subsidiariotasuna, egonkortasuna, udal autonomia, diru-sarreretako ekitatea, finantza askitasuna eta lurraldeen arteko elkartasuna.

    Horrek berarekin dakar egungo araudi batzuk, toki ogasunei buruzkoak eta toki entitateek Foru Komunitateko tributuetan izan beharreko parte-hartzeari buruzkoak, errotik birpentsatzea, toki esparruan eman beharreko zerbitzuetarako finantzaketa egokia ziurtatzeko, xede zehatzetarako diru-laguntzen menpe egon gabe, eta transferentzia arruntak eta kapital transferentziak bereiztean datzan egungo eredua gainditzeko asmoarekin.

    Nafarroako toki administrazioaren erreforma zabal hori gauzatzeko prozesua abian jartzeko, komeni da Toki Inbertsioen Plan honen iraupena 2019az harago ez luzatzea, toki finantzaketarako eredu berri hori datorren bitartean. Pentsatzekoa da ordurako toki inbertsioak finantzatzeko lege esparru berri eta egonkorra izanen dugula.

  2. Oinarri hauen gainean, foru lege honek arautzen duen Toki Inbertsioen Plana hiru ataletan egituratu da.

    Inbertsio Programen atalean, eranskinak barne, hiru zerrenda daude, ordenatuta eta lehentasunak zehaztuta, eta bertan jarduketa zehatzak jasotzen dira, hiru arlo hauetan: uraren goi hornidura; hiri hondakinen tratamendua eta belaunaldi berriko banda zabalerako sarbide sareak hedatzeko azpiegitura pasiboak. Azken horiek ezinbestekoak dira teknologiaren ikuspuntutik aurreratuenen artean egon nahi duen gizarte batentzat, eta, gainera, derrigorrezkoak dira Europako Agenda Digitala egokiro betetzeko, agiri horri jarraikiz 2020. urterako Europako populazio osoak izan beharko duelako 30 megatik gorako Internet zerbitzua emateko gai diren sareen estaldura, eta ahalbidetu gutxienez etxeen erdiek 100 megatik gorako Internet konexioa izatea. Horrela, nabarmen hobetuko da toki entitateetako konektibitatea, eta estaldura hori ez duten Nafarroako landa eremuetan egun dagoen lurralde desoreka zuzenduko da.

    Toki Programazioko atalean sartuta daude egun toki entitateek gehien eskatzen dituzten inbertsio motak.

    Azkenik, aurreko atalek barne hartzen ez dituzten tokiko inbertsioetarako beste lehentasun batzuk gauzatzeko finantzabide malgu, azkar eta eraginkorra eskura jartzeko xedearekin, libreki erabaki beharreko jarduketetarako zenbateko garrantzitsu bat ezarri da.

  3. Foru lege honen helburuetako bat laguntza ematea da araua erabili, ulertu eta zabaltzeko. Horregatik, prozeduraren diseinu arina egin da, lege mailako arau-tresna bakar batean bilduta, Toki Inbertsioetarako aurreko planek erantsia izaten zuten erregelamendua alde batera utzita, kudeaketa zaildu eta hasiera atzeratzen baitzuen. Xede horrekin, foru lege honetan planaren operatibitatea erabatekoa izan dadin behar diren xedapenak sartu dira, egitura honekin: hiru kapitulu, sei xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta bost eranskin.

    Lehen kapituluan, xedapen orokorrei buruzkoan, xedea zehazten da, printzipio gisa jasotzen du toki entitateek planaren jarraipenean eta kudeaketaren kontrolean parte hartzea, eta aurrekontuen arloko gai batzuei heltzen die.

    Bigarren kapituluan, Inbertsio Programak eta Toki Programazioa jasotzen dituen horretan, lau atal daude. Lehenbiziko bietan planean sartzeko prozedurak ezartzen dira, bai eta inbertsioek finantzaketa jasotzeko bete behar dituzten baldintzak ere. Kapitulu horretako hirugarren eta laugarren ataletan bideragarritasun txostenak eta prozedurarako arau komunak arautzen dira.

    Hirugarren kapituluak, azkenik, libreki erabaki beharrekoen atala arautzen du, hau da, toki entitate onuradunek libreki erabaki beharreko inbertsioak biltzen dituena.

  4. Toki Programazioaren atalean, proposamenak lehenesteko ardatz nagusi bat egonen da: jasotako eskaeren sailkapena, bi elementurekin egina: inbertsiorako beharraren maila, parametro teknikoen arabera baloratua, eta banaketarako justizia printzipio bat, aurreko Toki Inbertsioen Planaren babesean bizilagun bakoitzeko jasotako kopurua kontuan hartzen duena. Interes sozialeko irizpideak erantsi dira, azpiegiturak eta ekipamenduak mendekotasun legearen babeseko pertsonen eta desgaitasuna edo mugitzeko zailtasunak dituztenen beharretara egokitzen laguntzeko, bai eta derrigorrezko hezkuntzako ikasleen beharretara ere.

    Era berean, toki entitateek egindako eskaerak aintzat hartuz, aurreikusi da zoladurak eta sareak egiteko lanetako lur azpiko kanalizazioek finantzaketa izatea, etorkizunean etxeetako telekomunikazioen, energia elektrikoaren eta kaleko argien hornidurak paratzeko, eta horrela, aukera emateko Nafarroako biztanleei teknologia berriak eskura izan ditzaten, bereziki eremu behartsuenetan.

    Horrekin batera, udal ekipamenduak eta azpiegiturak indarreko araudira egokitzeko jarduketak egiteko beharra atzeman denez, diru-laguntzetarako berariazko lerro bat aurreikusi da.

    Horrez gain, etorkizunean amortizazio eta mantentze-lanetako kostuak dakartzaten inbertsioek puntuazio prima bat jasoko dute baldin eta kostu horiek lan mota bakoitzerako kalkulatzen den batez bestekoa baino txikiagoak badira. Gogoratzeko moduko okerreko esperientzia batzuek agerian utzi dute ez dagoela inbertsio bat zuzen ebaluatzerik kostu horiek kontuan hartu gabe.

    Atal honetan zehatz-mehatz jasota daude inbertsioak baloratzeko irizpideak, aurreikusitako obra moten arabera. Horrela, azpiatal batzuk sortzen dira arlo hauetan: hornidurako, saneamenduko eta euri-uretako tokiko sareak; zoladurak, sareekin eta sarerik gabe; kaleko argiak; udal ekipamenduak eraikuntzako arau teknikora egokitzea; bizitoki iraunkorretara doazen bideak eta biziguneen artekoak; bai eta osasungintzarako edo irakaskuntzarako lurzatien urbanizatzea. Arlo honetan, egokitasuna, eraikinena eta funtzioena, irisgarritasuna, segurtasuna, osasungarritasuna eta eragimena areagotzen dituzten jarduketak indartuko dira batez ere.

  5. Inbertsioen bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioaren analisia kasuan kasuko toki entitateek jartzen duten finantzabide osagarrira mugatuko da. Ez da irizpide bakar bat erabiliko beharko, baizik eta, zerbitzu eskudunaren iritziz, toki entitateak ordaindu beharreko zatia finantzatzeko erabil daitezkeen guztiak, hala nola, diruzaintzako gerakinak, ondare-besterentzeen emaitzak, epe luzerako kreditu eragiketak edo urte anitzeko aurrekontu zuzkidurak.

    Hasiera batean inbertsioaren ebaluazio positiboa lortzen ez duten toki entitateentzat ere alternatiba batzuk egonen dira. Ahalmen ekonomiko nahikorik ez duten entitateentzako salbuespeneko araubidea mantentzen da.

  6. Inbertsio Programei eta Toki Programazioari dagozkien prozedura aurreikuspenek bi ataletarako arau komunak ezartzen dituzte, eskaerak azkar eta arin tramitatzen laguntzeko, eta, batik bat, aurreko planetan sortutako oztopo administratibo batzuk konpontzeko.

    Lanen hasierari dagokion guztia zehazki arautzen da, bai eta eskuordeturik edo udalaren ekimen faltaren ondorioz egin beharreko jarduketen kasuan bete beharreko baldintzak ere. Kasu bakoitzean erabili beharreko eskabide ereduei eta eskatutako dokumentazioari buruzko informazioa IV. eranskinean jasota dago. Beharrekin bat datozen epeak eta prozedurak ezartzen dira, planaren egiazko betetze maila ahalik eta altuena izan dadin errazteko, eta, horrekin batera, herri onuradun bakoitzean jarduera ekonomikoaren sustapenean ahalik eta ondorio handienak izateko.

    Toki entitateen finantza kudeaketa errazteko, lanen hasieran ehuneko 50eko aurrerakina ematea aurreikusi da. Toki entitateak beste ehuneko 20 ordaintzea eskatzen ahalko du obraren erdia eginda. Gainerakoa obra amaitu ondoren ordainduko da.

    Toki Inbertsioen aurreko plana antolatu eta sustatzeko neurriei buruzko martxoaren 1eko 3/2016 Foru Legean aurreikusi zen bezala, enpresa kontratistaren adostasunik ez dagoenean, inbertsioen amaierako ordainketak eskatzeko aski izanen da harrera-akta bat aurkeztea, obra aurreikusitako erabilera publikorako entregatu daitekeela frogatzen duena, kasuko ordainketaren justifikazioarekin batera. Horrela, arrisku zehatz bati aurrea hartzen zaio, alegia, obra egin duen enpresak, ados ez baldin badago harrerarako baldintzekin eta...

Para continuar leyendo

SOLICITA TU PRUEBA