14/2013 FORU LEGEA, apirilaren 17koa, iruzur fiskalaren aurkako neurriei buruzkoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, IRUZUR FISKALAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Iruzur fiskalaren aurkako borrokan gogor ekiteko, legegintzako hainbat neurri onestea du xede foru lege honek. Ez dago zalantzarik: edozein ekonomia ezkuturen aurkako borrokak, orokorrean, eta iruzur fiskalaren aurkakoak, zehazki, izan behar du zerga administrazioen jarduketa gidatuko duen argi nagusietako bat. Areago krisi ekonomikoaren une hauetan, non bereziki nabaria den diru-sarrera publikoen gutxitzea.

Iruzur fiskalak oinarrizko hiru zerga printzipioren aurka egiten du, orokortasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aurka. Gastu publikoen sostenguan guztiek hartu behar dutela parte adierazten du orokortasunaren printzipioak. Bakoitzak bere gaitasun ekonomikoaren arabera ordaindu beharrari lotzen zaio berdintasunaren printzipioa. Azkenik, zerga sistema baten justizia aurreko bi printzipio horien konbinazioan oinarritzen da, ekitatearekin eta progresibotasunarekin batean. Begi bistakoa da herritar eta entitate juridiko batzuek ez badituzte beren zerga betebeharrak betetzen, sistema fiskalak zuzena izateari uzten diola eta zama fiskala ez dela modu ekitatiboan banatzen.

Iruzur fiskalak kalte handia eragiten dio gizarteari; izan ere, iruzurgileek Ogasun Publikoan egiten ez dituzten ekarpenen ondorioz, gainerako herritarrek zerga gehiago ordaindu behar dituzte edo zerbitzu publiko gutxiago jaso, baliabideak gutxitzen direlako. Gainera, ezkutuko ekonomiak eta iruzur fiskalak kalte egiten diete beren betebeharrak betetzen dituzten enpresei, bidegabeko lehia handia eragiten dietelako maiz.

Iruzur fiskalaren aurkako borrokak orokorra izan behar du, ahal diren tresna guztiak erabili behar dira eta iruzur mota guztiak jarri behar dira begira-puntuan: ohikoenak eta berriak; norberak egiten duen iruzurra eta sareen bitartez egiten dena, askotan beste delitu batzuei lotua, hala nola diru zuritzeari edo kapital-ihesari.

Foru Komunitateko Zerga Administrazioa borroka horretan buru-belarri ari bada ere, arlo horretan jaso den esperientziagatik eta iruzurgileen jokabideetan ikusi diren aldaketengatik, komenigarria da Administrazioa tresna berritzailez hornitzea, esparru guztietan izan dezaten eragina: kudeaketan, ikuskapenean, diru-bilketan eta zigor arloko jurisdikzioan Ogasun Publikoaren aurkako delituak jazartzen direnean.

Egungo krisi egoeran, baliabide publikoen gutxitzeak inoiz baino beharrezkoago egiten du iruzur fiskalaren aurkako borroka. Helburu horrekin, foru legeak hainbat neurri diseinatzen ditu, hiru asmo harturik helburu:

  1. Diru-sarrera publikoak asko gutxitu dituzten iruzur mota batzuk detektatu direnez, horiei eraso egitea. Horrela, besteak beste, zerga erantzukizunarekin, hartzekodunen konkurtsoekin eta enpresen oinordetzarekin zerikusia dutenak.

  2. Zerga-kreditua bermatzen duten arauak hobetzea, horiek eguneratzeko edo behar bezala interpretatzen argitzeko, segurtasun juridikoa handitzearren. Esate baterako, aldaketak preskripzio epean eta etenduran, eta enbargoetan.

  3. Kautelazko neurriak hartzea Ogasunaren aurkako ustezko delituetan, bai eta erabiltzeko debekuak ere.

    Foru lege honek zazpi artikulu ditu, zazpi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

    Lehen artikuluak Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra aldatzen du. Aldaketak era askotako gaiei buruzkoak dira. Zerga erantzukizunaren figurari dagokionez, aipagarria da erantzukizun subsidiarioaren kasu berri bat sortu dela, egitatezko edo zuzenbidezko administratzaileak ukituko dituena atxikipenen autolikidazioak edo zerga ondorioenak aurkezten dituztenean diru-sarrerarik egin gabe, behin eta berriz eta zerga betebeharra betetzeko benetako asmorik gabe. Erantzukizun kasu hori behar bezala mugatzearren definitu dira autolikidazioak behin eta berriz aurkeztearen kontzeptua, autolikidazioak diru-sarrerarik egin gabe aurkeztearena eta betebeharra betetzeko benetako asmorik ez izatearena.

    Enpresa oinordetzari dagokionez, desegin eta likidatutako sozietateek bete gabe dituzten betebeharrengatik erantzunen duen likidazio kuotaren balioa handitu egiten da: likidazio kuotaren zenbatekoarekin erantzuteaz gain, bazkideek desegite dataren aurreko lau urteetan jasotakoaren mugaraino erantzunen dute, baldin eta jasotakoak betebehar horiengatik erantzuteko beharko lukeen sozietatearen ondarea gutxitu badu. Hau da, enpresa desegin aurreko lau urteetan bazkideek jasotakoek ere, baldin sozietatearen ondarea gutxitu badute, erantzunen dute. Neurri horren bidez, galarazi nahi da bazkideek likidazio aurreko eragiketen bidez sozietatearen ondarea banatzea eta, hartara, likidazioaren kuota oso urria izatea edo ez izatea. Gainera, zerga betebeharren eskualdaketa modu berritzaile batean arautu da Nafarroan sozietateak eta nortasun juridikoa duten entitateak azkendu edo desegiten direnean. Likidaziorik gabeko desegitea, eskuarki, enpresa berregituratzeko kasuei buruzkoa da, hala nola bat-egiteak, zatiketak eta aktiboaren eta pasiboaren lagapen orokorrak. Kasu horietan, azkentzen diren entitateen betebeharrak beren oinordeko diren pertsona edo entitateei, edo eragiketaren onuradun direnei eskualdatuko zaizkie: sozietate bereganatzaileei edo zatiketaren onuradunei. Aipatu behar da bete gabeko betebeharren eskualdaketak nortasun juridikoa duten entitateengan ere baduela eragina, nahiz sozietateak ez izan. Zehazten da, gainera, sozietateen eta nortasun juridikoa duten entitateen oinordekoek, bai horiek desegin eta likidatu badira, bai likidaziorik gabe desegin badira, entitate deseginaren zehapenen erantzule izanen direla, eta, kasua bada, likidazio kuotaren eta bazkideek desegite dataren aurreko lau urteetan jasotakoaren mugaraino erantzunen dutela, baldin eta jasotakoak gutxitu egin badu sozietateak betebehar horiei erantzuteko zuen ondarea.

    Preskripzioaren arloan, bi berrikuntza garrantzitsu daude. Alde batetik, preskripzioa kontatzeko arauak erantzukizun kasuetara egokitu dira. Zehazki, preskripzio epearen hasiera zehazten da erantzule solidario eta subsidiarioen kasuan. Erantzule solidarioen kasuan: zordun nagusiaren borondatezko ordainketa epea bukatzen denetik hasiko da kontatzen. Erantzule subsidiarioen kasuan: zordun nagusiari edo edozein erantzule solidariori egindako azken diru-bilketa jakinarazten zaionetik. Bestetik, berrikuntza hauek egin dira preskripzioaren etenduraren esparruan:

    –Administrazioak zerga-betebeharraren elementu guztietara edo batzuetara zuzendutako akzioak eteten du preskripzioa. Hau da, zerga betebeharraren elementu baten preskripzioa etenik, betebehar guztiaren preskripzioa eteten da.

    –Eta hori, nahiz eta hasieran Administrazioaren jarduna beste zerga-betebehar batera zuzendu subjektu pasiboaren aitorpen okerraren ondorioz. Hauxe da arrazoia: tributudunak okerreko zerga aitorpena egin izanaren ondorioz, Administrazioak betebehar horren preskripzioa eten eta, gero, zerga betebeharra beste bat zela frogatuz gero, azken horren preskripzioa ere eten eginen da.

    –Preskripzioa beste bi kasutan etenen da: zordunaren konkurtsoa deklaratzen denean eta zerga zorra kobratzeko akzio zibilak edo penalak erabiltzen direnean.

    –Preskripzio epea tributudun batentzat etendakoan, etenduraren eragina gainerako tributudunentzat ere bada, erantzuleak barne.

    –Auzi, konkurtso edo legezko beste arrazoi batzuengatik zordun nagusiarentzat edo erantzuleetako batentzat preskripzio epea etenez gero, gainerako tributudun solidarioentzat ere etenen da, erantzuleak beste batzuk izan edo zordun nagusia bera izan. Preskripzioa eten izanak ez du galarazten bidezko kobrantza akzioek aurrera jarraitzea.

    Kautelazko neurrien birmoldatze garrantzitsua ere egin da.

    Hauek dira berrikuntza nagusiak:

  4. Kautelazko neurri berriak hartu dira, hala nola, ondasun edo eskubideak besterendu, kargatu edo erabiltzeko debekua, eta portzentaje baten atxikipena, enpresek kontratistei eta azpikontratistei ordainduz gero.

  5. Zilegi da kautelazko neurriak hartzea prozeduraren edozein unetan: Administrazioak, arrazoietan oinarrituta, behar adina frogatzen duenean aginduan adierazitako kasuak eta mugak gertatu direla (zerga kreditua ez ordaintzeko arrazoizko zantzuak, proportzionaltasuna, hertsiki beharrezkoa den zenbatekoa, edo konpontzeko zailak edo konponezinak diren kalteak sortzerik gabe).

  6. Ogasun Publikoaren aurkako delituagatik prozesu judiziala abiatuta ere, Zerga Administrazioko organo eskudunak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu. Kasu horretan, neurria jakinaraziko zaie interesdunari, Fiskaltzari eta organo judizial eskudunari.

    Enbargoen esparruan, bi aldaketa garrantzitsu egin dira. Lehenik, kreditu entitateetako ondasun eta eskubideen enbargo-eginbidean identifikatu gabeko beste ondasun eta eskubide batzuetara zabaltzen ahalko da, kreditu entitatean gordailututa badaude eta ez, orain arte gertatzen zen moduan, enbargo agindua igorri zeneko bulegoan edo sukurtsalean bakarrik.

    Bigarrenik, neurri egiatan berritzailea ezarri da. Akzioak edo partaidetzak enbargatuta dituzten sozietateen ondasun higiezinez baliatzeko debekua ezartzen ahalko du Zerga Administrazioak. Horrela egin ahal izateko, akzio edo partaidetzen titularra den tributudunak sozietatearen kontrol efektiboa izan behar du.

    Bestalde, Zerga Administrazioaren eskumenak areagotu egiten dira delitu fiskalagatiko prozesuetan. Delituaren instrukzioa jurisdikzio penalera iraganik ere, Nafarroako Zerga Ogasuneko diru-bilketaren organoek, agintari judizialak gainbegiratuta, eskumena izanen dute delituari atxikitako diru-kopuruak ordaintzeko izan litekeen ondarea ikertzeko. Organo horiek delituarekin zerikusia duten pertsonen ondare egoerari buruzko txostenak egin ahalko dituzte, eta kautelazko neurriak hartu.

    Atzerrian dauden ondasun eta eskubideen gainean informatzeko betebeharrak barnean hartuko ditu higiezinak nahiz horien gaineko eskubideak.

    Bigarren artikuluak 4. idatz-zatia erantsi dio Nafarroako Foru Komunitateko...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR