17/2020 FORU LEGEA, abenduaren 16koa, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a 1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA 1.1. XEDAPEN OROKORRAK 1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak 17/2020 FORU LEGEA, abenduaren 16koa, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituena. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, INGURUMENEAN ERAGINA DUTEN JARDUERAK ARAUTZEN DITUENA.

ZIOEN AZALPENA

Rio de Janeiron 1992an sinatu zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Adierazpenak ezartzen duenez, gizakiak garapen jasangarriarekin zerikusia duten kezken erdigunean daude, eta eskubidea dute naturarekin bat datorren bizitza osasuntsua eta produktiboa izateko.

Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuak ezartzen du ingurumenaren arloko politikak lagundu behar duela helburu hauek lortzen: ingurumenaren zainketa, babesa eta kalitatearen hobekuntza; pertsonen osasunaren babesa; natura-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa; eta nazioartean neurriak sustatzea, mundu osoan nahiz eskualdez eskualde dauden ingurumen arazoei aurre egiteko. Ezartzen du, halaber, ingurumenaren arloan gauzatuko duen politikaren xedea izanen dela babes maila altua lortzea, aintzat hartuz betiere Erkidegoko eskualdeetan mota askotako egoerak daudela, eta printzipio hauetan oinarrituta: zuhurtasunarena eta prebentzio ekintzarena; ingurumenak jasandako erasoak ahal dela sorburuan bertan zuzentzearena; eta, azkenik, kutsatzen duenak ordaindu behar duela dioena.

Pertsonaren garapenerako ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea, bai eta ingurumena zaintzeko betebeharra ere, dira Espainiako Konstituzioan jasotzen diren politika sozial eta ekonomikoaren gidaritzarako printzipioetako batzuk. Bertako 45. artikuluak botere publikoei agintzen die zain dezaten natura-baliabide guztien erabilera arrazoizkoa izatea, bizi-kalitatea babesteko eta hobetzeko eta ingurumena defendatu eta lehengoratzeko, ezinbestekoa den elkartasun kolektiboaren laguntzaz.

Natura babesteko eta pertsonen osasuna eta bizi kalitatea zaintzeko helburuarekin, Europar Batasunak arau ugari onetsi ditu, zeinetan hainbat tresna ezartzen baitira botere publikoek esku har dezaten bai ingurumenari eragiten dioten instalazio eta jardueren gainean, bai ingurumenean ondorio muntadunak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen gainean.

Erreferentziarako arau-esparru indarduna osatzen dute, batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauak, industria-isurketei buruzkoak (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak), eta, bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko abenduaren 13ko 2011/92/EB Zuzentarauak, proiektu publiko eta pribatu zehatz batzuek ingurumenaren gainean dituzten ondorioen ebaluazioari buruzkoak.

Ingurumen-babesaren alorreko oinarrizko eskumena baliaturik, bi zuzentarau horien transposizioa egin da Espainiako ordenamendu juridikora; gehienbat, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginean, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean.

Baliaturik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 57.c) artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari aitortzen dizkion eskumenak, ingurumen eta ekologia arloetan legegintzazko garapena eta betearazpena egitekoak eta babes-arau osagarriak ezartzeko helburuarekin, martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea onetsi zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, xede zeukana araubide bat ezartzea Nafarroako administrazio publikoek dituzten esku-hartze administratiborako modu desberdinetarako, jomugatzat harturik prebenitu, murriztu eta kontrolatzea zenbait jarduera publiko zein pribatuk dakarten kutsadura eta atmosferaren, uren, lurraren eta biodibertsitatearen gaineko ingurumen-inpaktua, halatan ingurumenaren osotasunaren babes posible handiena erdietsiko delakoan.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak modu integratuan arautu ditu ingurumen-eragina izan lezaketen jardueren abiarazpenean eta funtzionamenduan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoek esku hartzeko prozedurak.

Horretarako, formula desberdinak erabili ditu; besteak beste, ingurumen arloko eskumena duen organoak emandako zuzeneko baimena, beste toki organo edo ente eskudun batzuek eman beharreko baimenaren aurreko txostena, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

Alabaina, azken urte hauetan arau horrek izan duen aplikazioak erakutsi du egungo egoeran aldaketak eta egokitzapenak txertatu beharra dagoela.

Bestalde, onetsitako Europar Batasuneko zuzentarau eta Estatuko lege berriek behartzen dute haietako berritasunak jasoko dituen arau berri batekin ordeztera martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa.

Alde horretatik, garrantzitsuak dira arlo hauetan egin diren aldaketak: ingurumen-baimen integratua behar duten jarduerena, ingurumen ebaluazioarena, sinplifikazio administratiboarena eta, azkenik, Administrazioaren esku-hartzea jarduera ekonomikoek ingurumenean izan dezaketen ukipen errealaren arabera hierarkizatzeari dagokiona.

Horrenbestez, foru lege honek premisa hauek hartzen ditu abiapuntu:

–Jarduera ekonomikoen tramitazioa, dela haien abiarazpenekoa dela haiek ondoren kontrolatu eta garatzeari dagokiona, dagoeneko estatu osoan dagoen berbera izatea, merkatu-batasunaren berme gisa, oinarrizko araudiak jadanik erregulatuta dituen kasuetan.

–Horiei aplikatu beharreko araubide juridikoa sinplifikatzea, betiere utzi gabe beharrezkoak diren kontrola eta jarraipena egiteari, bermatze aldera indarreko araudia betetzen dela eta, noski, errespetatzen dela herritarrek ingurumen egoki baterako duten eskubidea. Betiere ahalegindurik bateragarriak izan daitezen jarduera ekonomikoen ezarpenerako kudeatze-lanaren azkartasuna eta ingurumenaren babes egokia. Horrela segurtasun juridikoa bermatu nahi da, pertsonena ez ezik jarduera horien sustatzaileena ere, aurrerapausoak emanez ekonomia zirkularra deritzona gauzatzeko bidean.

–Ingurumen arloko esku-hartzearen xede izan daitezela, egiazki, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ingurumen-eragina izan dezaketen jarduerak, sinplifikatuz kasuan kasuko baimenak eta lizentziak lortzeko bideak.

Ildo horretan, lege berri honen asmoa da prozedura-bikoizkeriak saihestea, azkartasuna eta eraginkortasuna areagotzen saiatuz.

Beste asmo bat da herritarren eta enpresen erantzunkidetasuna ziurtatzea, baina, aldi berean eta modu partekatuan, baimenak eta lizentziak epe ezarrietan eman behar dituzten administrazioena ere bai.

Abiapuntutzat hartzen den ideia nagusia da oinarrizko araudiak eraentzen dituen prozedurak ez errepikatzea, aski izanik prozedura horietarako igorpena egitea, eta Nafarroako administrazio publikoen eskumenekoak direnak eraentzea.

Halatan, ezartzen da jarduera horiek garatzen diren toki entitateek horien berri emanen dutela horien hirigintza-egoerari dagokionez, baina jarduera sailkatuaren lizentzia eman behar izan dezatela, soilik, ingurumenaren eskumena duen Nafarroako Gobernuaren departamentuaren inolako txosten aurretiazkorik behar ez den kasuetan.

Horrela, toki entitateek jarduera sailkatuaren lizentzia eman beharko dute, soilik, ingurumenean eragin txikiena duten jardueretarako (3. eranskinean jasota daude), baldin eta ez badaude lizentziaz salbuetsirik, Merkataritza eta zenbait zerbitzu liberalizatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 26ko 12/2012 Legean ezarritakoarekin bat.

Ildo horretan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 180. artikuluak ezartzen duenez -apirilaren 6ko 7/2010 Foru Legeak emandako testuaren arabera (2010eko apirilaren 14ko NAO)-, toki entitateen esku-hartzea gauzatzen ahalko da aldez aurreko lizentzia-edukitzarako betebeharraren bidez eta prebentziorako beste kontrol-egintza batzuen bidez; eta, zerbitzu-jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko araudiaren aplikazio-esparruko jarduera eta zerbitzuetan hasi eta aritzeari dagokionez, araudi horretan xedatuari heldu beharko zaio.

Bestalde, zerbitzu-jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak ezartzen du zerbitzu-jarduera batean hasi eta aritzea erregulatzen duen araudiak zerbitzu-emaileei ezin izanen diela ezarri baimentze-araubiderik, salbuespenez izan ezik eta baldintza batzuk betetzen direlarik, ingurumenaren babesa, kasu; eta baldintza horiek behar adina arrazoitu beharko direla araubide hori ezartzen duen legean.

Horregatik, foru lege honetan ezarri behar da zein diren jarduera sailkatuaren lizentzia aurretiaz edukitzera baldintzatuz toki entitateek beren eraginaren pean ipin ditzaketen jarduera eta zerbitzu horiek.

Aitzitik, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuaren esku-hartzea behar izan eta kasuko eranskinetan jasota dauden jarduerei dagokienez, ezartzen da departamentu hori izanen dela beharrezkoa den baimena emanen duena eta haren jarraipena eta kontrola eginen dituena. Baimen berri bat sortzen da, beraz: ingurumen-baimen bateratua.

Premisa orokor horiek kontuan hartuta, foru lege berri honek inplikatutako gizarte sektoreen eta Nafarroako Gobernuko departamentuen ekarpenak eta iradokizunak jaso ditu.

ATARIKO TITULUA

Printzipio eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta helburuak.

Foru lege honen xedea da Nafarroako administrazio publikoen esku-hartze modu desberdinak arautzea, jomugatzat dutenak prebenitu eta murriztea zenbait jarduera publiko zein pribaturen kutsadura eta atmosferaren, uraren, lurzoruaren, paisaiaren eta ingurune naturalaren gaineko ingurumen-inpaktua, ingurumenaren osotasuna ahalik eta gehien babestea lortzeko modu gisa.

Zehazki, foru lege honek helburu hauek ditu:

Ingurumen arloko kontrol administratiboa paratzea, zenbait instalazio, proiektu eta jarduera ezarri eta abian jarri aurrekoa, bai eta haien funtzionamenduan, abiarazpenean edo gauzatzean...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR