103/2017 FORU DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 2.1. artikuluan ezartzen da gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla eta, horren ondorioz, herritar guztiek dutela jakin eta erabiltzeko eskubidea. 2.2 artikuluan gaztelaniaren ofizialtasuna ezartzen du Nafarroa osoan; euskararena, aldiz, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 9. artikuluan ezarritakoa izanen da.

Euskarari buruzko Foru Lege horrek hiru hizkuntza eremu ezartzen ditu Nafarroan eta foru dekretu honek eremu horiek hartzen ditu bere baitan. Eremu euskalduna, zeinetan euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak baitira eta herritarrek eskubidea baitute administrazio publikoekiko harremanetan bi hizkuntzak erabiltzeko eta haiek aukeratutako hizkuntzan hartuak izateko. Eremu mistoa, zeinetan herritarrek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea baitute Nafarroako administrazio publikoen aurrean aritzerakoan. Eta eremu ez-euskalduna, zeinetan herritarrei onartzen baitzaie Nafarroako administrazio publikoen aurrean euskara erabiltzeko eskubidea. Hori horrela, Euskarari buruzko Foru Legeak onartzen du herritarrek eskubidea dutela hiru eremu horietan Nafarroako berezko hizkuntzak administrazio publikoekiko harremanetan erabiltzeko, foru lege horretan berean ezarritako terminoetan. Halaber, administrazio publiko horiek premiatzen ditu eremu bakoitzean neurri desberdinak hartzera, eskubide hori modu eta maila desberdinetan gauzatzeko. Hala ere, kontuan izan behar da, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea parte batean aldatu zuen otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen hitzaurrean onartzen dela ez dagoela inolako arrazoirik herritarren hizkuntza eskubide batzuk desberdinak izateko eremu mistoan eta eremu ez-euskaldunean, kontuan izan behar baita hizkuntza-ofizialtasunaren araubidea berbera dela aipatutako bi eremu horietan.

Bestalde, administrazio prozedura erkidean indarra duen araudiak herritarrei eskubidea onartzen die administrazio publikoekiko harremanetan hizkuntza ofizialaren izaera duten hizkuntzak erabiltzeko, eta, orobat, ezartzen du autonomia erkidego batean egoitza duten Estatuko Administrazio Orokorreko organoek esku hartzen duten prozedurak interesdunak aukeratutako hizkuntza ofizialean tramitatuko direla, haren hizkuntza eskubideen arabera. Era berean, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak gai hau bere aplikazio-esparruan arautzen du.

Zentzu berean, aipamen berezia egin behar zaio Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari. Gutun hori 1992ko ekainaren 25ean onetsi zen, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak konbentzio-izaera eman zion eta hamaika estatu kidek urte horretako azaroaren 5ean sinatu zuten, eta, horien artean, Espainiakoak, zeinak 2001eko apirilaren 9an berretsi baitzuen.

Bereziki kontuan hartu dira Europako Gutun horretan agintari administratiboen eta zerbitzu publikoen gainean 10. artikuluan bildutako konpromisoak. Era berean, kontuan hartu dira gutun horren betetze-mailaren ezarpena jarraitzeko prozesuan Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak 2005., 2008., 2012. eta 2016. urteetako aldizkako txostenetan emandako gomendioak. Gomendio horien artean bereziki aipatzekoak dira, batetik, 2005eko irailaren 21ean onetsitako gomendioen arteko 5. puntua –puntu horretan esaten da gutunaren III. zatiak euskarari ematen dion babesa Nafarroako eremu mistoan modu egokian aplikatzeko aukera kontuan izan behar dutela agintariek–, eta, bestetik, 2016ko urtarrilaren 20an onetsitako gomendioen arteko 4. puntua –puntu horretan eskatzen da zerbitzu publikoetan hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko neurriak hartzen jarraitu behar dela, bereziki osasun zerbitzuetan–.

Nafarroako administrazio publikoetako euskararen erabilera martxoaren 21eko 70/1994 eta uztailaren 4ko 135/1994 foru dekretuen bidez arautu zen; azken honek aurrekoa indarrik gabe utzi eta ordeztu zuen. Geroago, abenduaren 11ko 372/2000 Foru Dekretuak arau hura indarrik gabe utzi eta ordeztu zuen. Foru dekretu honi administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean errekurtsoak jarri zizkioten eta, azkenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen. Nafarroako administrazio publikoetako euskararen erabilera berriz arautu zen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuaren bidez. Foru dekretu hau eta aurrekoa edukiz berdinak ziren eta honi ere errekurtsoak jarri zizkioten. Hartara, lau artikulu partzialki baliogabetu zituen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eta artikulu horietako bi ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuak indarrik gabe utzi zituen.

Nafarroako Arartekoak, elebitasunaren eta hizkuntza eskubideen gaineko 2010eko txostenean, Nafarroako Gobernuari iradoki zion Euskarari buruzko Foru Legea betetzeko, 29/2003 Foru Dekretua ordezkatzeko erregelamendu orokorra prestatu eta onetsi behar zuela. Txostenean adierazten zen erregelamendu orokor horrek berariaz arautu behar zuela euskararen erabilera normala eremu mistoan, eremu horretan bizi baitira nafar gehienak eta horietako anitz euskal hiztunak dira.

Eremu euskaldunari dagokionez, Nafarroako Arartekoak, 2015eko abuztuaren 19ko txostenean, ohartarazi zuen komenigarria zela Euskarari buruzko Foru Legeko xedapenak ahalik eta lasterrena gauzatzea. Horren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eremu euskalduneko herritarrei zuzendutako bere eskumeneko zerbitzu publikoak euskaraz ematea bermatu behar du, gaztelaniarekin parez pareko egoera batean, bi hizkuntzen koofizialtasunetik ondorioztatzen den logikak erakusten duen bezala. Ildo horretan, txosten horrek ohartarazten du progresibotasunak gaur egun ez lukeela irismen bera izanen, progresibotasun hori eremu euskaldunean euskara erabiltzeko eskubidea benetan gauzatzea muga dezakeen printzipio moduan hartuz, kontuan izan behar baita legea 1986an onetsi zela eta indarra hartu zuenetik hogeita hamar urte iragan direla.

Euskarari buruzko Foru Legearen hitzaurrean onartzen da hizkuntzak bizikidetzarako eta gizarteko kideen arteko ulermenerako baliagarriak direla. Balio horrek gaur egun ere indar osoa izaten segitzen du eta gaur egungo Nafarroak bi hizkuntzen koexistentzia eta herritar guztien hizkuntza eskubideen errespetua ditu gizarte kohesiorako ezinbesteko elementu.

Euskarari buruzko Foru Legeak hizkuntza fenomenoaren izaera dinamikoa onartzen du. Zentzu horretan, begien bistakoa da, lege hori onetsi zenetik, azken hiru hamarkadetan Nafarroan euskararen egoera soziala positiboki aldatu dela, eta euskararen ezagutza asko handitu dela, bereziki belaunaldi berrien artean. Era berean, euskarazko zerbitzu publikoen eskaera handitu da. Errealitate sozial berri hau onartu behar da eta, hori dela-eta, beharrezkoa da araudia berrikustea eta administrazioaren jarduketak errealitate horretara egokitzea, Euskarari buruzko Foru Legearen esparruaren barnean, Nafarroako herritarrei onartzen zaizkien hizkuntza eskubideak osorik berma daitezen. Eskubide horiek bermatzera bideratua egon behar du, halaber, Nafarroako Gobernuak arlo honetan egindako plangintzak.

Hori horrela, foru dekretu honen helburua da Nafarroako bi hizkuntza berezkoen, euskararen eta gaztelaniaren, existentzia onartu eta haren errealitateari erantzutea, Euskarari buruzko Foru Legean onartzen den moduan, eta Nafarroako eskualdekatze eta errealitate soziolinguistikoan ezarritako mailaketa kontuan hartuz egitea. Horrela, foru dekretu honek eremu euskaldunean modu eraginkorrean bermatu nahi ditu euskarak eremu horretan onartuta dituen ofizialtasunetik eratorritako eskubide guztiak eta, eremu misto deiturikoan, Euskarari buruzko Foru Legeak herritarrei hizkuntza aukeratzeko onartzen dien eskubidea. Era berean, foru dekretu honek jarduketa administratiboa egokitu nahi du eremu ez-euskalduneko herritarrek administrazio publikoen aurrean euskaraz aritzeko onartuta duten eskubideari erantzun positiboa emateko.

Euskarari buruzko Foru Legearen esparruaren barnean, foru dekretu honetan ekintza positibo eta proaktiboa gehitu da, Nafarroako berezko hizkuntzetako baten, euskararen, egoera minorizatua zuzentzeko eta administrazio publikoek eta sektore publiko instituzionaleko entitateek benetako eskaintza baten bitartez euskararen erabilera sustatzeko. Entitate horiek sektore publikokotzat hartu behar dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen duenari jarraikiz. Hala, foru dekretu hau Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluan jasotako printzipioei egokitzen zaie, zeinean adierazten baita eskualdeetako eta eremu urriko hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatu eta haien egoera bereziak kontuan izateko bideratutako hizkuntza horien aldeko neurri bereziak hartzeak ez dituela hedatuagoak diren hizkuntzetako hiztunak baztertuko.

Bestalde, foru dekretu honek nafar guztiek hartu behar dituzten zerbitzu administratiboen espezifikotasuna onartzen du, zerbitzu horien kokapena edozein izanik ere. Horregatik, Foru Komunitate osoan jarduten duten zerbitzuak zerbitzu zentraltzat hartuko dira eta haiei ezarriko zaien erregulazio linguistikoa ez da izanen zerbitzu horiek kokatuta dauden hizkuntza eremuaren araberakoa, baizik eta duten eginkizunaren araberakoa, zeina baita Nafarroako herritar guztiei arreta egitea.

Azkenik, foru dekretu honen gaztelaniazko bertsioan “euskera” forma erabili da, “vascuence”ren baliokidea baita eta jasoa baitago Espainieraren Errege Akademiaren Hiztegian. “Euskera” izena gizartean asko erabiltzen da, eta zabaldua dago, halaber, hezkuntzako testuetan eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko europar txostenetan.

Ikusirik Nafarroako Kontseiluak 2017ko irailaren 29an emandako irizpena eta Euskararen Nafar Kontseiluaren aldeko txostena.

Horrenbestez, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2017ko azaroaren 15ean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR