15/2016 FORU LEGEA, azaroaren 11koa, gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK:

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, GIZARTERATZERAKO ETA ERRENTA BERMATURAKO ESKUBIDEAK ARAUTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

I

2007aren amaieraz geroztik, ekonomia globalak bere krisialdi ekonomiko larrienetako bat bizi izan du, “Atzeraldi Handia” izenarekin bataiatu dena. Krisialdi finantzario, ekonomiko, politiko eta sozial horrek, zeinak enplegu-hazkundeko garai luze bati amaiera eman baitzion, Mendebaldeko gizarteen zenbait elementu zentral ukitu ditu.

Krisiak eta ondoren gertatu den guztiak ondorio bereziki larriak izan ditu, hainbat pertsona egoera ahulagoan utzi dituelako; eta, batez ere, horren kostuak indar handiagoz errenta txikiagoa duten gizataldeen gainean erori dira. Txirotasun, berdintasun falta eta bazterketa sozialeko egoeren adierazleek (AROPE tasa eta haren osagaiak, iraupen luzeko langabezia, diru-sarrerarik gabeko etxeen proportzioa, edo desberdintasun sozialaren adierazleak) erakusten dute populazioaren parte handi baten bizi baldintzek okerrera egin dutela, eta hori egoera hauetan gelditzen da agerian: bitarteko ekonomikorik eza bizitzako oinarrizko beharrei aurre egiteko, bizitoki eta etxebizitza arloko arazoak, osasun fisiko eta psikikoaren gainbehera, autoestimu galera eta lotsa- eta estigmatizazio-sentimenduak agertzea, bizitzari aurre egiteko gaitasun eta trebetasun pertsonalik gabe gelditzea eta sostengurako sare sozial eta familiarren hondatzea.

Egoera horren ondorioz, oinarrizko beharrak asetzerik ez duten eta babes sozialeko prestazioetara eta programetara jo beharra duten pertsonen kopurua eta heterogeneotasuna handitu egin da. Krisialdiaren eta horrek enpleguaren gainean dituen ondorioen iraupena dela eta, horrek kaltetutako pertsona askori ahitu egin zaizkie kotizaziopeko langabezia-prestazioak eta horien ondorengo sorospenak, zeinak tresna publiko nagusia baitira langile-adinean dauden pertsonen diru-sarrera faltari erantzuteko. Zerga-baterakuntzarako eta defizitaren jaitsierarako politikek babes soziala zabaltzeko aukerak mugatu dituzte.

Era berean, emakumeen egoera orokorra okerragotu egin da, bai krisiarengatik, bai mendebaldeko herrialdeetan familia-egiturek eta harremanek azken urteetan izan dituzten aldaketa azkarrengatik: amadun familia gurasobakarren kopurua handitu da, bizitza pertsonala eta lana uztartzeko zailtasunak eraginik; familiaren ekonomiari emakumeek eusten dioten etxeen kopurua gehitu egin da; lansarietan, emakumeen eta gizonen arteko aldea areagotu egin da; lan prekarietateak ere emakumeengan eragiten du batez ere; eta, amaitzeko, baliabide gutxiko 65 urtez gorako emakumeen egoera kezkagarria da. Aipatutako guztiak “pobreziak emakume izena izatea” ekarri du.

Horrekin batera, presio handiagoa ekarri du azken baliabideko izaera duen babes mailan, zeina Nafarroan, funtsean, hauek osatzen baitute: gizarteratze-errenta eta foru nahiz udal mailako laguntza bereziak eta larrialdietakoak. 2015ean gizarteratze-errentaren azken erreformak eta larrialdiko laguntzak abian jarri izanak hobekuntza nabarmena ekarri dute sortutako egoera berriei eman beharreko arretari dagokionez, baina ez da nahikoa.

Krisialdiak eragindako beste egoera bat soldata txikiekin lotutako txirotasuna da. Enplegua lortze hutsak ez baitu gaur egun automatikoki bermatzen txirotasunetik ateratzea; ez eta, zenbait kasutan, diru-sarrera garbiak handiagoak izatea laguntza sistemek bermatzen dituztenak baino.

Gizarte zerbitzuek zailtasunak izan dituzte egoera berrira azkartasunez egokitzeko. Alde batetik, faktore hauek daude, erreakziorako gaitasuna mugatu dutenak: krisialdia ustekabekoa izatea, plangintza sozialaren arloan ebaluaziogintza-kulturak erakutsitako ahulezia, gai honekin zerikusia duten zerbitzu eta eragileen artean koordinazioa eta lan banaketa eraginkorra egiteko arazoak, eta bitarteko publikoak esleitzeko efizientzia falta. Bestetik, gastu publikoan aipatutako murrizketak direla eta, zaila izan da hain larria den desafioari aurre egiteko behar adina baliabide lortzea. Egoera horrek atzerapauso handia ekarri du sisteman, laguntza hutsera eta eskaerari epe laburrean erantzutera bideratutako ikuspegia sendotu du, eta ahuldu, berriz, proaktibitatea eta prebentzio eta sustapenaren alderdiak. Bereziki larria da egoera horren ondorioz ezinean ibiltzea oinarrizko gizarte zerbitzuak eta bestelako gizarte zerbitzu espezializatuak, bai publikoak bai sozietate zibileko erakundeek ematen dituztenak.

Horren guztiaren azken bateko ondorioak hauek izan dira: indarreko araudiak aitortzen dituen eskubide sozialez baliatzeko aukera mugatu da, gizartea pobreagoa da bere kide guztien ekarpen ekonomiko eta sozialak galdu direlako, arrakala soziala areagotu da, eta, azkenik, gure gizartearen kohesio sozialak behera egin du.

II

Egoera ikusita, beharrezkoa da babes sozialeko sistema erreformatzea, eskubideetan oinarritutako ikuspegiari eutsiz eta horretan sakonduz. Xedea da, alde batetik, azken baliabideko sarea osatzen duten prestazio ekonomikoen estaldura eta haietaz baliatzeko aukerak hobetzea, maila horren gaineko ardura Foru Komunitatearena baita, gizarte laguntzaren arloko eskumena bere gain duen aldetik. Bestaldetik, helburu du kalitatezko gizarte- eta enplegu-zerbitzuak eskuratzeko aukerak hobetzea herritar guztientzat eta, batez ere, lan eta gizarte bizitzan moldatzeko zailtasun bereziak dituztenentzat. Bi norabide horiek, Nafarroako gizarteak dituen beharrei erantzuteaz gain, bat datoz Europako araugintza- eta doktrina-joerekin.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25.1. artikuluan eta adierazpen hori garatzeko tresna guztietan honako eskubidea ezartzen da, beste eskubide ekonomiko, sozial eta kultural batzuen artean: pertsona ororen eskubidea bizi-maila egoki baterako, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongizatea bermatuko diena, eta batez ere elikagaiak, jantziak, etxebizitza, mediku-zerbitzua eta beharrezkoak diren gizarte-zerbitzuak. Halaber, aseguruak izateko eskubidea du, langabezia, gaixotasun, elbarritasun, alarguntasun edo zahartzaro kasuetan nahiz bizibidea bere borondateaz bestelako arrazoiren batengatik galduz gero. Bizi-maila egokia izateko eskubide hori babes sozialaren oinarria da, ahulezia edo bazterketa sozialaren egoeretan edo horietarako arriskua dagoenean, eta horrenbestez, berarekin dakar botere publikoek erantzukizuna izatea dena delakoagatik egoera horietan dauden pertsonekiko.

Era berean, eskubideetan oinarritutako ikuspegi horrek berarekin dakar pertsona guztiek erkidegoarekiko oro har dituzten erantzukizun orokorrak ere zehaztu behar izatea, eta halaxe adierazi du Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi-komisarioaren Bulegoak aspaldi honetan; horrek esan nahi du eskubide batez baliatzeak zenbait erantzukizun eta betebehar dakartzala berarekin, eta horiek berariaz adierazi beharra dagoela edozein eskubideren baliatzeari buruzko arauetan.

Orobat nabarmendu beharrekoa da Nazio Batuen Batzar Orokorraren 2015eko irailaren 25eko 70/1 Ebazpenak, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agenda onetsi zuenak, bere helburu eta xedeen artean ezartzen duela, besteak beste, herrialdeetan berdintasunik eza murriztea, eta, bereziki, 2015etik hasita 2030era bitarte populazioaren %40 txiroenaren diru-sarrerak handitzea eta horri eustea lortu behar dela pixkanaka, herrialde bakoitzeko batez besteko nazionaletik gorako tasan. Halaber ezartzen du pertsona guztien inklusio soziala, ekonomikoa eta politikoa sustatu behar direla, edozein izanik ere haien adina, sexua, desgaitasuna, arraza, etnia, jatorria, erlijioa edo egoera ekonomikoa edo bestelako baldintzak.

Babes sozialaren eta gizarteratzearen arloko Europako Estrategiak (Europako Estrategia 2020) ikuspegi global bat proposatzen du, beharrik handiena duten pertsonen integrazioa sustatzekoa hiru zutabek osatutako estrategia integratu bat gauzatuz: (a) laneratzea erraztuko duten lan merkatuak, (b) baliabide-osagarri egokia eta (c) kalitatezko zerbitzuak eskuratzea.

Foru lege hau bat dator hiru zutabe horiekin, eta bere xedea da ziurtatzea herritarrek baliabide ekonomiko egokiak eta kalitatezko gizarteratze-zerbitzuak izanen dituztela, eskubide subjektibo gisa. Era berean, lan merkatuan sartzeko moduko baldintzetan dauden pertsona guztien laneratzearen sustapena du helburu.

Urteak dira foru erakundeak arlo honetan lanean hasi zirela. Laurogeiko hamarkadan laguntzak ezarri ziren premia zuten nafar familientzako; gero, horietatik, oinarrizko errenta sortu zen, eta geroago gizarteratze-errenta. Ordainketa aurreratuko alargun pentsioen gaineko kenkari fiskala ere arlo horretako ekintza bat da. Gizarteratzeko sostenguari dagokionez, oinarrizko gizarte zerbitzuek eta espezializatuek, batetik, eta gizarte ekimeneko zenbait entitatek, bestetik, ibilbide luzea egina dute.

Lege honen asmoa da jarduketa horien bi osagaiak bereizi eta, aldi berean, koordinatzea: batetik, errenta-bermea; bestetik, akonpainamendu sozialeko eta enplegurako zerbitzuen ematea. Ekintza horiek logika desberdinen ondorio dira. Errenta bermeen prestazioak eskuratzeari dagokionez, egoera eta ezaugarri objektiboak, batez ere ekonomikoak, hartu behar dira aintzat; beste prestazio ekonomiko publiko batzuk eskuratzearekin uztarturik egon behar du; eta enplegurako pizgarriak mantendu behar ditu. Gizarteratze-akonpainamenduko gizarte zerbitzuen eskuratzeak, berriz, esku-hartze sozialaren logikari erantzun behar dio, pertsonen eta haien ingurunearen egoerak, gaitasunak eta aukerak kontuan hartuz, bai eta norberaren garapenerako erritmoak eta denborak ere, berdin delarik esku-hartze horren uneren batean prestazio ekonomiko bat lortzen den ala ez. Logika desberdin horien ondorioz, laguntza publikoaren mota bat edo bestea jasotzen duten pertsonak ez dira beti berberak. Nahikoa diru-sarrerarik ez duten pertsona guztiek ez dute uneoro gizarteratze-prozesu pertsonalizatuen beharrik. Eta prozesu horien beharra ez da mugatzen errenta bermatua jasotzen dutenengana, barne hartzen dituztelako...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR