29/2014 FORU LEGEA, abenduaren 24koa, araudi fiskala aldatzekoa eta jarduera ekonomikoa pizteko neurriak hartzekoa.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ARAUDI FISKALA ALDATZEKOA ETA JARDUERA EKONOMIKOA PIZTEKO NEURRIAK HARTZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Tributuen arloko politika da administrazio publikoek daukaten tresnetako bat zenbait jokabide ekonomikotarako pizgarriak emateko, eta, gainera, aberastasun-birbanaketako eraginak lortzeko, eta ez bakarrik gastu publikoa finantzatzeko baliabideak biltzeko. Nafarroaren kasuan, tributuen arloko bere foru araubidea dela eta, politika hori funtsezko elementuetako bat gertatzen da politika ekonomiko orokorra taxutzeko. Hori dela-eta, garrantzi handiko tresna bat da, eta halakotzat erabili beharra dago.

Egungoa bezalako krisi-testuinguru batean, politika horrek bilatu behar du, lehenbizi, bermatzea zerbitzu publikoei eutsiko zaiela eta haiek finantzatuko direla. Baina, horretaz gain, jokabide batzuen pizgarri gisa lagundu behar du. Inbertsiorako, enplegua sortzeko eta berrikuntzarako laguntzek, eta azken batean jarduera ekonomikoa sortzekoek, lehentasunezko gai bat izan behar dute. Halaber, eskariaren ikuspuntutik, etxeetako ekonomiak arintzeko eta kontsumoa pizteko, zergadunek aurreko urteetan egin duten ahalegin fiskalaren zati bat itzultzea lagungarri gertatuko da jarduera ekonomikoa garatzeko.

Horrenbestez, ezinbestekoa da neurri horiek -normalean zergak beheratzea dakartenak- bat etortzea kontu publikoek behar duten orekarekin, eta, bereziki, zerbitzu publikoen prestazio egokia eta iraungarria bermatuta eta segurtatuta egotearekin. Osasuna, hezkuntza eta gizarte ongizatea ezin dira gutxitu, edo haien prestazio mailak ezin dira arriskuan jarri, gehiegizko beherapen fiskal batek baliabide ekonomikoak gehiegi gutxitzeagatik. Xede horretara bideratzen da foru lege hau.

Foru lege honek, lehenbizi, pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aldatzen du. Aldaketa gutxi dira, baina garrantzi oso handia dutenak. Horiekin nafar guztientzat zerga-zamaren beherapen orokor baina orekatu bat ezarri nahi da, baina gehikortasun handiagoa ezarriz eta azken urteetan inflazioak sortutako eraginak zuzenduz (tarte baxuak eta ertainak % 3 deflaktatzen dira), halako moduz non zerga-zamaren gutxitze bat gertatzen baita, batez ere errenta baxu eta ertainetan sentituko dena, eta neurri askoz txikiagoan errenta altuetan. Haietarako, gehieneko tasa marjinala % 48koa izanen da. Helburu horrekin, zergaren tarifa aldatzen da: tarifa orokorra zein aurrezkiarena. Azken horretan, pizgarria ematen zaio aurrezle txikiari, % 19ko gutxieneko tasa ezarrita.

Bestalde, inguruabar pertsonal eta familiarrengatik murriztekoak diren zenbatekoak gaurkotze aldera, gutxieneko pertsonala eta seme-alabengatikoa % 5 handitzen dira, eta desgaituenak, berriz, % 10.

Azkenik, zenbait neurri ezartzen dira, familia-enpresetan ondorengotza eta jarraitutasuna errazten dutenak.

Bigarrenik, ondarearen gaineko zerga aldatzen da. Zerga horrek joan-etorri ugari izan ditu azken urteetan, eta, gaur egun, Nafarroaren kasuan, tributu hori dela-eta zergadunak desabantaila egoeran zeuden gainerako autonomia-erkidegoetako zergadunen aldean. Hartara, bada, ez zaio uko egiten tributu horren existentziari, egokitzat jotzen baita gaitasun ekonomiko handienak zergapetzeko, baina xede horretara egokitzen da, ondare txikiagoen zergapetzea kenduta, eta haren tratamendua gainerako lurraldeetakoarekin orekatzen da.

Zehazki, zerga-ordainketaren atalasea 1.500.000 euroraino igotzen da, eta horixe izanen da aitorpena aurkezteko betebeharra ezartzen duen ondasun- eta eskubide-balioa. Gutxieneko salbuetsia 800.000 euroraino igotzen da, eta tarifa % 20 jaisten da.

Azkenik, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzen da. Tributu honetan, helburua da zergaren tasa nominalak jaistea, gure inguruko herrialde eta lurraldeetan bezala, baina diru-bilketa arriskuan jarri gabe. Hartara, gutxieneko tasa efektibo bat ere zehazten da, izaera orokorrekoa, baina gutxieneko hori txikiagoa izan daiteke baldin eta enpresak I+G jarduerak egiten baditu, enpresa berriak sortzeko inbertsioak egiten baditu edo enplegua sortzen badu. Gainera, zenbait neurri ezartzen dira I+G+i jarduketak nabarmen indartzeko. Gainera, kenkari ugari kentzen dira, denboran zehar eraginkortasunik ez dutela demostratu baita. Azken batean, tasen beherapen ponderatua, eta inbertsiorako, enplegurako eta I+G+i delakorako pizgarriak, horren bidez sortze aldera jarduera ekonomiko eta aberastasun handiagoa, enplegu gehiago eta, horrenbestez, diru-bilketa handiagoa.

Zehazki, enpresa handien tasa nominala % 30ekoa izatetik % 25ekoa izatera pasatzen da. Enpresa ertainen (milioi bat euro eta hamar milioi euro bitarteko fakturazioa dutenak) zerga-tasa % 23koa izanen da; enpresa txikien (milioi bat eurokoa baino fakturazio txikiagoa) zerga-tasa % 20tik % 19ra jaisten da. Alabaina, % 10eko gutxieneko tasa efektibo bat ezartzen da, zeina % 7raino jaits baitaiteke enplegua sortzeko baldintzak daudenean.

Lehenengo artikulua.–Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina aldatzen da, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, jarraian ematen den testua izanen dute ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren artikulu hauek:

Bat.–7.f) artikulua.

“f) Epe luzeko aurrezki planak bideratzeko erabiltzen diren bizi-aseguru, gordailu eta finantza-kontratuetatik heldu diren kapital higigarriaren etekin positiboak, Estatuko araudian ezarritakoaren arabera, baldin eta zergadunak ez badu planetik heldu den kapitala ezertarako erabili hura ireki eta bost urteko epea amaitu baino lehen.

Aipatutako kapitalaren edozein erabilpenek edo aipatutako epea amaitu baino lehen Estatuko araudian ezarritako baldintzetatik edozein ez-betetzek beraiekin ekarriko dute aurreko lerrokadan aipatutako etekinak -planak indarra izan duen aldian sortutakoak- itzultzeko betebeharra, ez-betetze hori gertatzen den zergaldian.”

Bi.–7. artikuluko v) letra kentzen da.

Hiru.–15.2.e) artikulua.

“e) Negoziazio kolektiboko prozesuetan hitzarturiko espezie-ordainsariak, erregelamenduz ezarriko diren mugekin eta moduan, bai eta ikastetxe baimenduetan emandako eskolaurre-, haur-, derrigorrezko lehen eta bigarren hezkuntzaren, batxilergoaren, lanbide-heziketaren eta unibertsitate-hezkuntzaren zerbitzuen zenbatekoa, zerbitzu hori ikastetxe horietako langileen seme-alabei emandakoa denean, dohainik edo merkatuko prezio normala baino apalagoan; betiere, subjektu pasiboek 60.000 euro baino gutxiagoko diru-etekinak dituztenean.”

Lau.–17.2 artikuluko lehen lerrokada.

“a) % 30, bi urte baino gehiagoko sortze aldia duten etekinetarako (aldian-aldian edo behin eta berriz jasotzen direnak ez badira), eta erregelamendu bidez denboran modu irregular nabarmenean jasotakotzat jotzen direnetarako. Murrizketa hori aplikatu ahal izateko, etekin osoak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez. Soberakinari ez zaio inolako murrizketarik aplikatuko. Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa hori aplikatuko.”

Bost.–18. artikuluaren 1. idatz-zatiko c) letra kentzen da.

Sei.–18. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letra c) letra izanen da.

Zazpi.–18.2 artikulua.

“2. Aurreko idatz-zatiaren b) letrak aipagai dituen gastuen kenkaria aplikatzeko, subjektu pasiboek ordaindutako kuotek lanbide-elkargoak Zerga Administrazioari aurkeztutako aitorpenetan agertu beharko dute, zerga arloko araudian ezarritako eredu eta epeetan.”

Zortzi.–25.3 artikulua.

“3. Behin, kasua bada, aurreko idatz-zatiko murrizketa aplikatu ondoren, errendimendu garbi positiboak lortu badira bi urte baino gehiagoko aldi batean edo, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, modu irregular nabarmenez denborari dagokionez, errendimendu horiek % 30 murriztuko dira. Murrizketa hori aplikatu ahal izateko, etekin osoak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez. Soberakinari ez zaio inolako murrizketarik aplikatuko. Murrizketa hori ez da inolaz ere aplikatuko etekinak zatika kobratzen badira.”

Bederatzi.–32.2 artikulua.

“2. Foru lege honen 30.3 artikuluko 3. idatz-zatiaren a), b), c), d) eta f) letretan aurreikusitako etekin garbiak, baldin eta bi urtetik gorako sortze-aldia badute edo, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, modu irregular nabarmenez lortu badira denborari dagokionez, % 30 murriztuko dira. Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa hori aplikatuko.

Aurreko lerrokadako murrizketa aplikatu ahal izateko, etekin osoak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez. Soberakinari ez zaio inolako murrizketarik aplikatuko.”

Hamar.–34.6 artikulua.

“6. Jardueren errendimenduek bi urtetik gorako sortze-aldia izan badute, edo, erregelamenduz ezarritakoaren arabera, modu irregular nabarmenez lortu badira denborari dagokionez, % 30 murriztuko dira.

Aurreko lerrokadako murrizketa aplikatu ahal izateko, etekin osoak 300.000 eurokoak izanen dira gehienez. Soberakinari ez zaio inolako murrizketarik aplikatuko.

Nolanahi ere, murrizketa hori ez da aplikatuko baldin eta etekinak, haien zenbatekoa gorabehera, modu erregularrean edo ohikoan era horretako etekinak izaten dituzten enpresa- edo lanbide-jardueretatik heldu badira, nahiz eta indibidualki aurretik adierazitako baldintzak betetzen dituen epearen barnean garatutako jardueren ondoriozkoak izan.

Etekin horiek zatika kobratzen badira, ez da murrizketa hori aplikatuko.”

Hamaika.–39.4.c) artikulua.

“c) Enpresa baten inter vivos eskualdaketa doaneko bat egiten denean, edo eskualdaketa hori denean Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 5.9 artikuluan araututako salbuespena aplikatzen zaien entitateetako partaidetza guztiena edo haien zati batena. Baldintza hauek bete beharko dira:

a’) Eskualdaketa lerro zuzeneko ondorengo ahaide baten edo gehiagoren alde egitea, edo hirugarren maila bitarteko odol bidezko alboko ahaide baten edo gehiagoren...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR