1/2019 FORU LEGEA, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAKO ESKUBIDE KULTURALEI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

I

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 27. artikuluan ezarrita dagoenez, pertsona orok du eskubidea erkidegoaren bizitza kulturalean libreki parte hartzeko, arteez gozatzeko, aurrerapen zientifikoan eta horrek dakartzan onuretan parte hartzeko, bai eta norberak egindako lan zientifiko, literario edo artistikoak direla-eta dagozkion interes moralak babestuta izateko ere. Ondoren, Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen 1966ko Nazioarteko Ituneko 15. artikuluak adierazi zuen itunaren sinatzaile diren estatuek eskubide horiexek aitortzen dizkiotela pertsona orori, eta horrekin batera ezarri zuen estatuen konpromisoa, eskubide horiek ziurtatzeko behar diren neurriak hartzekoa.

Nazioarteko zenbait testu eta agiritan ere aipatzen da gai hau. Hauek dira nabarmenenak: Kultur Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala, Unescoren Konferentzia Nagusiak 2001eko azaroaren 2an onetsia; aipatutako Nazioarteko Itunaren 15.1 a) artikuluari buruzko 21. Ohar Orokorra (pertsona orok eskubidea du bizitza kulturalean parte hartzeko), Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak 2009an egindakoa; eskubide kulturalen alorreko errelatore bereziak 2010etik aurrera egindako txosten aldizkakoak eta sektorialak; edo, hertsiki araugintzaren esparruan, Unescoren Konbentzioa, kultur aniztasuna babestu eta sustatzeari buruzkoa, Parisen 2005eko urriaren 20an egindakoa, Espainiako Erresumak 2006ko abenduaren 18an berretsi zuena.

Iturri horiei guztiei gehitzen ahal zaizkie bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea dela-eta Europako Kontseiluaren Batzar Parlamentarioan izandako ekimenak eta lanak, bai eta gai zehatzei buruzko beste batzuk ere, hala nola kultur ondare material eta immaterialaren babesari buruzkoak. Denen artean, ezbairik gabeko munta duen esparru kontzeptual bat tankeratzen dute, estatuen barnean arauzko zehaztapena behar duena alabaina, elementu haietako askok indar juridiko loteslerik ez daukatenez.

II

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 44.1 artikuluak ezartzen du botere publikoek kultura edonoren irispidean egotea sustatu eta zainduko dutela, guztiek baitute hartarako eskubidea. Eskubide horren edukia legegileak zehaztu beharrekoa dela begi-bistakoa da, eta Estatuko ordenamenduan nahiz Nafarroako Foru Komunitatekoan emandako xedapen sektorial batzuk lagungarriak dira kulturaren arlo jakin batzuetan hura zedarritzeko, hala nola ondare material eta immaterialaren kasuan, edo museo, artxibo eta liburutegiei dagokienez, esate baterako.

Komeni da, halere, kultur eskubideen antolaketa juridikoa halako moduz egitea non, eskubide horiek egikaritzen diren sektoreei ezinbesteko arreta emateaz harago, eskubideen beraien esparru orokor, argi eta zehatz bat eskainiko baita, arestian aipatutako nazioarteko testuetan oso argi bereizi diren ideia nagusiak ardatz harturik. Alegia, unibertsaltasuna, kultur aniztasuna eta pertsona orori askatasuna aitortzea bere identitate kulturala aukeratzeko eta bizitza kulturalean parte hartuko duen ala ez, eta nola, erabakitzeko. Izan ere, unibertsaltasuna, aniztasuna eta askatasuna dira kultur eskubideen bizkar-hezurra osatzen duten balioak, eta ez da harritzekoa hala izatea, onartuz gero ezen eskubide guztiak, zein diren ere haiei eransten zaizkien adjektiboak, pertsonen duintasunarekin daudela uztarturik. Horregatik, adibidez, kultur aniztasuna ezin da erabili giza eskubideen errespetuarekin bateraezinak diren jardunbideak edo adierazpenak justifikatzeko, halakoak izateagatik pertsonen duintasunaren kontrakoak baitira.

Eskubide kulturalak egiazko eskubide direnez gero, botere publikoek horiekiko dituzten betebeharrak gainerako eskubideekiko dituzten berberak dira: errespetatu, babestu, eta haien egiazko erabilera erraztu eta sustatzea. Horretarako, nahitaezkoa da eskubideen edukia zehaztea, eta gizarte demokratiko batean lan hori gehienbat herritarren ordezkariei dagokie -parlamentuei, alegia-, ukatu gabe epaileek eta auzitegiek ere, beren eginkizun jurisdikzionala betez, zehaztapenak eranstea edo interpretazioak egitea, horretara ezkero.

III

Horiexek dira Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Lege honen abiapuntuak; Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.8 artikuluan xedatutakoan babesten da eskumenei dagokienez, eta haren xedea da Nafarroako Foru Komunitateko herritarren eskubide kulturalak bermatu eta sustatzea, honakoak defendatuko dituzten politika kulturalak bultzatuz: kulturak ondasun amankomun bezala duen balioa, eta kulturarako irispidea izateko nahiz bizitza kulturalean parte hartzeko eskubideak, gizarte berdinzaleagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko zutabe diren aldetik.

Nafarroa identitate aberatsa eta askotarikoa duen erkidegoa da, bere-bereak diren gobernantza ereduetan errotutako historia duena; horregatik, kulturak kidetasun-sentimendua sortzen du, pentsamolde kritikoa hezurmamitzen, jasangarritasuna hobetzen, erkidegoko lurralde egituren taxuketan eragiten, eta gizartearen elementu integratzailea, eraldatzailea eta dinamizatzailea da, enplegua sortzeko eta garapen ekonomikorako faktore garrantzitsua izateaz gain.

Horrenbestez, foru lege hau kulturarako eskubidetik eskubide kulturaletarako aurrerapausoa da, eta lagungarria izanen da eskubide horiek giza eskubide gisa erabil daitezen, eta kulturarako nahiz sorkuntza artistikorako irispidea izateko eta kultur bizitzan parte hartzeko aukerak unibertsalak izan daitezen; orobat, sormen-gaitasunerako pizgarri eta arte adierazpenetarako babes izanen da, eta babesa eta aitortza emanen dizkie kultur arloko langile direnen eta kultur eta sorkuntza industrietako ekintzaileen zereginari.

IV

Foru lege honek honako egitura du: sei titulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.

  1. tituluan biltzen dira xedapen orokorrak eta foru legearen xedea, oinarrizko printzipioak eta aplikazio esparrua. Era berean, kultur eskubideak zein diren adierazten du titulu horrek, eta horiek osotara eta libreki egikaritzea bermatzeko agintzen die Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoei.

  2. tituluan kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea arautzen da. Administrazio Publikoek zaindu beharko dute eskubide horiek betetzen direla, eta behar diren baldintzak sustatu nahiz neurriak hartuko dituzte egiazko berdintasunean gauzatuak izan daitezen, inklusioa ziurtatuz pertsona eta talde ahulentzat eta desgaitasuna dutenentzat, bai eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ere.

    Kulturarako irispidearen arloan, aurreikusten da, batetik, ez bakarrik fisikoki irisgarriak izatea kultur zentroak, museoak, artxiboak, liburutegiak, antzokiak, auditorioak, kultur ondarea osatzen duten ondasunak eta, oro har, edozein ekipamendu kultural, baizik eta irispide birtuala edukitzea informazioaren teknologien eta kultur bitartekaritzaren bidez.

    Berariaz arautzen dira zenbait gai: Nafarroako Kultur Ondarearen parte diren ondasunetarako irispidea eraentzen da, zehaztasunez adieraziz zer araubide izanen duen Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean adierazitako betebeharrak, bisita publikoa baimentzearenak; ondare immaterialerako irispidea eta haren sustapena; dokumentu-ondarerako, museo eta bilduma museografiko iraunkorretarako irispidea, eta, azkenik, liburu eta liburutegietarako irispidea.

    Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloari dagokionez, nabarmentzekoa da kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren mendeko Nafarroako Zinematekaren eginkizunen arautzea.

  3. tituluan daude, halaber, arte eszenikoei, musikari, kultur eta sorkuntza ekosistemari eta kultur ekipamenduei dagozkien xedapenak.

    Azkenik, aitortzen da pertsona orok, banaka nahiz taldean, eskubidea duela bizitza kulturalean eta kultur arloko politika publikoekin lotutako erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuetan parte hartzeko, betiere gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta gobernu irekiaren gaineko araudiaren esparruan, eta ezertan ukatu gabe partaidetza-tresnak aurreikusten dituzten beste arau batzuetan xedatutakoa.

  4. titulua arte eta literatur sorkuntzari eta ikerketa zientifikoari buruzkoa da. Alde batetik, I. kapituluak heltzen dio sortzeko eta ikertzeko askatasunari, eta II. kapituluak, berriz, Administrazio Publikoek esparru horietan egin beharreko sustapen eta zabalkundeari.

  5. tituluak arautzen du Administrazio Publikoek kulturaren arloan duten erantzukizuna, eta ezartzen du haien jarduna bete behar dela jarduera publikoaren gardentasunaren gaineko araudiaren esparruan.

    Bestalde, kultur sektoreetan lan egiten duten pertsonen profesionalizazioa bermatzeko xedeaz, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak bete beharko dituen jarduketak ezartzen dira.

    Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, kulturaren arloko eskumena duen departamentuari gai hauen gaineko eskumenak esleitzen zaizkio: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako irispidea izatea; arte sorkuntza eta zabalkundea bultzatu eta sustatzea; foru lege honetan aitortutako eskubideak eraginkorrak direla eta legea betetzen dela zaintzea, ezertan ukatu gabe Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak eta Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuekiko koordinazioa.

    Horretarako, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak garatu beharko dituen jarduketak, neurriak eta programak ezartzen dira, hain zuzen foru legearen xedeak eta helburuak betetzeko eta jasotzen dituen eskubideak eta printzipioak egiaz aitortu eta erabiltzeko behar direnak.

    Udalerrien kasuan, toki araubideko oinarrizko legeriari jarraikiz, betiere berezko eskumen gisa eginen dute kulturaren eta kultur ekipamenduen sustapena, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeriaren...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR