75/2019 FORU DEKRETUA, ekainaren 26koa, honako arau hauek aldatzen dituena: Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamendua, maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia; Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsia; eta otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak xedatzen du Nafarroako Gobernuak behar diren xedapen guztiak emanen dituela foru lege hori garatzeko eta aplikatzeko.

Aipatu legearen 109.1.3 artikuluak dioenez, zergaren subjektu pasiboak behartuak daude beren eragiketa guztien faktura luzatu eta ematera, eta, betiere, erregelamendu bidez zehaztuko diren beharkizunak, mugak eta baldintzak bete beharko ditu fakturak.

Bestalde, Hitzarmen Ekonomikoaren 3. artikuluak ezartzen du ezen betiere Estatuari dagokiola zerga berezien eta BEZaren inportazio eskubideak eta inportazioaren kargak arautzea, kudeatzea, biltzea, likidatzea, ikuskatzea eta berrikustea; eta lege-gorputz beraren 32. artikuluak zehazten du ezen Nafarroak Estatuko lurraldean uneoro indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berberak aplikatu behar dituela, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan duen tributu-ahala erabiliz,nahiz eta bere ereduak onesten ahalko dituen aitorpenak eta diru-sarrerak egiteko.

Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 80. artikuluak ezartzen du ezen erregelamenduz zehaztuko direla aipatutako zergari lotutako errenta zergapetuak ordaintzen dituzten pertsona juridikoen eta entitateen atxikipena egiteko betebeharrak.

Foru dekretu honek 5 artikulu eta azken xedapen bat ditu. Lehenengo artikuluaren bidez Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamendua aldatzen da; bigarren artikuluaren bidez, zenbait aldaketa sartzen dira Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan; hirugarren artikuluak Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamendua aldatzea du xede; laugarren artikuluak Sozietateen gaineko zergaren Erregelamendua aldatzen du; eta bosgarren artikuluaren bidez, otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzen da, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena.

2017ko abenduaren 29an argitaratu zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Kontseiluaren 2017ko abenduaren 5eko 2017/2455 (EB) Zuzentaraua, zeinaren bidez aldatzen baitira 2006/112/EE eta 2009/132/EE zuzentarauak, zenbait betebeharri dagokienez, zerbitzu emateen eta ondasunen urruneko salmenten balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez. Zuzentarau horrek BEZaren zuzentarau harmonizatua aldatzen du, elektronikoki, telekomunikazioen bidez eta irrati-difusio eta telebista bidez emandako zerbitzuen tributazio arauei dagokienez, hartzailea ez denean enpresaburu edo profesional bat, enpresaburu edo profesional gisa diharduena.

Horiek horrela, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, urteko 10.000 euro arteko atalase bakarra ezartzen da Europar Batasun osorako, Europar Batasuneko estatu bakar batean finkatuak egonik Europar Batasuneko beste estatu batzuetako azken kontsumitzaileei noizbehinka zerbitzu ematen dieten mikroenpresek zerbitzuaren hartzailea den kontsumitzailea finkatua dagoen estatuan (kontsumoko estatukidea) prestazio horiengatik tributatzeagatik dituzten karga administratiboak eta tributuzkoak murrizteko. Hortaz, atalase hori gainditzen ez bada, zerbitzu emate horiek jarraituko dute mikroenpresa finkatua dagoen estatuko balio erantsiaren gaineko zergari lotuak. Nolanahi ere, posible izanen da, orobat, enpresaburuek edo profesionalek, hala nahi izanez gero, EBko beste estatuan, kontsumokoan, tributatzea, nahiz eta aipatutako atalasea ez gainditu. 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legea onestearen bidez egin zen zuzentarau horren transposizioa abenduaren 28ko 37/1992 Legera (balio erantsiaren gaineko zergari buruzko legea). Horrenbestez, beharrezkoa da doikuntza teknikoak egitea Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduan.

Bestalde, erraztasunak emate aldera tributu arloko betebeharrak borondatez betetzeko eta leihatilako sistema erraztuak erabiltzeko, ezartzen da ezen telekomunikazioetako, irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuei eta elektronikoki ematen diren zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziak dituzten subjektu pasiboei fakturazioaren arloan aplikatuko zaien araudia izanen dela EBko kide den identifikazioko estatukoa, eta ez kontsumoko estatukoa.

Aurrekoa gorabehera, balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro-liburuak eramateko sistema berria Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bidez (Informazioa Berehala Emateko sistema, IBE, aurrerantzean) aplikatzearen lehenbiziko fasea gainditu da, eta, hala, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea zergaren erregelamenduan, borondatezko aukera errazteko tributu kudeaketa sistema berria aplikatzeko.

Helburu berarekin, arautzen da zer informazio eman behar duten subjektu pasiboek IBEa erabiltzera beharturik gelditu aurreko urte naturalean egindako eragiketei dagokienez.

Orobat, beharrezkoa izanen da informatzea dirua itzultzeko dokumentu elektronikoez, zeinak, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, nahitaezkoak izanen baitira bidaiarien araubidean egiten diren esportazioaren gaineko zergaren itzulketetarako.

Azkenik, aldaketa batzuk egin behar dira erregelamenduan jasotako erreferentzia batzuk –indargabeturik gelditu diren arau-xedapen batzuei buruzkoak– eguneratzeko, indarreko araudiarekin eta Zergari buruzko Legearen testuarekin bat etor daitezen; eta, orobat, doikuntza tekniko bat egin behar da koordinatzeko nekazaritzako, abeltzaintzako eta arrantzako araubide berezia aplikatzeko muga jakin batzuk eta Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko metodoan erabiltzen diren mugak.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduari dagokionez, zenbait arau aldatzen dira, fakturazioaren arloan aplikatu beharreko araudia zehazten dutenak. Izan ere, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, identifikazioko EBko estatukidearen araudia aplikatuko da telekomunikazioetako, irrati-difusioko eta telebistako zerbitzuei eta elektronikoki emandako zerbitzuei aplikatu beharreko araubide bereziak dituzten subjektu pasiboentzat.

Bestalde, zergatik salbuetsita egonik nahitaez...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR