234/2015 FORU DEKRETUA, irailaren 23koa, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 269. artikuluan xedatzen denez, Nafarroako toki entitateen aurrekontuak Nafarroako Gobernuak oro har entitate horientzat zehazten duen aurrekontu egiturara egokituko dira.

Bestalde, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 200.1 artikuluak, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 269. artikuluarekin bat, Nafarroako Gobernuaren esku uzten du Nafarroako toki entitateen aurrekontuen egituraren ezarpena, aintzat hartuta diru-sarrerak eta gastuak, bai eta azken horiekin lortu nahi diren helburuak eta xedeak ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeak berak ezarritako irizpideei jarraikiz.

1998ko irailaren 21ean, 271/1998 Foru Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea garatu baitzen aurrekontu egituraren alorrean.

Orduz geroztik zenbait aldaketa egin dira, maila handiagoan edo txikiagoan toki ogasunen aurrekontuen esparruan eragina izan dutenak.

Besteak beste, nabarmentzekoa da 2012an onetsitako Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa.

Halaber, aintzat hartu beharrekoa ere bada Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 15. artikuluak Administrazio Publikoei –eta, horrenbestez, Nafarroako toki entitateei– ezarritakoa: arlo guztietako politika publikoen definizioan eta aurrekontuetan gizonen eta emakumeen arteko tratu berdinaren printzipioa modu aktiboan sartzeko betebeharra. Arau horri dagokionez, programen araberako sailkapenean sartua dago 2391 kodearekin entitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako gastua.

Azken finean, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egituraren oinarri juridikoa den araua denborarekin bereiziz joan da aurrekontuetan eragina izan duten arau aldaketetatik.

Bestalde, “aurrekontuko kontu-sail” terminoaren ordez, “aurrekontu-aplikazio” hautatu da, xede bikoitzarekin: “kontu-sail” terminoarekin ez nahastea, hots, azpikontzeptu ekonomikoaren bereizketa maila gisa, eta abenduaren 3ko EHA/3565/2008 Aginduarekiko definizio homogeneoa mantentzea. Agindu horren bidez toki entitateen aurrekontuen egitura onetsi zen, eta gerora, martxoaren 14ko HAP/419/2014 Aginduak aldatu zuen. Nafarroako toki entitateen aurrekontuen datuak eta Estatuko gainerakoenak alderatzea errazagoa izan dadin, foru dekretu hau prestatu da, gorago aipatutako ministro-aginduekin antzekotasun handiena bilatuz.

Horiek horrela, Nafarroako Kontseiluaren irizpena ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2015eko irailaren 23ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea eta eremu subjektiboa.

1. Onesten den foru dekretu honen xedea da Nafarroako toki entitateen aurrekontuek izan beharreko egitura, arauak eta kodeak ezartzea.

2. Foru dekretu honetako araudiaren bidez Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitako aurrekontu egitura ezartzen da, eta Nafarroako toki entitateei eta horien mendeko erakunde autonomoei aplikatuko zaie.

2. artikulua. Aurrekontuen egitura.

1. Nafarroako toki entitateek, beren aurrekontuak prestatzean, aintzat hartuko dute diru-sarrera eta gastuen izaera ekonomikoa, bai eta azken horiekin lortu nahi diren xedeak eta helburuak ere.

2. Era berean, gastuen eta diru-sarreren sailkapena beren egitura organiko propioaren arabera egiten ahalko dute, beren antolaketari buruzko erregelamendu edo dekretuekin bat.

3. Toki entitateak foru dekretu honen bidez onetsitako egitura garatzen badu, garatzen duen aurrekontuaren exekuzio oinarrietan jaso beharko du; aldiz, garapenak aurrekontu ekitaldiak baino gehiago irauten badu, erregelamenduetan edo arauetan jaso beharko du.

3. artikulua. Gastuen egoeraren sailkapenerako irizpide nagusiak.

Honako irizpide hauen arabera egingo da Nafarroako toki entitateen gastuen egoeraren sailkapena:

  1. Programen arabera.

  2. Kategoria ekonomikoen arabera.

  3. Aukeran, unitate organikoen arabera.

    4. artikulua. Programen araberako sailkapena.

    1. Kredituak beren xedearen eta erdietsi nahi diren helburuen arabera ordenatuko dira, foru dekretu honen 1. eranskinean zehaztutako sailkapenari jarraikiz: gastu alorra, gastu politika, programa taldeak eta programak.

    2. Gastu alorrak, gastu politikak eta programa taldeak honako hauei dagozkie, hurrenez hurren: funtzio taldeak, funtzio eta azpifuntzioak, Nafarroako toki entitateen aurrekontuetan 2016. urtea baino lehen erabilitako izendapenekin bat.

    3. Kredituen xehetasuna programaren mailan adieraziko da. Hala ere, foru dekretu honetan garatu gabe ageri diren programa taldeei dagokienez, toki entitateak ez badu horiek garatzeko beharrik ikusten, zero programa erabiliko da.

    4. Foru dekretu honen 1. eranskinean zehaztutako egitura itxitzat eta derrigorrezkotzat joko da Nafarroako toki entitate guztientzat. Hala ere, programa taldeak programa eta azpiprogrametan bereizten ahalko dira, horien egitura irekia izanen delarik; hortaz, beharrezkotzat jotzen diren programak eta azpirpogramak sortzen ahalko dira foru dekretu honek ezarritako egituran agertzen ez badira.

    5. Estatuak edo Nafarroako Foru Komunitateak eskuordeturik, toki entitateak eskumenak bere gain hartzen dituenean, programa taldeak garatu beharko ditu, bere gain hartutako zerbitzua zehatz-mehatz bat etor dadin aurrekontuko programa eta azpiprograma bakar batekin.

    5. artikulua. Gastuaren sailkapen ekonomikoa.

    1. Gastuaren sailkapen ekonomikoan, kredituak kapituluka multzokatuko dira, honakoak bereiziz: eragiketa arruntak, kapital eragiketak eta finantza eragiketak.

    2. Kredituak beren izaera ekonomikoaren arabera ordenatuko dira, kapituluka, artikuluka, kontzeptuka eta azpikontzeptuka, foru dekretu honen 2. eranskinean zehaztu bezala.

    3. Kredituen xehetasuna kontzeptuaren mailan adieraziko da gutxienez.

    4. Kodeak izaera itxia du kapituluaren, artikuluaren eta kontzeptuaren mailan. Azpikontzeptuen araberako egitura irekia da; hortaz, beharrezkotzat jotzen diren guztiak sortzen ahalko dira foru dekretu honek ezarritako egituran agertzen ez direnean. Hala ere, eta Toki Administrazioaren berezitasuna dela-eta, oro har erabiltzekoak diren zenbait azpikontzeptu tipifikatzen eta kodetzen dira. Toki entitate batek kontzeptu jakin bat bereiztea erabakitzen badu, egitura honetan tipifikatutako azpikontzeptuen kodeei jarraituko zaie, halakorik bada. Aurrekontu garapena azpikontzeptuaren mailara eramaten denean, eta erabakitzen bada ez dela kontzepturik bereiziko, zero azpikontzeptua erabiliko da garatu gabeko kontzeptu horren gastuak kodetzeko.

    5. Azpikontzeptuak kontu-sailetan garatzen ahalko dira, horien egitura irekia izanen delarik.

    6. artikulua. Aurrekontu-aplikazioa.

    1. Aurrekontu-aplikazioa, zeinaren adierazpen zenbakiduna aurrekontuko kreditua baita, programen araberako sailkapen eta sailkapen ekonomikoaren konjuntzioak definituko du, programaren eta kontzeptuaren mailan, hurrenez hurren.

    2. Toki entitateak sailkapen organikoa erabiltzea erabakitzen badu, aurrekontu-aplikazioa sailkapen organikoaren, programen araberako sailkapenaren eta sailkapen ekonomikoaren konjuntzioak definituko du.

    7. artikulua. Kontabilitateko erregistroa.

    1. Kredituen, horien aldaketen eta gastu exekuzioaren eragiketen kontabilitateko erregistroa aurreko puntuan definitutako aurrekontu-aplikazioaren gainean eginen da.

    2. Nafarroako toki entitateek kontabilitatearen jarraipena xehakatze maila handiagoarekin egiten ahalko dute.

    8. artikulua. Hasierako kredituak eta behin betikoak.

    1. Hasierako kreditutzat joko da entitateak behin betiko onesten duen aurrekontuko aurrekontu-aplikazio bakoitzari esleitutakoa.

    2. Aldian-aldian indarra duen behin betiko kreditua honako honek zehaztuko du: aurrekontuan egindako aldaketen ondorioz areagotutako edo gutxitutako hasierako kreditua.

    9. artikulua. Diru-sarreren sailkapen ekonomikoa.

    1. Toki entitatearen aurrekontuaren diru-sarreren egoeran sartutako aurreikuspenak sailkatzeko, honako eragiketa hauek bereiziko dira: eragiketa arruntak, kapital eragiketak eta finantza eragiketak, foru dekretu honen 3. eranskinean zehazten den egiturarekin bat (kapituluka, artikuluka, kontzeptuka eta azpikontzeptuka antolatua).

    2. Diru-sarreren xehetasuna azpikontzeptuen mailan adieraziko da gutxienez.

    3. Kodeak izaera itxia du kapituluaren, artikuluaren eta kontzeptuaren mailan. Azpikontzeptuen araberako egitura irekia da; hortaz, beharrezkotzat jotzen diren guztiak sortzen ahalko dira foru dekretu honek ezarritako egituran agertzen ez direnean. Hala ere, eta Toki Administrazioaren berezitasuna dela-eta, oro har erabiltzekoak diren zenbait azpikontzeptu tipifikatzen eta kodetzen dira. Tipifikatutako azpikontzeptuak derrigorrez bete beharko dira, eta ez da aukerarik izanen egituran garatutako kontzeptuak ez bereiztea erabakitzeko. Egitura honetan kontzeptu jakin bat garatu gabe badago, eta azpikontzeptu berriak sortu nahi ez badira, zero azpikontzeptua erabiliko da bereizi gabeko kontzeptuaren diru-sarrerak kodetzeko.

    Lehen xedapen iragankorra.–Irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretuaren aplikazioa.

    Irailaren 21eko 271/1995 Foru Dekretua aplikatuko zaie Nafarroako toki entitateen aurrekontuei, baldin eta 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako ekitaldiei badagozkie. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea garatu zen aurrekontuen egituraren alorrean.

    Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

    2016ko urtarrilaren 1etik aurrera indargabetuta geratuko da irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretua, hain zuzen ere Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen egituraren alorrean garatzen duena.

    Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

    Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2016ko ekitaldiari eta ondorengoei...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR