16/2019 FORU LEGEA, martxoaren 26koa, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ESKUIN MUTURREKO TALDEEK EDO FUNTZIONARIO PUBLIKOEK ERAGINDAKO MOTIBAZIO POLITIKOKO EKINTZEN BIKTIMEN ERREKONOZIMENDUARI ETA ERREPARAZIOARI BURUZKOA.

ATARIKOA

Azken urteetan, aurrerapauso nabarmenak eman dira gure historiako zenbait gertakari tragikotako biktimei ordaina eta errekonozimendua ematearen arloan, motibazio politikoko indarkeria- eta terrorismo-ekintzei dagokienez.

Estatuko legegintzaren esparruan, azpimarratzekoa da abenduaren 26ko 52/2007 Legea, “Memoria Historikoaren Legea” izenaz ezagunagoa, zeinaren bidez onartzen eta zabaltzen baitira gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak eta haien aldeko neurriak ezartzen baitira. Lege horrekin, partzialki eta behar baino beranduago onbideratze bat eman zitzaion amaigabeko lazeriak eta umiliazioak pairatutako frankismoaren biktimenganako urtetako ahanztura instituzionalari. Zioen azalpenean dioen bezala, “legeak oinarriak jartzen ditu botere publikoek aurrera eraman ditzaten gure historia ezagutzera eta memoria demokratikoa sustatzera zuzendutako politika publikoak”. Azaroaren 3ko 1803/2008 Errege Dekretuak baldintzak eta prozedura arautzen ditu demokrazia aldeztu eta garatzeko jardueragatik hildakoentzat edo ezgaitzerainoko lesioak jasan zituztenentzat 52/2007 Legean aitortutako kalte-ordainak ordaintzeko, eta ebaluazio batzorde bat sortzen du, zeinak ahalmena izanen baitu beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak ofizioz egiteko, alegatutako gertaerak edo datuak egiaztatzekoak, gertaera eragileak argitzearren eta eskatutako errekonozimendu eta erreparaziorako aukera eman dezakeen kausazko lotura zehazten laguntzeko. Batzorde horri dagokio horri buruz egiten diren eskabideak izapidetzea, bai eta haiek aztertu, baloratu eta ebaztea ere.

Geroztik, Terrorismoaren Biktimak Aintzatetsi eta haiei Osoko Babesa emateko irailaren 22ko 29/2011 Legeak babes sozial, ekonomiko eta politikoa eman zien erakunde terroristen indarkeriak eragindako biktimei; erakunde horien artean ETA, GAL eta BVE daude, besteak beste. Iraganean, biktima horiek ez dute errekonozimendu sozial beharrezkoa jaso, eta kasu honetan, haien memoriari duintasuna eman beharra zegoen. Lege honek aukera bat biltzen du Administrazioaren organo eskudunaren aurrean honako hauek egiaztatzeko, zuzenbidean onartzekoa den edozein froga-baliabide erabiliz: biktima- edo eskubidedun-izaera, pairatutako kalteen norainokoa, egintza zein egitate eragileen izaera eta legez eskatutako gainerako betekizunak.

Nafarroan ere, motibazio politikoko indarkeriak eragindako kalteari ahal den guztian erreparazioa emateko araugintzazko ahalegin bat egin da, bi lege garrantzitsu onetsiz.

Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legeak antolatu eta artikulatu zuen Nafarroako administrazioek nola garatu behar duten terrorismoaren biktimekiko tratamendua, horretarako mekanismo ekonomiko eta sozial batzuk ezarriz, eta halatan babestuz biktima horiek dauzkaten eskubideak. Foru lege horren 5. artikuluak ezarri zuen ezen legean xedatutakora biltzeko baldintza dela aipagai dituen eragindako kalteak ekintza terrorista baten ondorio izatea. Baldintza horren betetzea epai batek edo Estatuko segurtasun indar eta kidegoek baieztatu ahal dute, edo, bestela, administrazio eskudunaren ebazpen batek, non kalifikazio hori berariaz ezartzen den.

Bestetik, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, zuzendu egin zuen Nafarroan balio errepublikano eta demokratikoak aldezteagatik eraildako 3.400 pertsona baino gehiagorenganako urtetako ahanztura ofizial barkaezina, eta aitzindaria izan zen Espainiako Estatuan.

Honetara ezkero, halaber interesgarria da ikustea nazioartean egin diren zenbait xedapen, Nazio Batuen esparru aldeaniztunean lortutako itun eta akordio handietatik hasita. Hasteko, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpena eta haren geroko garapen guztiak (Eskubideen Itunak, esate baterako) goraipatu nahi ditugu, horiek baitira ekimen honek bere sustraietan duen Nazioarteko Zuzenbide Publikoko iturria. Ezin dugu aurrera egin biktimen errekonozimenduan eta, horrenbestez, demokrazian sakontzen, planeta osoko pertsona guztien giza eskubideen oinarriak jartzen dituen lehenengo itun kolektibo hori goraipatu gabe.

Bestalde, oso berriki sortu den akordio bat ere aipatu nahi dugu, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda deitutakoa, orain dela hiru urte eskas, 2015eko irailean, Nazio Batuen esparruan sinatutakoa. Eta, zehazki, honako honen lorpena: “16. Helburua: Bakea, Justizia eta Erakunde Indartsuak”, zeinaren helburua baita zuzentasunezko gizarte baketsu eta inklusiboak sustatzea. Gure ustez, helburu hori ezin izanen da lortu baldin eta biktimak direla-eta beharrezkoa den memoria-, errekonozimendu- eta erreparazio-jardun bat egiten ez bada gatazka egoerak gertatu diren tokietan.

Halaber, Europako Kontseiluaren 1983ko azaroaren 24ko 116. Hitzarmena aipatu beharra dago, Indarkeria-delituen biktimei kalte-ordaina emateari buruzkoa, zeina 2001eko urriaren 31n berretsi baitzuen Espainiak. Hitzarmen horretan jasotzen denez, “...kalte-ordain hori eman eginen da baita egilea jazartzerik eta zigortzerik ez dagoenean ere”. Europar Batasunaren baitan, nabarmentzekoa da, halaber, Kontseiluaren apirilaren 29ko 2004/80/EE Zuzentaraua, zeinak estatu kideei ezartzen baitie kalte-ordainen araubide bat eduki behar dutela indarkeria-delituen biktimentzat, agintari publiko edo erakunde eskudunak izendatuta eta kasuko prozedura administratiboak diseinatuta.

Halaber, NBEk gomendio-tresna batzuk garatu ditu, estatuen jarduketarako orientabide moduan. Adibidez, haren Giza Eskubideen Kontseiluak, 2008ko irailaren 24an, 9/11 Ebazpena onetsi zuen, Egiarako Eskubideari buruzkoa, non aitortzen baitu zeinen garrantzitsua den egiarako eskubidea errespetatu eta bermatzea, giza eskubideak sustatzen eta babesten laguntzeko. Harekin, pozez hartzen da zenbait estatutan mekanismo ez-judizialak sortzea, nola baitira egiarako eta adiskidetzerako batzordeak, sistema judizialaren osagarri direnak, giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketak ikertzeko; halaber, beste estatu batzuei adore ematen zaie antzeko mekanismoak sor ditzaten.

Hori baino lehenago, 2005eko abenduaren 16ko 60/147 Ebazpenaren bidez, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Oinarrizko printzipio eta jarraibideak, giza eskubideen nazioarteko arauen ageriko urraketen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak aurkeztu eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzkoak” onetsi zituen. Agiri horrek bide administratibo publikoen mekanismoa aurreikusten du pairatutako kalteengatiko lehengoratzerako, erreparaziorako, errehabilitaziorako eta satisfaziorako. Bada, indarkeria- eta terrorismo-delituen biktimei ahal den guztian errekonozimendua eta erreparazioa emateko diseinatu eta ezarritako nazioarte-, estatu-, autonomia- eta foru-mailetako arauen multzo horren esparruan, motibazio politikoengatik eta horren osagarri, beharrezkotzat jotzen da orain Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Lege hau onestea, beraren bidez babesa emate aldera giza eskubideen urraketen biktima izandako pertsona-multzo bati, zeinak orain arteko legerian ez baitzuen tokirik. Horrela, arau honen bidez, prozedura administratibo bat ezartzen da, bere aplikazio-eremuko biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako neurri administratiboak hartze aldera. Zentzu horretan, garrantzitsua da aipatzea...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR