12/2019 FORU LEGEA, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO PARTE-HARTZE DEMOKRATIKOARI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak, 2015ean 193 herrialdek ezarritakoak, nazioarteko erkidegoak pertsona guztientzat erdietsi beharreko 17 helburu ezartzen ditu, eta hori jasangarritasunez eta ekitatez egiten du. Horretarako, funtsezko elementu bat da herritarren parte-hartzea bermatzea.

Nafarroak bide luzea eta emankorra egina du erkidego politiko eta juridikoki sendotu gisa. Foru erakundeez gainera (zeinahi delarik haien adierazpen historikoa), bestelako erakunde batzuk ere baditu, kontzejuak eta batzarreak, konparazio batera, baita afera publikoetan erantzukizunez parte hartzeko bestelako praktika kolektibo interesgarri batzuk ere. Tradizio horiek erakusten dute bizitza instituzionalean parte hartzeko interes handia izan dela, eta, gainera, parte hartzeko dauden bide berriekin batera, aukera eskaintzen dute urrats erabakigarriak emateko eredu demokratiko irekiagoa, integratzaileagoa eta, beraz, herritarren sostengua lortzeko askoz kapazagoa finkatzeko bidean.

Parte-hartzea eta demokrazia zein bere aldetik ulertu ezin diren errealitateak dira. Gizarteak, lehenik, inola ere urratu ezin diren eskubideen multzo besterenezin bat bermatu behar du. Eta horrekin batera, herritarren parte-hartzea ahalbidetu eta sustatu beharra du; izan ere, zenbat eta handiagoa eta kalitate handiagokoa izan haien parte-hartzea, orduan eta demokratikoagoa izanen da gizartea. Hori garbi izanik, eta Espainiako Konstituzioak helburu duen “Demokrazia aurreratuaren” ideal horretara hurbildu nahirik, beharrezkoa da Nafarroako herritarrek eskura dituzten parte-hartze baliabideak sustatu eta sendotzea. Baliabide horiek lege-arau hauetan jasota daude: martxoaren 25eko 3/1984 Foru Legea, Herriaren Legegintza-ekimena arautzen duena; uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa, araugintza-ekimenak aurrera eramateari dagokionez; urriaren 28ko 27/2002 Foru Legea, Toki esparruko herri kontsultak arautzen dituena (lege hori ez du honako lege honek aldatzen); eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen IV. titulua, foru lege honek indargabetzen duena, dituen artikuluetan nabarmen hedatzen baitira titulu hartan jasotako parte-hartze eskubideak.

Alde batera utzita hauteskundeei loturiko parte-hartze bideak, legezko testu honen eremutik kanpo gelditzen baitira, hizpide ditugun gaur egungo bideak oso urruti daude ulertu ahal izatetik Konstituzioan ere jasota dagoen beste agindu baten ondorio logiko gisa; hots, botere publikoei agintzen diena herritar guztien parte-hartzea erraztu dezaten bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean. Berrogei urte igaro eta gero, handia da oraindik botere publikoek arlo horretan hobekizun daukatena. Horregatik, foru lege honen helburua da ahal den guztia egitea gaur egungo ordenamendu juridikoak ahalbidetzen dituen parte-hartze aukeren aitzindaritzan ipintzeko Nafarroa.

Konstituzioaren agindu horren bipiltasuna gorabehera, doktrinan adostasuna dago, espontaneoki kalean ere islatzen denez, adierazpen hutsetik haragoko betebehar bat dela aipaturiko hori, arrazoi desberdinengatik hein handian alboratua izan dena herritarren errealitate praktikoan mamitzeari dagokionez. Izan ere, egia da alde nabarmena dagoela legeak dioenaren eta herritarrek hauteskundeetan alderdiei botoa emateaz harago beren egunerokotasunean gai publikoetan parte hartzeko dituzten aukeren ikuspegitik bizi duten errealitate mugatu eta eskasaren artean. Eta alde hori da, zalantzarik gabe, gaur egun ordezkaritza-erakundeekiko dagoen atsekabearen parte bat azaltzen duen arrazoietako bat.

Munduko herrialde guztiek aurrez aurre dituzten kalitate demokratikoaren eta giza eskubideen gainbeherak, gatazkek eta ezegonkortasun politikoek ezinbesteko egin dute nazioarteko agendan honako hauen moduko helburuak sartzea: gizarte baketsuak eta barne-hartzaileak sustatzea, maila guztietan erakunde eraginkor, barne-hartzaile eta gardenak eraikitzea, kontuak emanen dituztenak eta aldi berean bermatuko dutenak maila guztietan erabaki barne-hartzaile, partaidetzazko eta ordezkaritasunekoak hartzea, gizartearen beharrizanei erantzunez.

Haurren eta nerabeen kolektiboa populazioaren portzentaje aipagarri bat osatu arren, erakunde publikoek bultzatutako parte-hartze demokratikoko prozesuetan sistematikoki ukatu izan zaio zuzenean dagozkion gaietan parte hartzeko eskubidea.

Haurren eta nerabeen parte-hartzerako eskubidea aitortuta dago 1989an Nazio Batuen Batzar Nagusiak onetsitako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan. Konbentzioan, aitortzen da haurrek beren ikuspuntuak adierazteko duten gaitasuna; iritzia libreki eta borondatez ematekoa; beraiengan eragina duten gai guztietan entzunak izatekoa; beren iritziak serio hartuta izatekoa, beren heldutasun mailaren arabera.

Baina haurren parte-hartzea, eskubide bai indibidual bai kolektiboa izateaz gainera, zeinaren egikaritzea erakundeei baitagokie sustatu, bermatu eta babestea, estrategia bat ere bada, demokrazia eraikitzeko prozesua hobetzekoa, zeren eta parte-hartzerako eskubideaz baliatuz haurrek rol aktibo bat berenganatzen baitute beren komunitatean, aldaketarako eragile sozial gisa ikusten dute beren burua, tolerantzian oinarritutako jokabide demokratikoekin, diferentziei abegi eginez, eta kidetasunaren, justiziaren eta herritartasun globalaren zentzu handi batekin.

Hortaz, beharrezkoa da Nafarroako gizarteak parte hartzeko gaur egun dituen bideak zabaltzea. Helburu hori erabat justifikatua dago ikuspuntu juridikotik, hala ezarrita baitago bai Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 6. artikuluan, bai Konstituzioaren 23.1 eta 9.2 artikuluetan.

II

Foru lege honek honako egitura du: batetik, zazpi titulu, eta bestetik, amaierako zatia, lau xedapen gehigarrik, xedapen iragankor batek, xedapen indargabetzaile batek eta hiru azken xedapenek osatua.

  1. tituluan xedapen orokorrak biltzen dira. Besteak beste, legearen xedea, helburuak, subjektuak eta aplikazio eremua zehazten dira. Aplikazio eremuari dagokionez, Nafarroako administrazio publikoak ukitzen ditu, baina, batez ere, herritarrei parte-hartze eskubide batzuk bermatzen dizkie administrazio publiko horiekiko.

  2. tituluak herritarren parte-hartzerako hiru bide berri txertatzen ditu gure ordenamendu juridikoan, zeinak aktibatzen ahalko baitira bai Nafarroako administrazio publikoen ekimenez bai Nafarroako herritarren ekimenez: eztabaida prozesuak, partaidetzazko aurrekontuak eta herritar-galdeketak. Horiekin batera, beste bide batzuk ere aurreikusten dira, 11/2012 Foru Legean jadanik jasoak zeudenak, konparazio batera, kontsulta foroak, herritarren panelak eta herritarren epaimahaiak.

    Foru lege honen beste berrikuntza bat II. tituluaren xedapen orokorretan jaso da; izan ere, gaur egun eskatzen den jendaurrean jartzeko izapideaz haratago joanda, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartua egonen da Nafarroako Gobernuak onetsi behar dituen plan eta programa guztietan, jendaurrean jartzeaz gainera, titulu horretan bildutako parte-hartze prozesuren bat egitera. Eskakizun berri hori nabarmenki zorrotzagoa da herritarren parte-hartzearen kalitateari dagokionez. Horren ondorioz, botere publikoak beraiek dira, goian aipatutako Konstituzioaren 9. artikuluaren aginduari jarraikiz, herritarren parte-hartzea errazteaz gainera, hura sustatu eta bultzatzen dutenak, herritarren eskubideekin lotutako kontu guztietan gizarte zibil sendo bat sortu eta sendotzeko helburu garbiarekin.

    Eztabaida prozesuak eta partaidetzazko aurrekontuak, hurrenez hurren II. eta III. kapituluetan arautzen direnak, herritarrek Nafarroako Foru Komunitatean parte hartzeko baliabide berriak dira. Herritar-galdeketei dagokienez (IV. kapituluaren bigarren atalean arautuak), gizartearen sektore edo kolektibo jakin baten iritzia ezagutzeko parte-hartze baliabide gisa aurreikusten dira, toki mailako herri-galdeketei buruzko urriaren 28ko 27/2002 Foru Legean araututako galdeketak ez bezala, zeinak hautesleria osatzen duten udal-mugarteko herritar guztientzat irekita baitaude.

    Hango herri-galdeketak, neurri batean, Konstituzio Auzitegiak Zuzeneko edo Erdi-zuzeneko Demokrazia gisa izendatu duenaren orbitan kokatzen dira. Foru lege honetan arautzen diren herritar-galdeketak, ordea, aipatutako auzitegiaren iritziz Partaidetzazko Demokrazia izanen litzatekeenaren inguruan kokatuko lirateke. Hori horrela, herri-galdeketetan parte-hartzea, betiere, boto bat ematearekin gauzatzen da -hortik datoz eskatutako berme jurisdikzionalak; hortik dator hautesleriak bakarrik izatea parte hartzeko eskubidea; eta hortik dator, logikoki, haietan hizpidea bozketa-sistema izatea-. Herritar-galdeketetan, berriz, parte-hartzea mugatzen da herritarren sektore batek gai jakin bati buruz duen iritziaren adierazpen hutsera. Gainera, herritar-galdeketetan, urtebete baino gehiago erroldaturik daramaten hamasei urte baino gehiagoko pertsonek ematen dute iritzia, eta ez hautesle-erroldan dauden adin nagusikoek.

  3. tituluak herritarren ekimenez gertatzen den parte-hartzearen taxuera du aztergai.

  4. kapituluan herritarren araugintza-ekimenak jorratzen dira, eta legegintzako herri-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legean ezarritako araubiderako igorpena egiten du; toki esparrurako, berriz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legera egiten du igorpena.

  5. kapituluak ekimena ematen die herritarrei toki korporazio bateko osoko bilkurari haren edozein kideren gaitzespena eskatzeko, foru lege honetan jasotzen den bezala.

  6. kapituluaren lehen atalak aztergai ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan prozesu parte-hartzaile bat irekitzeko herritarren ekimenak, sinadura kopuru jakin bat biltzearen bitartezkoak. Hori berrikuntza garrantzitsu bat da...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR