108/2014 FORU DEKRETUA, azaroaren 12koa, eraikinen ebaluazio txostena arautzen duena.

SecciónI. Nafarroako Foru Komunitatea

ZIOEN AZALPENA

1

Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitza parkea 320.000 unitatek baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik %28 edo gehiago berrogeita hamar urtez gorakoak dira.

Nafarroako etxebizitza parkea zaharberritu eta mantentzea Nafarroako Gobernuaren etxebizitzaren arloko politikaren helburu nagusietako bat izan da; hori kontuan hartuta, zaharberritzeko laguntza batzuk ezarriak ditu, zenbateko aldakorra dutenak faktore hauen arabera: eraikinaren adina, egin beharreko lanen izaera eta diru-laguntzaren jasotzaileen errenta, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Azken urteotan zaharberritze lan asko egin badira ere, eraikin askotan ez da horrelakorik inoiz egin, eta haietako batzuetan arazo larriak egonen dira beharbada, denborak, eraikuntzaren kalitate txarrak, erabilera okerrak edo mantentze-lanen faltak eraginda, lan horiek behar-beharrezkoak baitira eraikinek segurtasun eta osasun aldetik gutxieneko baldintzak bete ditzaten.

Eraikinen jabe eta erabiltzaileak beharturik daude horietan mantentze-lanak egitera, eta halaxe aurreikusi da arau hauetan: Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 16. artikulua; Lurzoruaren Legearen testu Bategina onetsi zuen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua; eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.1.b artikulua, eskatzen baitu lurrek eta eraikinek baldintza onak bete behar dituztela segurtasunari, osasunari, itxura publikoari eta bizigarritasunari dagokienez, zein bere erabileraren arabera, eta behar diren lanak egin behar direla baldintza horiei eutsi edo lehengoratzeko eta beharrezkoak diren zerbitzuak emateko, ondasunaren erabileraren eta ezaugarrien arabera eska daitezkeenak.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean eraikinen ikuskapen teknikoak egiteko beharkizunak oinarria du uztailaren 1eko 8/2011 Errege Lege Dekretuan –hipoteka-zordunei laguntzeko neurriei buruzkoa, gastu publikoa kontrolatzeari eta tokiko erakundeek enpresekin eta autonomoekin hartutako zorrak kitatzeari buruzkoa, eta enpresa-jarduera sustatzeari eta birgaitzea bultzatzeari buruzkoa eta sinplifikazio administratiboari buruzkoa–, zehazki 21. eta 22. artikuluetan; gaur egun, berriz, beharkizun hori eraikinen ebaluazio txosten bat edukitzean datza, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legeak hala eskatzen baitu.

2

Joan zen mendean, 60ko eta 70eko hamarkadetan, Nafarroan garapen industrial handi samarra gertatu zen, eta, horren ondorioz, populazio mugimendu handiak izan ziren, bai Foru Komunitatearen barruan bai beste autonomia erkidego batzuetatik Nafarroara ere. Egoera hark eraginda, etxebizitza asko eraiki behar izan ziren oso denbora laburrean, egungo araudiak egungo etxebizitzei kalitate, irisgarritasun eta eraginkortasun energetikoaren aldetik ezartzen dizkien eskakizunak kontuan hartu gabe.

Etxebizitza haiek berrogeita hamar urte bete dituzte, edo betetzear daude, eta, beraz, komeni da Eraikinen Ebaluazio Txostena ezartzea; txosten horrek ez du berez eraikinak zaharberritzera behartzen, baina ziurtatzen du guztiek betetzen dituztela gutxieneko baldintzak segurtasunari eta osasunari dagokienez, eta, horrekin batera, jabeak edo erabiltzaileak ohartarazten ditu eraikina azkar hondatzea ekar dezaketen egoerez.

Eraikinen Ebaluazio Txostenak agerian utziko du, kasu batzuetan, eraikina konpondu edo zaharberritu beharra dagoela, eta, horrexegatik, foru dekretu honek, gai batzuetan, ebaluazioa zaharberritze babestuarekin lotzen du.

Ebaluazio txostena izatera beharturik egon, baina egin gabe dutenean, eraikin eta etxebizitzek zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa hura aurkeztu gabe lortzea eragozten da; horrez gain, txostenak konponketak egitea eskatzen badu, zaharberritzeko proiektuan erantsi beharko dira, kalifikazioa jaso ahal izateko.

Arrazoia begi bistakoa da: ez litzateke inolaz ere ulertuko eraikin batean, erabilera egokirako nahitaezkoa den konponketa bat egin beharra atzeman denean ebaluazioaren ondorioz, ebaluazioan atzeman gabeko zaharberritze lanak egitea, are gehiago, laguntza publikoak jaso badira zaharberritzea egiteko.

Eraikinen Ebaluazio Txostena egiteko betebeharrak bizitza bat baino gehiago eta berrogeita hamar urtetik gora duten bizitegitarako eraikin guztiak hartzen ditu, eta tipologia horretan sartuko dira, halaber, pertsona talde batek, familia gunea osatu gabe, okupatu edo bizitzeko erabiltzeko direnak ere, zerbitzuak partekatzen eta denontzako araubide baten menpe, esate baterako, hotelak edo egoitzak. Horrenbestez, Eraikinen Ebaluazio Txostenaren xedea oso zabala da. Horrela, ebaluazioak aldi berean egin beharrak ekar ditzakeen zailtasunen aurrean, beharkizuna pixkanaka ezartzeko programa bat ezarri da foru dekretu honetan, ebaluazioa egin behar duten teknikariek eta gaiarekin zerikusia duten administrazioek arazorik izan ez dezaten.

Eraikinen Ebaluazio Txostenak funtsean bi kalifikazio emanen ditu eraikinei buruz: “gai” edo “ez gai”. Eraikinek “gai” kalifikazioa jasoko dute konpondu beharreko akatsik atzeman ez denean; nolanahi ere, “gai, akats arinekin” izeneko kasua ere onartzen da, hau da, berehala egin beharreko konponketa-lanik ez badago ere, ohartarazten zaie jabeei ebaluazio txostenaren indarraldian –hamar urte– eraikinean mantentze-lan batzuk egin beharko dituztela. Horrela, txosten horrek “gai” kalifikazioa ematen duenaren ondorio berdinak baditu ere, egin beharreko mantentze-lanez ohartarazten du eta gogorarazten; Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legeak indarra hartu aurrekoak izateagatik erabileraren eta mantentze-lanen gida-libururik ez duten eraikinetarako bereziki egokia da hala egitea.

Eraikinek “ez-gai” kalifikazioa jasoko dute oso akats larriak dituztenean –horien definizioa foru dekretuan jaso da–, edo, akatsak larriak izanik, horiek konpontzeko urtebetetik gorako ekintzak eta lanak beharrezkoak direnean. Zaharberritzea edo konponketak behin egin ondoren, Eraikinen Ebaluazio Txosten berri bat egin beharko da eraikinaz, oraingoan “gai” kalifikazioa lortzeko. Atzemandako akatsak larriak edo orokorrak direnean, erabiltzaile edo oinezkoentzako arriskurik eragin gabe halere, eta horiek konpontzeko lanak gehienez ere urtebetean egiteko modukoak badira, kalifikazioa “ez-gai, aldi baterako” izan daiteke. Lanak amaitu ondoren, ebaluazio berria jarduketaren xede diren elementuetara mugatu daiteke, eta horiek behar bezala egin direla egiaztatuko da, Eraikinen Ebaluazio Txosten berri oso bat egin beharrik gabe.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87.2 artikuluak ezartzen duenez, udalek eta, kasua bada, gainerako erakunde eskudunek aginduko dute, ofizioz edo interesdun batek eskatuta, eraikinek segurtasun, osasun, itxura publiko eta bizigarritasun baldintza egokiak izateko behar diren lanak egin daitezen, eta, horrekin batera, horretarako epea adieraziko dute; hortaz, eraikinaren jabeek ebaluazio txostena eskuratu ondoren, kasuan kasuko udalari igorriko diote, nahitaezko konponketak egin direla frogatzeko. Etxebizitzaren arloko departamentu eskudunak Eraikinen Ebaluazioen Erregistro Orokorra sortu eta kontserbatuko du, udal erregistro guztietarako oinarri gisa erabiliko dena eta udalei aukera emanen diena bakoitzaren mugapean egindako ebaluazioak kontrolatzeko eta eraikinen jabeei ebaluazioa egin dezatela eskatzeko, eskatu beharrekoetan. Ebaluazio txostenak erregistro orokor horretan inskribatzeko, baliabide telematikoak erabiliko dira soilik, ulertzen baita udalek badituztela inskripzio telematikoa erabiltzen aritzen diren eta horretarako gaitasun profesionala duten langileak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearekin bat. Arrazoi beragatik, teknikari eskudunek ere zeregin horretarako sortuko den aplikazio informatikoa erabiliz egin beharko dute txostena.

Etxebizitzen erosleek edo errentariek ebaluazio txostenaren kopia eska diezaiokete saltzaileari edo errentatzaileari, eraikinak txosten hori izan behar duen kasuan. Kopia ukatuz gero, eskatzaileak argibideak eska ditzake kasuan kasuko udaletxean edo etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuan.

3

Esandako guztia gauzatzeko bitartekoak izateko, foru dekretu hau hamahiru artikuluz, bi xedapen gehigarriz, bi xedapen iragankorrez eta hiru azken xedapenez osatutako lau kapitulutan garatzen da.

Horiek horrela, Sustapeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroaren 12ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

  1. kapitulua

    Xedapen orokorrak

    1. artikulua. Xedea.

      Honakoak dira foru dekretu honen xedeak:

    2. Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzea, Birgaitzeari eta hiri-berroneratze eta -berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legean ezarritako betebeharraren ondorioz egin behar dena, alegia.

    3. Etxebizitza-eraikinen parkearen kontserbazioari eta zaharberritzeari laguntzea, baita egungo hiri-bilbeen oneratzeari eta berritzeari ere, haien segurtasuna, osasuna eta irisgarritasuna bermatuz, erabiltzaileentzat arriskurik izan ez dadin, eraikinak, ahal den neurrian, ez hondatzeko, eta eraikinen eraginkortasun energetikoaren berri izateko.

    4. Nafarroako Foru Komunitatean nahitaezkoak diren ebaluazioen programa onestea.

    5. artikulua. Aplikazio eremua.

    6. Foru dekretu hau bizitegietarako eraikin kolektiboaren tipologia dutenei aplikatuko zaie, hau da, bizitza bat baino gehiago dutenei, eraikinean, horrekin batera, beste erabilera batzuk ere egon arren. Tipologia horretan sartuko dira, halaber, pertsona talde batek, familia osatu gabe, okupatu edo bizitzeko erabiltzeko direnak ere, zerbitzuak...

Para continuar leyendo

Solicita tu prueba

VLEX utiliza cookies de inicio de sesión para aportarte una mejor experiencia de navegación. Si haces click en 'Aceptar' o continúas navegando por esta web consideramos que aceptas nuestra política de cookies. ACEPTAR