109/2016 FORU DEKRETUA, azaroaren 23koa, “Pitillasko aintzira” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu, haren kudeaketa plana onetsi eta “Pitillasko aintzira” natura-erreserba (RN-33) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

Pitillasko aintzira izeneko gunea Nafarroako erdialdean dago, Pitillasko eta Santakarako udal mugapeetan. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren zenbait habitat natural eta basa flora eta fauna; horietako batzuk galzorian daude beren banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktibo eta prebentiborako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural edo espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren interesekotzat hartu diren basa florako eta faunako espezie eta habitat natural guztien adierazgarriak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi behar dituzte leku bakoitzean dauden habitat natural motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, “Pitillasko aintzira” izeneko ES0000133 gunea dago.

Batasunaren Garrantzizko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Garrantzizko Leku izatearen arrazoi diren habitat naturalak eta espezieen populazioak kontserbazio egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berrezartzeko.

2006ko uztailaren 19ko 2006/613/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko mediterraneoaren barreneko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, kontserbazio bereziko eremu izendatuko dira leku horiek.

“Pitillasko aintzira” gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, hortaz, bertan jaso dira leku horretan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Nafarroako Gobernuak 1990eko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren arabera, Pitillasko aintziraren eremua Hegaztien Babesgune Berezia da (B-133 HBB).

HBB horren mugak berraztertu ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia dirudi horiek berriz ere definitzea, “Pitillasko aintzira” gunearen mugekin bat etor daitezen.

Irailaren 2ko 310/1996 Foru Dekretuaren bidez, “Pitillasko aintzira” natura-erreserba (RN-27) erabili eta kudeatzeko plana onetsi zen.

Gero, uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onetsi ziren, Pitillasko aintzirarena izan ezik. Salbuespenaren arrazoia da natur erreserba horrek lehendik zuela erabilera eta kudeaketa plana (310/1996 FD).

Natura Sareko gunea kudeatzeko plana prestatzeko prozesuan, ikusi da plan hori eguneratu behar dela. Gainera, egokitzat jo da natur erreserbei buruzko araudi orokorra (230/1998 Foru Dekretuaren I. eranskina) aplikatzea Pitillasko aintzirari (RN-27).

230/1998 Foru Dekretuak 2. artikuluan ezartzen badu ere erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileen indarraldia mugagabea izanen dela, Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 20.2 artikuluan adierazten denez, erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileetako arauek izanen dute indarraldi mugagabea, eta halaxe ezarri da kudeaketa plan honetan, foru dekretu honen azken xedapenetako lehenarekin bat.

Horiek horrela, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2016ko azaroaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. artikulua. Xedea.

    Foru dekretu honen xedea hauxe da:

  2. ES0000133 Batasunaren Garrantzizko Lekua, “Pitillasko aintzira” izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea.

  3. “Pitillasko aintzira” izeneko B-133 Hegaztien Babesgune Bereziaren (HBB) mugak berriz zehaztea eta Kontserbazio Bereziko Eremuko mugekin bat etorraraztea.

  4. “Pitillasko aintzira” izeneko ES0000133 Zainketa Bereziko Eremuaren (ZBE) eta B133 HBBren kudeaketa plana onestea (foru dekretu honi erantsi zaio).

  5. “Pitillasko aintzira”” natura-erreserba (RN-27) erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea eguneratzea, ES0000133 Zainketa Bereziko Eremuaren kudeaketa planarekin bat.

  6. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

    “Pitillasko aintzira” izeneko gunea Pitillasko eta Santakarako udal mugapeetan dago, eta 532,76 hektareako azalera dauka.

    Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala planean berean jaso den kartografiak ezarri du.

  7. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

  8. Zuzendaritza Batzorde bat sortzen da “Pitillasko aintzira” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsultarako eta partaidetzarako organoa izateko asmoz. Pitillasko eta Santakarako udalen ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek osatuko dute.

  9. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

    1. Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

    2. Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

    3. Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

    4. Foru Komunitateko Administrazioari jakinaraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

    5. Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei eskatzea neurriak garatzeko behar diren konpromisoak bete ditzatela.

    6. Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzala eta haiekin goza dadila ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

    XEDAPEN GEHIGARRIAK

    Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria gaitzea.

    Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

    Bigarren xedapen gehigarria.–Lotutako araudia.

    “Pitillasko aintzira” natura-erreserbari dagokionez (RN-27), oso-osorik BGLan sartutako espazioa baita, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera arautuko da.

    XEDAPEN INDARGABETZAILEA

    Xedapen indargabetzaile bakarra.–310/1996 Foru Dekretua indarrik gabe uztea.

    Indarrik gabe uzten da 310/1996 Foru Dekretua, irailaren 2koa, Pitillasko aintzira (RN-27) natur erreserba erabili eta kudeatzeko plana onetsi zuena.

    AZKEN XEDAPENAK

    Azken xedapenetako lehena.–Kudeaketa Planaren indarraldia.

  10. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planaren indarraldia:

    1. Mugagabea, funtsezko elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

    2. 10 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, plana berraztertuko da.

  11. Hala ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen zainketan eragina izan dezakeena, plana berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

  12. Kudeaketa Plana ukitzen ahal duen edozein aldaketa edo berrikuspen foru dekretu bidez onetsi beharko da.

    Azken xedapenetako bigarrena.–Beste plan batzuekiko erlazioa.

  13. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarean jarduteko ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

  14. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

    Azken xedapenetako hirugarrena.–Garatzeko gaikuntza.

    Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR